Arantzazulab

Arantzazulab Gizarte Berrikuntza laborategia da, Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro eta Herritarren topagune dena.

Bizi dugun aldaketa sakoneko garaian, etorkizunaz, Euskal Herriaz eta euskal gizartearen erronken inguruan modu berritzailean hausnartzeko eta esperimentatzeko gizarte berrikuntza laborategia da Arantzazulab. Arantzazuko Gandiaga Topagunean kokatua (Oñati), Gobernantzaren Berrikuntzan erreferentzia zentro eta gizarte berrikuntzan katalizatzaile da.

Erronka konplexuen aurrean ezagutza berria, balio berriak eta egiteko modu berriak garatzeko ekintzak sustatuz eta dinamizatuz, 3 lan ildo nagusi ditu laborategiak: Ikerketa, Esperimentazioa eta Dibulgazioa.

Euskal Herriko erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea da Arantzazulab-en azken helburua.

Abiapuntua


Lurraldeko erreferentziazko eragileen adostasunetik eta lankidetzarako prestutasunetik abiatu zen laborategia, euskal gizarteari baliozko ekarpen bat egiteko erantzukizunetik.

Oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik abiatuta, euskal gizarteak, etorkizunean izango dituen erronka nagusiak herritarren inplikazio zuzenetik eztabaidatzeko,

Arantzazu Gaur Fundazioak Arantzazulab jarri zuen abian 2020ko urrian. Fundazioa Arantzazuko Frantziskotar Probintziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Korporazioak eta Kutxa Fundazioak osatzen dute.

  • Misioa:

Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko Euskal Herriko gunerik garrantzitsuena izatea, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena.

  • Bisioa:

Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, oparoagoa eta gizatiarragoa lortzeko erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea.

Gobernantzan eta Gizarte Berrikuntzan erreferentzia zentro

Arantzazulab Gobernantzan Erreferentzia zentro da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan.

Zer esan nahi du Gobernantzan Erreferentzia zentro izateak?

Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan, herritarrak eta erakundeen arteko gobernantza eredu berrien inguruan hausnartzeko, ikertzeko, esperimentatzeko, eta garatutako ezagutza hori Euskal Herriko erakundeen ekosistema ezberdinetan hedatzeko ardura duela Arantzazulab-ek.

Lankidetzazko Gobernantzaren inguruko ezagutza hori ikuspuntu teorikotik (ikerketatik, adituen parte-hartzetik), zein praktikotik (esperimentazioko ekimenetatik) garatzen du.

Gobernantza eredua

Arantzazulab Gobernantza Kolaboratiboaren ereduan oinarrituriko egitasmoa da, askotariko pertsona, eragile eta entitateen arteko lankidetzaren fruitua. Zuzendaritza Batzordeak gidatuta, eta Aholku Batzordearen laguntzarekin, laborategiak bide-orri estrategikoari ekin dio, espazio eta proposamen publiko-pribatu-sozial berritzailea garatzeko.

Zuzendaritza Batzordeko kideak:

Arantzazuko Frantziskotar Probintzia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, Mondragon Korporazioa eta Kutxa Fundazioa.

Aholku Batzordeko kideak:

Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Agirre Lehendakaria Center, Telesforo Monzon eLab eta Arantzazuko Adiskideak elkartea.

Marko estrategikoa

  • Zer egiten du laborategiak?

Ezagutza berria eta egiteko modu berriak garatzeko ekintzak sustatuz eta dinamizatuz gizarte berrikuntzan katalitzatzaile da laborategia. Gainera, Arantzazulab-ek bultzatzen duen gizarte berrikuntza kontzeptu batekin lotzen da: Lankidetzazko Gobernantzarekin.

Gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza modu berriak ezartzean oinarritzen da lankidetzazko gobernantza, agenda berri bati aurre egiteko. Agenda publikoan herritarren parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzen ditu Arantzazulab-ek. Euskal gizartearen beharrizanak ulertuz, herritarren inplikaziotik heldu nahi die gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta.

4 ardatz estrategiko ditu: Lankidetzazko Gobernantza; Ekosistemaren aktibazioa; Irekiera; Eduki berrien ikerketa, formakuntza eta sozializazioa.

Zein da laborategiaren azken helburua? Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea.

Nola lortuko du hori?

Hiru jarduera nagusi burutzen ditu Arantzazulab-ek: Ikerketa,Esperimentazioa eta Dibulgazioa.

-Ikerketa

Ikerketak, gogoetak eta hausnarketak leku garrantzitsua du Arantzazulab-en. Gaur inoiz baino gehiago, bizi dugun aldaketa sakoneko garaian, gizartean eta munduan gertatzen diren gertakari eta erronka ezberdinak interpretatu behar dira, guregana ekarriko duten eragina ikertu eta soluzioen inguruan ezagutza berria garatu behar da.

Ikerketan egitasmo esanguratsuak:

1. Ikerketa Elkargunea: ikerketa egiteko beste modu bat

Arantzazulab-ek ikerketa egiteko beste modu bat proposatzen die gure herriko unibertsitateei eta ezagutza eragileei. Ezagutza garatzeko Ikerketa Elkargunea abian jarri du, lankidetzan ikerketa kooperatiboa egiteko modu eta espazio berritzailea. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargunea izatea da Arantzazulab-en balio proposamena.

Hasieran lehenetsitako Ikerketa esparruak (2021-22): Demokrazia eta Lankidetzazko Gobernantza (Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua)

Unibertsitateak: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea.

2. Thinkers in Residence

Arantzazulab-en esparruan adituak diren nazioarteko ikerlariak eta profesionalak erakarri nahi ditu laborategiak, ezagutza berria garatzen laguntzeko. Beraien ikerketak hemen burutzea, haien jakintza gurean txertatzea eta laborategia munduko profesionalen sarearekin konektatzea du helburu programak. Lehen urtean “Garapen komunitario aurreratuen eta gobernantza-proiektu eraldatzaileen” inguruko ikerketa burutzen ari den eta esperientzia aurreratuak bilduko dituen ikerketa jarri da martxan, nazioarteko ikertzaile batekin programaren baitan.

3. Lurraldeko Lankidetzazko Gobernantzaren mapa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren baitan Arantzazulab-ek gidatutako egitasmoa da. Bere helburua da “Gipuzkoa lankidetzazko gobernantza bultzatzen ari diren erakunde eta proiektuen mapa bat osatzea, haien ibilbidea eta jarduera sakonean ulertu eta haien arteko saretze prozesuaren oinarriak jartzeko”. Bestela esanda, lankidetzazko gobernantza hedatzea eta ikaskuntza-ekosistema eta praktika komunitate berritzaile bat eraikitzea da azken helburua. Gipuzkoako erakunde publiko guztiekin eta eragile sare esanguratsuenekin elkarrizketak burutzen ari dira 2022. urtean.

-Esperimentazioa

Arantzazulab, gizarte berrikuntzako laborategia da. Eta laborategia den heinean, esperimentazioak ere aparteko lekua du bere jardunean. Esperimentazioa, “ezagutza berria eta egiteko modu berriak garatzeko ekintzak sustatu eta dinamizatzea” bezala definitu daiteke.

Modu berritzailean eta ikuspegi eraldatzailearekin esperimentatzeko zenbait ekimen esanguratsu:

1. Lankidetzazko Gobernantza praktikan: Tolosan deliberazio egitasmo ordezkatzailea

Arantzazulab, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin (ELGA/OCDE) elkarlanean, herritarrekin partaidetza prozesu berritzaileak sustatzen hasi da, demokrazia deliberatiboa tresna bezala erabilita. Ausaz aukeratutako herritarren arteko deliberazio publiko berritzailea da Tolosan abiatu dena (zozketa zibikoa, eztabaida informatua, erabakia/eragina). Elkarlan honen helburua eskala txikian esperimentatzen hastea da, egitasmo honetatik ikasteko, eta horrela, deliberazio prozesuak gure herrian zabaltzeko eta instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko eta ezagutza garatzeko.

2. Lankidetzazko Gobernantza praktikan: Klima batzarra

Klima batzarra landa eremua eta klima aldaketa uztartuko dituen herritarren deliberazio prozesua da. Gobernantza eredu berriak praktikara eramateko herritarren parte hartze prozesu berritzaile bat bezala ulertu behar da, demokrazia deliberatiboan oinarritzen dena.

Landa eremuaren papera balioan jarri nahi da aldaketa klimatikoaren aurrean, herritarrak trantsizio ekologikoaren elkarrizketan inplikatuz. Egitasmo honen sustatzaile nagusiak Arantzazulab eta TMeLab dira (Arantzazulab-en aholku batzordeko kidea dena), eta inplikatutako erakunde publikoa Gipuzkoako Foru Aldundia da.

3. Euskal Herriko Ko-sorkuntza eskosistema

Arantzazulab-ek abiatu duen esperimentazioa beste lan-ildo nagusi bat, Ko-sorkuntza ekosistema abian jartzea izan da.

Zer da Arantzazulab-en sustatzen den Ko-sorkuntza ekosistema? Ikaskuntzarako, elkar-ekintzarako eta esperimentaziorako elkargunea da, eta bere helburua bikoitza da:

  1. Euskal Herriko kosorkuntza guneak, ezagutza eta eragileak konektatzea.
  2. Esperimentatzeko espazioak dinamizatzea, sormena sustatzeko eta ezagutza berria sortzeko.

4. Esperimentazioko beste zenbait proiektu

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak lideratutako Deep Demo proiektuan ekarpena eta talde motorrean parte-hartzea.
  • Open Government Partnership (OGP) Euskadi, 4. konpromisoaren lantaldean parte-hartzea.
  • Unibertsitateetako ikasleekin erronka asteak.
  • Monitoring Evaluation Learning guidelines (EIT Climate-KIC) aditu taldean parte-hartzea.
  • Beste batzuk.

-Dibulgazioa

Ikerketaren zein esperimentazioaren bidez garatutako ezagutza gizarteratzea du helburu gizarte erronken ulermenean sakontzeko, ezagutza berria zabaltzeko eta herritarrei helarazteko.

Dibulgazio egitasmo nagusiak:

  • Formakuntza programetan eta Unibertsitate gradu zein master ezberdinetan heziketa programak eta lan saioak.
  • Gizarte Berrikuntzan Formakuntza exekutiborako Erasmus + programaren diseinua eta koordinazioa, Europako ondorengo lau unibertsitaterekin batera: Osloko VID unibertsitatea, Alemaniako Heilderberg eta Trier unibertsitateak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Agirre Lehendakaria Center (EHU/UPV).
  • Hainbat foro, jardunaldi eta kongresuetan aurkezpenak.

-Zeharkakoak / Euskarriak diren ekimenak

  • Saretzea eta elkarlana bultzatu.
  • Ebaluaketa & komunikazio ebolutiboa garatu.
  • Elkarlaneko gobernantza praktikatu.
  • Finantziazio iturri berriak esploratu.
  • Arantzazuko Ekosistema Kudeatu eta Ondarea Gizarteratu.

Lankidetza sarea

Saretzea

Etorkizuneko erronkei eta gizartearen beharrizanei modu kolektiboan erantzuten die Arantzazulab-ek. Entzute aktiboa, hausnarketa, elkarlana, elkar-ikaskuntza, sormena, ezagutza eta hezkuntza partekatua dira gizarte berrikuntzan jauzia arrakastaz egiteko giltzarriak. Orain, lehen bezala, erronka globalek erantzun kolektiboak izango dituzte.

Atxikimendu zabalak behar dira, egungo gizarte erronka handien aurrean herriak behar dituen erantzun handiak, indarrak batuta baino ez direlako etorriko. Eragile sare zabalarekin konfiantzazko harremanak sortzen, zubiak eraikitzen eta bertako zein nazioarteko espazio eta sareetan kokatzen hasi da laborategia.

Topagune 'neutral'

Euskal Herrian Arantzazuk izan duen tradizioari jarraipena emanez, Arantzazulab herritarren topagune izateko sortu zen, adostasun zabalen gune izateko, sentsibilitate eta ikuskera ezberdinak batzeko, gure herriko kultura politiko ezberdinekin lana egiteko, ikerketan zein esperimentazioan eragile ezberdinen elkargune izateko. Ahalegin berezia egin du laborategiak hori horrela izan dadin, eta arduraz hartu dugu gure “zubigile” eta katalizatzaile papera.

Abiatu zenetik gaurdaino, Arantzazulab hasi da bere lehen aztarna bide horretan uzten. Eragile ezberdinek goraipatu dute laborategiaren ekarpena zentzu horretan: Arantzazulab “topagune neutral” bezala ikusten duten eragile eta herritar asko dira, idatziz zein ahoz hala adierazitakoak. Eragile ezberdinen arteko elkarlana ardatz, hausnarketa askerako topagune eta esperimentazio berritzailerako babes gune izaten jarraitzeko indarra baino ez dio ematen horrek. Hori garaipen txiki bat bada, eta Arantzazulab-en egitekoari zentzu osoa ematen dio.


[1] “Guri buruz – Laborategia”. Arantzazulab. Noiz kontsultatua: 2021-09-15

[2] “Ohiko galderak”. Arantzazulab. Noiz kontsultatua: 2021-09-15

[3] “Arantzazulab”. Gipuzkoako Foru Aldundia. Noiz kontsultatua: 2021-09-15

[4] “Arantzazulab”. Gipuzkoako Foru Aldundia. Noiz kontsultatua: 2021-09-15

[5] “Lan eremuak”. Arantzazulab. Noiz kontsultatua: 2021-09-15

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.