Aralarko natura parkea
Aralarko natura parkea Aralarko mendilerroan kokaturiko Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren natura parkea da, Goierri eta Tolosaldean kokaturikoa
Eusko Jaurlaritzak 1994ko apirilaren 26an izendatu zuen natura parke[1].
Deskribapena
Aralar aldea, Gipuzkoan kokaturik, paisaien edertasunagatik eta flora zein faunaren berezitasun eta aniztasunagatik nabarmentzen da. Naturgune hau babestea funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan alde gutxitara hedatzen diren espezie askoren kontserbaziorako. Abeltzaintza oso garrantzitsua da Aralarren, eta mendikatean zehar banatzen diren monumentu megalitiko ugariek erakusten duten bezala, lurralde honetan antzinatik praktikatzen den erabilera. Gipuzkoan tradiziorik handieneko mendialdeetarikoa da, eta bertan egiten den jolas erabilera ere garrantzi handikoa da.
Aralarko Parke Naturalak 10.956 hektareako azalera biltzen du bere baitan, Gipuzkoako Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Lazkao, Tolosa eta Zaldibiako udal mugarteei eta Enirio-Aralar mankomunitateko lurraldeari dagozkienak.
Fauna eta flora
- Landaretza: pagoak (Fagus sylvatica), haginak (Taxus baccata) eta landazabal atlantiko eremuak.
- Fauna: okil beltza (Dryocopus martius), gailurretako uhandrea (Triturus alpestris), elur-lursagua (Microtus nivalis), desman edo muturluze piriniarra (Galemys pyrenaicus), ugatza (Gypaetus barbatus) eta belatxinga mokohoria (Pyrrochorax pyrrochorax). Migrazio garaietan baita pagausoak (Columba palumbus) ere.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat Espainiako lege batetik hartu da. Testua jabari publikoa da eta ez du copyrightik, Espainiako jabetza intelektualaren legeko 13. artikuluaren arabera (ikus Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22koa).