Arantzazuko santutegia
Arantzazuko santutegia edo basilika Oñatin (Gipuzkoa) kokatuta dagoen monasterio frantziskotarra da, izen bereko auzoan. Hiru Tenpluen Ibilbideko elizetako bat da. Bertan Arantzazuko Ama Birjina gurtzen da, 1468 urtean Errodrigo Baltzategi artzainari elorri batean (arantzetan) Ama Birjinaren irudi bat aurkitu baitzuen. Irailaren 9an ospatzen da bertako jaiegun nagusia.
- Arantzazu terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Arantzazu (argipena)»
Arantzazuko santutegia | |
---|---|
Arantzazuko santutegiaren irudia. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Oñati |
Koordenatuak | 42°58′44″N 2°23′55″W |
Altitudea | 750 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1950 |
Izenaren jatorria | Arantzazuko Ama Birjina |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Donostiako elizbarrutia |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Francisco Javier Saenz de Oiza Luis Laorga |
Ondarea | |
7 | |
Webgune ofiziala | |
Ingurunea
Oñatiko mendietan dago Arantzazuko santutegia. Harkaitzez eta amildegiz beteriko ingurune oso basatian dago eraikia, itsaso gainetik 700 metroko altueran. Iparraldean Gipuzkoako gailurrik garaiena den Aizkorri dauka, eta santutegia bera Aloñako mendi-hegian dago kokatua.
- Eraikina.
- Santutegiko dorrea.
- Fatxada nagusia.
Historia
Herri-kondairak dioenez, Errodrigo Baltzategi artzain gazteak, 1468. urtean elorri zuri baten gainean zegoen Ama Birjinaren irudi bat aurkitu zuen toki horretan. Ama Birjinaren harrizko irudiak 36 cm-ko garaiera du; erreginaz jantzirik eta eserita dagoen dama bat irudikatzen du, eta ezkerreko belaunaren gainean Jesus Haurra du biluzik. Irudiaren aurkikuntzaren berri zabaldu ahala, erromesak iristen hasi ziren, eta kapera bat eraiki zuten laster toki hartan. 1514. urteaz geroztik, frantziskotarrek zaintzen dute Arantzazuko santutegia. Hasierako kapera xume horretatik gaur arte aldatuz eta hedatuz joan da eraikina. Suteen ondorioz, santutegia hiru aldiz eraiki behar izan da. 1553. urtean gertatu zen lehenengo sutea, 1622. urtean bigarrena, eta azkena eta okerrena Lehen Karlistaldian izan zen, 1834ko abuztuaren 18an, Rodil jeneral liberalaren aginduz. Birrinduta geratu zen Arantzazu hamaika urtez.
1845. urtean, hala ere, berriro eraikitzeko lanak hasi eta 1846. urteko azaroaren 19an Oñatin jasoa zegoen Ama Birjinaren irudia berriro santutegira eraman zuten. Fraideek 1878. urtetik aurrera eraikin berri bat egiteari ekin zioten, eta ordutik aurrera santutegiaren ospea eta garrantzia areagotzeko lan egin zuten etengabe. 1918. urtean, bestalde, aita santuak Arantzazuko Ama Birjina Gipuzkoako zaindari izenda zezan lortu zuten.
Ukaezina da Arantzazuk Euskal Herri osoko bizitza erlijioso eta kulturalean izan duen eragina. Gerra zibilaren ondoren, santutegia hobetu eta edertzeko asmoz, fraideek basilika berri baten beharra ikusten zuten, eta, horretarako, arkitektura-lehiaketa bat prestatu zuten. 1952rako, Arantzazu artelan baten gisa berritzeko talde hautatua zuten: Carlos Pascual de Lara (horma-irudiak, hura hil ondoren Lucio Muñozek amaituak) eta Nestor Basterretxea (kriptan); haiei elkartu zitzaizkien Eduardo Txillida (atariko lanak), Xabier Álvarez de Eulate (beirateak) eta Xabier Egaña (Andre Mariaren Gelatxoko margolanak), baita Jorge Oteiza ere.[1]
1953an, aldiz, auzitan jartzen hasi ziren berritze-lanak, eta Donostian eratutako arte sakratuko batzorde batek Vatikanoko agintariei kontsulta egin zien, eta horrek erabaki hura ezin zela arte erlijiosotzat jo; ondorioz, obra gelditu egin zen, Oteizaren apostoluak, erdi landuak edo harri blokeetan, errepide bazterrean geratu ziren utzita, 1968 arte.[1]
Musika artxiboa
Arantzazuko santutegiak artxibategi garrantzitsu bat du, eta bertan XV. eta XX. mendeen arteko dokumentu ugari daude. Antzinako musikaren artxiboa guztiz aberatsa da, eta Jon Bagüesek katalogatu zuen 2004an. Musika Kaperak inportantzia handia izan zuen Euskal Herrian XVIII. mendean, eta katalogatuta lanen artean Miguel de Irizar (1635-1684), Manuel Egués (1654-), Antonio de Arriola (1679-1730), Andrés de Escaregui (1711-1773), Francisco Ibarzabal (1716-), Manuel de Gamarra (1723-1791), José de Larrañaga (1728-1806), Fernando de Eguiguren y Escaregui (1743-), Juan José de Arce (1748-1777), Manuel Sostoa (1749-),Joaquín Tadeo de Murguía (1759-1836), Miguel Antonio Iribarren (1760-), Mateo Albéniz (1765-1831) eta Venancio Herrasti (1812-1887) kapera maisu eta musikagilerenak daude.
Musika Modernoaren artxiboa Samuel Azconak (Madril) abiatu zuen, Juan Jose Muniain eta beste fraide batzuen laguntzarekin. Arantzazun, 1834tik aurrera bildutako 23.000 fitxatik gora daude bilduta, santutegian musikak daukan garrantzia erakusten duena.[2]
Euskara batua
Euskararen historian ere, Arantzazuko santutegiak badu garrantzia: 1968an, Arantzazuko Batzarrean deiturikoan, euskara batuaren sorrera abiatu zen, euskara guztien eredu idatzi bateratua izango zena.
Arantzazu gaur egun
Duela zenbait urtetik hona, Arantzazu, gune erlijioso izateaz gainera, bestelako ekimen askoren sorlekua ere izan da. Besteak beste Baketik taldearen gunea da, Euskal Herrian bakea lortzearen alde lan egiten duen erakundea, hain zuzen. Talde horrek ikastaroak, mintegiak... antolatzen ditu Gandiaga Topagunean.
2022 hasieran, 22 fraide frantziskotar bizi ziren bertan, horietatik lau 65 urtetik beherakoak izaki[3].
Egungo basilika
Lehiaketa horren irabazle Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoak izan ziren. Haiekin batera, beste hainbat artistak parte hartu zuten:
- Lucio Muñoz: absideko horma-irudia (erretaula).
- Jorge Oteiza: lan eskultorikoa (Arantzazuko Apostoluen Frisoa)
- Eduardo Txillida: sarrera nagusiko ateak.
- Nestor Basterretxea: kriptako margoak.
- Xabier Alvarez de Eulate: beirateak.
- Sarrerako ateak, Eduardo Txillida
- Kriptako margoak, Nestor Basterretxea
Eraikuntza-lanak 1950. urteko irailaren 9an hasi ziren, eta hiru urte geroago bukatu. Elizaren oina gurutze-formakoa da, eta absidea erdizirkularra. Nabe zabalaren alboetan kaperak dauzka, eta kanpoaldean hiru dorre altxatzen dira. 1954. urtean, Oteiza eskultorea apostoluak egiten hasi zen, eta Basterretxea pintoreak kriptako horma-irudiak egiteari ekin zion. Esan beharra dago garai horretan Espainiako Elizan “nazionalkatolizismoaren” giroa puri-purian zegoela eta, beraz, zaila zela artistek beren sormenerako nahi zuten askatasuna lortzea. Artistek urtebete lanean zeramatela, agintariek lanak etetea agindu zuten, obra modernoegia zelako edo. Agindu horren ondorioz, Oteizaren apostoluak 15 urtez egon ziren bide bazterrean etzanda. Basterretxearen pintura-lana karez estali zuten. 1962. urtean, Lucio Muñoz pintore madrildarrak 600 metro koadroko azalera duten absideko pinturak egin zituen. Azkenik, 1968. urtean, Oteizak bere lanari buru emateko baimena lortu zuen. 1950ean, eztabaidak tartean zirela, eliza garaikide berria eraikitzea erabaki zuten. Francisco Javier Saenz de Oiza nafarra izan zen basilikaren arkitektoa, eta berarekin batera Luis Laorga.[4]
Euskal Herriko XX. mendearen erdialdeko lan arkitektoniko-artistiko osoena dela esan daiteke.
Arantzazuko Ama Birjinaren ereserkia
Igandero, basilikako meza amaieran abesten den Arantzazuko Ama Birjinaren omenezko ereserkia da.
Iruditegia
Arantzazuko Ama Birjinaren Santutegiko zenbait ikuspegi. Obra honetan eklektizismoaren eraginetik aldentzeko asmoa nabarmentzen den arren, antolaketa eliza tradizionalaren oinarrizko eskemaren arabera egina da, forma eta materialei dagokienez zenbait berezitasun ikus daitekeen arren.
- Ikuspegia.
- Dorrea.
- Barnealdea.
- Absidearen apainduria, Lucio Muñozen erretaula.
- Arantzazuko Ama eta zintzarria.
- Kristo berpiztua. Kriptan dagoen aldareko horma. Nestor Basterretxearen margolana.
- Arantzazuko eraikin-multzoa.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-09-20). «ARANTZAZU, DE OBRA MALDITA A ESTANDARTE DEL ARTE MODERNO» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- Antzinako Musikaren eta Musika Modernoaren Artxiboa.
- (Gaztelaniaz) Guillenea, Javier. (2022). «En el corazón de Arantzazu» El Diario Vasco.
- «Arantzazuko Santutegiko Arkitektura» www.arantzazu.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-17).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
- (Gaztelaniaz) Arantzazuko Santutegiaren gune ofiziala
- (Gaztelaniaz) Hiru Tenpluen Ibilbidearen gunea
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez) Baketik, gatazken lantze etikorako bake zentroa, Arantzazun