Arantza Ruiz
Arantza Ruiz Miguélez (Zalla, Bizkaia, 1976) bizkaitar kazetaria eta telebista aurkezlea da.[1] Hamasei urtez Radio Euskadiko langilea izandakoa, 2015etik 2021era hainbat saiotako aurkezlea izan zen ETB2n, besteak beste La noche en jake eztabaida saioarena eta Qué me estás contando arratsaldeko magazinarena. 2021eko otsailean EITBko albistegien zuzendari orokorra izango zela iragarri zen.[2]
Arantza Ruiz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Arantza Ruiz Miguélez |
Jaiotza | Zalla, 1976 (47/48 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, telebista aurkezlea eta irrati-esataria |
Enplegatzailea(k) | EITB |
Ibilbidea
Hamasei urtez Radio Euskadin aritu zen, 1999an bekadun hasi zenetik 2015era arte. Ibilbide horretan emisorako albistegi nagusiak gidatu zituen, besteak beste Boulevard, Ganbara eta Crónica de Euskadi saioak.[3] 2015ean Radio Euskaditik kaleratua izan zen, eta telebistan lanean hasi zen.[4]
2015etik 2016ra En Jake saioko aurkezlea izan zen ETB2n, Xabier Lapitzekin batera, eta 2016ko udan Teleberri albistegiaren asteburuko edizioan ordezko aurkezle lanak egin zituen.[5] 2016-2017 denboraldian La noche en jake eztabaida saioa ere aurkeztu zuen.[6] 2017ko udan La Imagen de Mi Vida programa aurkeztu zuen.[7] 2017-2018 denboraldian 7 Días eztabaida saioa gidatu zuen, Estibaliz Ruiz de Azuarekin batera. 2018tik 2019ra 360º markapean bi eztabaida saio aurkeztu zituen, Tú decides eta Punto de vista.[8] 2019ko irailean Qué me estás contando arratsaldeko magazin saioa aurkezten hasi zen.[9][10] 2020ko irailean hasi zen denboraldian ere aurkezle lanak egin zituen, 2021eko otsailera arte. Telebistako aurkezle lanetan zebilela aktualitate edo elkarrizketa saio bereziak aurkeztu zituen, eta berriemaile berezi gisa ere jardun zuen.[11]
2021eko otsailean EITBren administrazio kontseiluak organigrama berria iragarri zuen, hainbat izendapen aditzera emanda. Horien artean, Arantza Ruiz EITBko albistegien zuzendari orokorra izango zela jakinarazi zen. Postu berria da, eta EITB taldeko hedabide guztien ardura izango du.[12]
Bizitza pertsonala
Zallan jaioa izan arren, Gueñesen bizi da.[13] Ezkonduta dago eta bi semeren ama da.[5]
Lanak
Telebista saioak
Urtea | Izenburua | Katea | Oharrak |
---|---|---|---|
2015-2016 | En Jake | ETB2 | Aurkezlea |
2016 | Teleberri | ETB2 | Udako ordezkapena |
2016-2017 | La noche en jake | ETB2 | Aurkezlea |
2017 | La Imagen de Mi Vida | ETB2 | Aurkezlea |
2017-2018 | 7 Días | ETB2 | Aurkezlea eta zuzendaria |
2018 | 360º Tú decides | ETB2 | Aurkezlea |
2018-2019 | 360º Punto de vista | ETB2 | Aurkezlea |
2019-2021 | Qué me estás contando | ETB2 | Aurkezlea |
Irratsaioak
Urtea | Izenburua | Emisora | Oharrak |
---|---|---|---|
2004-? | Boulevard | Radio Euskadi | Esataria / editorea |
?-2009 | Ganbara | Radio Euskadi | Esataria / editorea |
2010-2015 | Crónica de Euskadi | Radio Euskadi | Esataria / editorea |
Erreferentziak
- Urkizu, Urtzi. (2016ko azaroaren 23a). «Arantza Ruiz. ETB2ko 'La noche en jake' saioko aurkezlea» Berria (Noiz kontsultatua: 2019ko abenduaren 18a).
- «Transformazioa eta zeharkakotasuna, EITBko Zuzendaritzako izendapenen bereizgarri» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- (Gaztelaniaz) «La periodista Adela González regresa a la televisión tras la muerte de su hija» abc 2020-08-11 (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- (Gaztelaniaz) «De ser despedido en un ERE de EITB a presentar el 'debate decisivo'» El Correo 2016-09-17 (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- (Gaztelaniaz) Lakunza, Rosana. «“La información política es un espacio en el que me siento muy cómoda, la disfruto”» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- Urkizu, Urtzi. ««Gure saioan, behintzat, astero entzuten dira ikuspuntu guztiak»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- (Gaztelaniaz) «ETB2 estrena, esta noche, 'La Imagen de Mi Vida'» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- «Bikotekidea topatzeko modu berriak, gaur gauean, '360º Punto de Vista' saioan» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- (Gaztelaniaz) Peña, Merche. «Cambios en las tardes de ETB 2 en septiembre» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- «ETB2ko arratsaldeetako programazio berria abian da» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- Berria. «Iñigo Urkulluri elkarrizketa bihar, ETB2 katean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- Urkizu, Urtzi. «Unai Iparragirre izango da ETBko zuzendaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
- «Puntua 152 (2018-06-01) - Prentsa - Goiena.eus» goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-26).