Aran Goyoaga

Arantzazu Goyoaga Ayarza (Zornotza, Bizkaia, 1974ko otsailaren 17a) euskal estilista gastronomiko, argazkilari eta idazlea da.

Aran Goyoaga
Bizitza
JaiotzaZornotza, 1974ko otsailaren 17a (50 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta estilista gastronomikoa
Lantokia(k)Seattle

arangoyoaga.com
Twitter: CannelleVanille Instagram: cannellevanille Edit the value on Wikidata

1998az geroztik AEBn bizi da, azken urteetan Seattle-n, Washington. Argazkien eta bideo-irudien bidez eraikitako istorioak erabiliz, janariaren, egunerokotasunaren eta komunitatearen arteko harreman emozionala aztertzen eta erakusten du. Milaka jarraitzaile dituen Cannelle et Vanille blog gastronomikoaren egilea da, eta estilismo gastronomikoari eta argazkilaritzari buruzko ikastaroak ematen ditu nazioartean.

2012an Small Plates & Sweet Treats: My Family’s Journey to Gluten-Free Cooking sukaldaritza-liburua argitaratu zuen, eta 2016tik A cook's remedy: video series ikus-entzunezko proiektuan dabil lanean.

Ibilbide profesionala

Arantzazu Goyoaga Ayarza 1974ko otsailaren 17an jaio zen, Zornotzan (Bizkaia). Amaren aldeko aitita-amamek gozotegi bat zeukaten bere etxe ondoan, oraindik ere Ayarza familiak gobernatzen duena; Nekane amak ere han lan egiten zuenez, haurtzaroaren zati handi bat gozotegiko sukaldean sartuta igaro zuen, ezarian-ezarian gozogintzaren nondik norakoak ikasten eta helduaroan bere lanaren inspirazio-iturri izan ziren usainak barneratzen. Txomin aita, berriz, ingeniaria izan da ogibidez, baina artista bihotzez; estudio bat dauka etxean, eta Aran Goyoagak hantxe kokatzen du beti aita umetako oroitzapenetan, Euskal Herriko landa-paisaiak eta senideen eta ingurukoen erretratuak pintatzen; hortik datorkio, Goyoagak dioenez, artearekiko, argiarekiko, koloreekiko eta testurarekiko jaidura eta jakin-mina.[1]

Euskal Herrian Ekonomia Ikasketak egin ostean, 1998an AEBra joan zen bizitzera, Colorado estatuko Denver hiriburura. Lau urtez negozioen munduan lan egin ondoren, 2002an Floridara aldatu eta West Palm Beach-eko Florida Culinary Institute sukaldaritza-eskolan izena eman zuen.[1] Gozogintzako ikasketak amaituta, 2003 eta 2006 bitartean Floridako hainbat jatetxe eta hotel ezagunetan lan egin zuen; besteak beste, Ritz-Carlton Hoteleko gozogintza-burua izan zen.[2][3]

2008an Cannelle et Vanille bloga abiatu zuen, sukaldean sortu eta ondutako errezetak sarearen bidez zabaltzeko asmoarekin.[4] Sukaldaritzan begiak duen garrantziaz jakitun, argazkigintzan eta estilismo gastronomikoan trebatu zen, bere kabuz eta berariazko eskolarik hartu gabe.[2][3][4] Orduz geroztik horretan dihardu, milaka jarraitzaile dituen bloga[4] noiztenka elikatzen eta Instagram kontua egunero berritzen jarraitzeaz gain beste hainbat lan ere eginez: Instagram kontua etengabe berritu, ikus-entzunezko proiektuak, aldizkari-artikuluak, sukaldaritza-liburuen estilismoa eta fotografia, eta abar.[5][4]

2011tik, estilismo gastronomikoari eta argazkilaritzari buruzko ikastaroak ematen ditu munduan zehar (Euskal Herria, Suedia, Italia, Frantzia, Islandia...),[4] bere sormen-prozesua erakutsiz.[6][4]

2013az geroztik Seattle-n bizi da, eta hantxe dauka bere sukalde-estudioa, errezetak sortzeko, janari-estilismoa lantzeko eta ikastaroak emateko erabiltzen duena.[5]

Lanak

  • Hainbat telebista-saiotan parte hartu du. Euskal Herrian, Euskal Telebistaren gaztelaniazko ETB2 kateko "Robin Food" programako bi saiotan parte hartu du, 2011n eta 2013an, David de Jorge aurkezlearekin batera.[9]
  • Bestalde, bere lana nazioarteko hainbat egunkari eta aldizkaritan agertu da:[4] The New York Times,[10] Food & Wine, Conde Nast Traveler, GFF magazine, Sift, Travel & Leisure, Vogue, Town & Country UK, Wine Enthusiast, Coastal Living, Cherry Bombe, Sweet Paul, eta abar.[5]
  • 2009an, The Times aldizkari britainiarrak munduko 50 blog gastronomiko onenen zerrendan sartu zuen, bigarren postuan.[3][4]

Argitalpenak

  • Small Plates & Sweet Treats: My Family’s Journey to Gluten-Free Cooking (2012)(liburua)
  • A cook's remedy: video series (2016-2017) (bideoa)

Sariak

Erreferentziak

  1. Project Girl Crush. (Noiz kontsultatua: 2017-08-17).
  2. Goyoaga, Aran. Cannelle et Vanille. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  3. Jacob, Dianne. Food Blogs Should Inspire and Surprise. (Noiz kontsultatua: 2017-08-17).
  4. Lasa, Leire. (bideoa) Aran Goyoagari buruzko erreportajea ETB2n (2013-09-09). (Noiz kontsultatua: 2017-08-17).
  5. Aran Goyoaga. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  6. Aran Goyoaga: Workshops. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  7. Goyoaga, Aran. “Small Plates and Sweet Treats: My Family’s Journey to Gluten-Free Cooking”. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  8. Goyoaga, Aran. "A cook's remedy: video series". (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  9. Robin Food. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  10. Sain Louis, Catherine. «Removing ‘Sacrifice’ From ‘Gluten-Free’» The New York Times (Noiz kontsultatua: 2017-08-17).
  11. James Beard Foundation. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  12. Saveur Blog Awards. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.