Aranera
Aranera[1] okzitanieraren dialektoa den gaskoiaren aldaera bat da. Arango haranean (Katalunia) mintzatzen da. 2006ko abuztuaren 9tik —lege bidez 2010ean egikaritua— Kataluniako autonomia erkidego osoan hizkuntza ofizial izaera du, katalana eta gaztelaniarekin batera, Kataluniako estatutu berrian hala jasota.[2] 1984an aranera Arango haraneko hezkuntza sisteman erabiltzeko hizkuntza izendatu zen.
Aranera | |
---|---|
Aranés | |
Aranera hitz egiten den eremua biribil gorriz adierazita. | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Katalunia |
Hiztunak | 4.700 |
Rankinga | Ez 100 mintzatuenen artean |
Ofizialtasuna | Katalunia |
Eskualdea | Arango harana |
Araugilea | Conselh Generau d'Aran |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak hizkuntza italikoak hizkuntza erromantzeak italo-mendebaldeko hizkuntzak mendebaldeko hizkuntza erromantzeak hizkuntza galo-iberiarrak hizkuntza galo-erromantzeak Hizkuntza okzitaniar-erromantzeak okzitaniera gaskoi | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | subjektu aditza objektua eta silabadun hizkuntza |
Alfabetoa | latindar alfabetoa |
Hizkuntza kodeak | |
Glottolog | aran1260 |
Linguasphere | 51-AAA-ff |
IETF | oc-aranes |
Arautzea
Aranerak berezko idaztarauak ditu, eta gaskoiaren gainerako aldaeretatik bereizita dago, berezko dituen ezaugarriak kontuan hartzen dira idazteko garaian. Adibidez, emakumezkoentzako pluralak -es bukaera da (es hemnes araneses, 'emakume arandarrak'), gizonentzako pluralen -i (es aranesi) eta artikulu piriniotarrak (eth, era, es).
Inguruko hizkuntzen eragina
Aranerak inguruko hizkuntza ofizialen eragina jaso du historikoki (gaztelaniarena lehendabizi, katalanarena ondoren), eta egun gaskoitik bereizten dituen ezaugarriak ditu. Horrela, azken hamarkadetan neologismo "hispaniar" ugari gehitu zaizkio araneraren lexikoari. Esaterako, actuar (okzitanierazko "agir"-en ordez), empresa (vs. "entrepresa"), foment, impartir, increment (vs. "aumentacion"), laborau, matrícula (vs. "inscripcion"), oficina (vs. "burèu"), etab.
Erabilera
Kopuruak | Ehunekoak | |
---|---|---|
Ulertzen dute | 6.712 | %88,88 |
Hitz egiteko gai dira | 4.700 | %62,24 |
Irakurtzeko gai dira | 4.413 | %58,44 |
Idazteko gai dira | 2.016 | %26,69 |
Iturria: IDESCAT, 2001eko hizkuntz neurketa |
Ekimenak
2019an Corsa Aran per sa lengua izeneko lasterketa aldarrikatzailearen 26. edizioa ospatu zuten, Korrikaren ereduari jarraituz.[3] Hurrengo urtean, COVID-19 zela eta, bertan behera gelditu zen.
Erreferentziak
- 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
- (Katalanez) El Parlament aprova la llei de l'occità. Vilaweb (Noiz kontsultatua: 2011-09-08).
- https://web.archive.org/web/20210511220422/https://aranes.org/aran-tot-es-prest-per-la-26a-corsa-per-la-lenga/
Kanpo-estekak
- (Okzitanieraz) Aranerari buruzko ikastaro eta loturak
- (Okzitanieraz) Aranes.org webgunea
- (Okzitanieraz) Araneraren idaztarauak