Arantxa Madariaga Iragorri
Arantxa Iragorri Madariaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1946ko otsailaren 21a) irakaslea eta euskaltzalea da. Ikastola munduari lotua bokazioz. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako lehen irakaslea izan zen, Ines Olaziregirekin batera.
Arantxa Madariaga Iragorri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Tolosa, 1946ko otsailaren 21a (78 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Ama | Frantxiska Iragorri |
Anai-arrebak | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Mondragon Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Biografia
Familia abertzalean jaioa da. Ama Oiartzungo Garmendi baserriko Frantxiska Iragorri Iriarte izan zen. Aita, berriz, Arratia bailarako Areatzako Daniel Madariaga Sagarna. Bost senideetan zaharrena da. Haren anai-arrebak dira: Izaskun, Begoña, Xabier eta Ixiar.
Haurtzaroa
Tolosan jaio bazen ere, Galdakaoko Bengoetxe auzoan eman zuen haurtzaro garaia. Izan ere, haren aitaren lantokia itxi egin zuten eta, gainera, familia etxegabetu egin zuten. Eskolako lehen urratsak bertan eman zituen, gaur egun hostalaritza eskola dagoen eremuan.
Bilboaldean kokaturiko herriko eskola oso frankista zen. Garai hartako pedagogia oso atzerakoia zen. Bi irakasle izan zituen: Maria Teresa Arenal eta Filomena Sainz. Eskolan erdara zen nagusi eta sartu orduko abesti frankistak kantatu behar zituzten.
Oiartzun bizileku berria
Hamabi urte zituela, Arantxaren familiak bizilekua aldatu zuen eta amaren jaioterrira itzuli ziren. Geroztik, Aiako Harriaren magalean eman du bizitza osoa, lehendabizi Garmendi baserrian, Kabialai etxean gero.
Beko Plazan zegoen eskolan bukatu zituen oinarrizko ikasketak, Maria Angeles Esnaola Bidaurreta irakasle zuelarik. Euskaldun petoa eta abertzalea, familian frankismoaren jazarpena sufritutakoa zen. Hari esker, Arantxak beste eskola mota bat ezagutzeko aukera izan zuen.
Ikasketak
Ikastolen Elkarteak eratutako magisteritza plan bereziaren barruan egin zituen Magisteritza ikasketak.
Lan ibilbidea
Hamabost urterekin Donostiako Orly kafetegian hasi zen lanean, kutxazain moduan. Bi urtez lan egin ondoren, gaixotu zen nefritis gaitzarekin eta bi urte igaro zituen etxean, sendatzen.
Gero, 21 urtez hasi zen Haurtzaro Ikastolan lanean,[1] Ines Olaziregirekin batera.[2] Ordurako Yon Oñatibiarekin euskara alfabetatzeko klaseetara joaten zen eta hark proposatuta ekin zion lanbide berriari. Errenterian, Orereta Ikastola martxan zegoen eta han burutu zituen lehen praktikak Arantxa Idiazabal irakaslearekin. Harekin, eskolak emateko eta haurrak ikusteko modu berritzailea ezagutu zituen. Ikasitakoa, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako lehen andereñoa izan zenean, Ines Olaziregirekin batera, praktikan jarri zuen.
Hemezortzi ikaslerekin hasi zen lanean 1967an, gaur egungo Haurtzaro Ttiki dagoen geletan, hiru-lau-bost urte bitarteko haurrekin. Hain zuzen ere, lehen klasea 1967ko urriaren 16an eman zuten Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi bi andereñoek.
Horixe izan zen Haurtzaro Ikastolaren sorrera. Kontuan izan behar da, garai hartan, herriko gainerako ikastetxe guztiek gaztelaniaz soilik ematen zituztela eskolak eta hezkuntza oso zuzendua eta tradizionala zela.
Gaur egungo eraikuntzara iritsi arte bide luzea egin behar izan zuten eta makina bat lekutatik pasatu ziren. Esate baterako, Arantxaren gela bat Elordi dendaren aurreko lokalean kokatu zen.
Hurrengo urteetan, ikastola hazten zihoan heinean, herriko eskola euskara sartzen hasi zen, pixkanaka. Lehenik, A eredukoak ziren eskola guztietan zenbait talde B eredura pasa zituzten. Ondoren, D eredua zabaltzen hasi zen, gaur egun gure eskolek egiten duten eskaintza lortu arte.
Ikastolaren sorrerako urteak
Garai haietako oroimenak oso hunkigarriak dira. Herriko talde euskaltzale bat bildu ondoren, inguruko herrietan bezala Oiartzunen ere ikastola baten beharra ikusi zuten eta lan horri ekin zion. Izugarria izan zen garai hartako guraso talde baten parte hartzea eta batez ere irakasleengan jarritako konfiantza, izan ere inor gutxik zekien hemezortzi ikaslerekin abiatutako proiektua gero 900 ikasleko ikastetxea izango zela.
Arantxa berehala identifikatu zen proiektuarekin eta buru-belarri lan egin zuen aurrera ateratzeko. Ikastola izatearen arrisku eta zailtasun handiak jasatea tokatu zitzaion. Legalizazioaren gaia mahai gainean beti eta ikuskarien arakatze zorrotza, tartean titulurik gabeko andereñoak zeudelako. Aldi berean, idealismoz betetako garaia modura gogoratzen du ikastolako hasiera. Garai hartakoak dira xanistebanetan antolatzen ziren tabernak, tonbolak… dirua biltzeko. Hortaz, soldatak eta sartu beharreko lanorduak bigarren mailan geratzen ziren, proiektuari lehentasuna ematearekin. Guraso eskuzabal tematiak izan zituzten, ikastola sortu eta aurrera ateratzeko inplikatu zirenak.[3]
Ibilbide profesional guztian, Oiartzungo 400 haur[4] inguru izan ditu Arantxak Haurtzaro Ikastolan. Horietako batzuk gainera bere lankideak izan dira, eta horrek ilusio eta poza handia ematen dio.
Bere bizitza profesional osoa Haurtzaro Ikastolaren zerbitzuan eman ondoren, gaur egun erretiratuta dago.
Esker oneko taupadak
2007-08 ikasturtearen hasieran, bihotza, emozioak, izan ziren protagonista Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren ekitaldian, klandestinitatean lan egin zuten andereñoei eta ikastoletako gainerako langileei egindako omenaldian. Herritarren eta erakundeen babesa sentitu zuten Frankismo garaian ikastoletan lanean aritutakoek. Itzalpeko urte haietan lan egin zuten irakasleak eta langileak igo ziren oholtzara, dantzariek egindako arku baten azpitik, bildutakoen txalo artean. Oholtza gainean bertsotan gogoratu zuten egindako lan nekeza eta eskertu zuten omenaldia.
Haurtzaro ikastolatik hiru andereño igo ziren oholtzara, hasierako haietako hiru andereño: Arantza Madariaga, Ines Olaziregi eta Izaskun Zubeldia. Haurtzaro Ikastolak ere omenaldi horrekin bat egin zuen.[5]
Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrena
2016-17 ikasturtean, Haurtzaro Ikastolak 50. urteurrena ospatu zuen. Izan ere, Oiartzungo Ikastola 16 familia eta bi andereño horien borondate eta ausardiari esker sortu bazen ere, urteetan Oiartzungo familia gehienen txikitako etxe izan da. Ikastolako ibilbidea guraso guztien borondate, hainbat herritarren diru-ekarpen, irakasleen inplikazio eta erakundeen laguntzari esker gauzatu da. 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ziren Oiartzunen eta, besteak beste, 2016ko xanistebanetan Festa Batzordeak erabaki zuen hasierako suziria Ikastolako ordezkariek botatzea, 2016ko abuztuaren 2an udaletxeko balkoitik, plaza bete zuten lagunen gozamenerako. Udalbatza eta Festa Batzordeko kideak inguruan zituztela, Haurtzaroko kide hauek zeuden balkoian: gurasoen aldetik, Asier Bergaretexe Gezala lehendakaria eta Roman Irigoien Aranberri lehendakari ohia; langileen esparrua, haserako irakaslea Arantxa Madariaga Iragorrik[6] eta egungo irakaslea Lide Martiarena Labandibarrek ordezkatu zuten; eta ikasleen aldetik, Uxue Sevillano Arbelaitz eta Oroitz Sein Lasa.
Oiartzun parrokiako Osasun Pastoraltza
Oiartzungo parrokiako Osasun Pastoraltzako[7] kidea izan da Arantxa Madariaga. Talde partaide moduan, Petra Lekuona zaharren egoitzako egoiliarrei bisita egiten izan diete, beren egonaldia goxatze aldera. Txaro Cerezo, Milagros Garaño, Pili Gerendiain, Begoña Goñi, Arantxa Madariaga, Maite Sarasti, Kontxi Erize eta Koro Labandibarrek osatu izan dute taldea. Azkeneko biak izan ziren taldearen sorreran, 1997an.
Osasun Pastoraltza eliza katolikoaren barruko mugimendu sozialaren adarretako bat da, Caritas eta Espetxe Pastoraltzarekin batera. Normalean, beste toki batzuetan, gaixotasunen bat dutenen etxeetara joaten dira bisitan, baina oiartzuarrak Petra Lekuona zaharren egoitzara joan izan.
Bingoa ez ezik, beste hainbat jarduera egiten dituzte Urkabe mendiaren magalean. Adibidez, festak ospatu: danborrada, inauteritan ere joaten dira, sanferminak ospatzen dituzte, Santa Agedako koplak… Aiton-amonen Astea ere ospatzen dute, urtero.
COVID-19ak sorturiko pandemia geroztik, taldea hamabostetik behin joaten da Petra Lekuona egoitzako egoiliarrei bisita egitera, baita Altzibar auzoko Aiton-Etxera, hilean behin.
2018ko Xanistebanetan, Kultur ekitaldian Osasun Pastoraltzako taldeak Oiartzungo Udalaren aitortza jaso zuen.[8] Udalak taldeak isil-isilik egiten duen lana goraipatu zuen, beste batzuen bizitza eramangarriagoa izan dadin.
Elkarrizketak
Erreferentziak
- "Arantxa Madariaga, 25 urte irakasle". Oiartzungo Udala, 62-64 or..
- (Gaztelaniaz) «50. urteurrenaren karietara, ospakizun nagusia gaur Haurtzaro Ikastolaren eskutik» El Diario Vasco 2016-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- «Haurtzaro ikastola. Oiartzun - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
- «Arantxa Madariaga Iragorri izan dugu... - Oiartzun Irratia» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- Ikastola, Haurtzaro Ikastola. (2007). «Esker oneko taupadak» Txinpart (Oiartzun: Haurtzaro Ikastola) 39: 40. ISSN SS-129/2001..
- (Gaztelaniaz) «Oiartzuarrak, xanisteban festetan murgilduta» El Diario Vasco 2016-08-02 (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- Erik, Gartzia(e)ko. (2018-09-21). «Osasun Pastoraltza, bizipoza banatzen» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- «Facebook-en saioa hasi» Facebook (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
- Udala, Oiartzun. (1993). «Arantxa Madariaga, 25 urte irakasle» Urtekaria (Donostia: Oiartzungo Udala) 23: 62-64..
- Ikerne, Zarate(e)ko. (2016-10-28). «Mende erdia euskaraz hezten» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
Kanpo estekak
- Ikastolen sorrera dokumentua. Ikus-entzunezko honetan euskarak eta euskal kulturak frankismoaren garaian bizi izandako jazarpena azaltzen da. «‘Jazarpen kulturala frankismoaren garaian. Ikastolen sorrera’ dokumentala | Ikastolen Elkartea» ikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).