Araknido

Arachnida edo araknidoak artropodoen barruko klase nagusietako bat da, Chelicerata azpifilumaren barruan. Arakniko guztiek zortzi hanka dituzte, nahiz eta horietako batzuek aurrealdeko bi pareei funtzio sentsorialak eman dizkieten. Hitza grezieratik dator, ἀράχνη (aráchnē) hitzatik, armiarma.

Araknido
Devoniar-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
FilumaArthropoda
SubfilumChelicerata
Klasea Arachnida
Cuvier, 1812
Ordenak
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaIntsektua

Ia araknido guztiak lur-lehorrekoak dira. Hala ere badira batzuk batzuk ur gezan bizi direnak eta ingurune pelagikoetan kenduta itsasoan bizi direnak. 100.000 espezie ezagutzen dira eta bere barruan armiarma, eskorpioi eta akaroak daude.

Dibertsitatea

Araknidoen taldea oso zaharra da. Fosilak Devoniarretik ezagutzen dira, eta arrakasta handiz konkistatu zuten lur lehorra harrezkeroztik. Konkista horretarako, ur-galerak murrizteko ezkodun kanpo-kutikula bat, eta airearen oxigenoa arnasteko liburu-birikak edo filotrakeak lortu zituzten. Araknidoen artean agertu diren beste lorpen ebolutibo batzuk zeta eskuratzea eta erabiltzea —armiarma-taldeak, batez ere— edo pozoi-guruinak edukitzea lirateke. Elikadura-erregimen zaharrena haragijalea da, baina hainbat espeziek aldatu dute, moldaketa bereziak dituztelako. Adibide gisa, aipagarriak dira akaro odol-xurgatzaileen eta saprofagoen edo onddo-jaleen moldapenak. Ugalketa gehienbat sexuala da eta espermatozoideen transferentzia espermatoforoen bidez izaten da, edota talde berezietan, organo sartzaile edo zakilen bidez. Gehienak erruleak dira eta bizi-zikloetan helduarekiko oso antz handia duten heldu aurreko aleak edo gazteak agertzen dira[1].

Morfologia

Armiarmen ordenak aipamen berezia merezi du, 35.000 espezie hartzen dituelako, batetik, eta lur osoan zehar sakabanatuta daudelako, bestetik. Ordena honetan talde hauek sartzen dira: mesoteleak primitiboenak dira, abdomena segmentatuta agertzen da jadanik eta irun-organoak abdomenaren erdialdean dituzte. Armiarma migalomorfoak edo Hego Amerikako tarantulak tropiko inguruko banaketa erakusten dute eta normalean handiak eta iletsuak dira. Gainontzeko armiarmak araneomorfo taldean sartzen dira eta armiarma arruntak dira; lur osoan sakabanatuta daude.

Akaroen ordenak ere aipamen berezia merezi du; ez bakarrik espezie-kopuruagatik —45.000 espezie baino gehiago dira—, araknidoen artean gehien dibertsifikatuta daudelako baizik. Dibertsifikatuta daude bai alde morfologikotik begiratuta, eta baita beren ohitura, ugalketa edo habitatarekiko moldapen-ikuspegitik begiratuta ere. Animalia-taldeen artean zaharrenetarikoak izango dira ordena honetako fosilak, orain dela 400 milioi urtetik, Devoniar hasieratik, ezagutzen baitira. Gaur egungo espezie berrien aurkikuntzen kopuru handia dela eta, uste da espezie asko ezagutzeke daudela oraindik. Toki guztietan bizi dira, edozein biotopo kolonizatu baitute: hasi itsaso sakonetatik eta mendi altuetaraino, eta poloetatik ekuatoreraino. Badaude akaro harrapatzaile direnak edo bestelako elikatze-ohitura batzuk dituztenak, baita fitoparasitoak eta zooparasitoak ere. Kaparrek, adibidez, ugaztunen eta hegaztien odola xurgatzen dute. Beste akaro batzuek alergiak sorrarazten dituzte, euren gorotzek edo gorputz-zatiek eraginda. Akaroak harrapatzen dituzten beste akaro batzuk daude, eta zoruko landare-materia organikoa deskonposatzera laguntzen dutenak ere bai. Gizakiarentzat aldi berean alderdi onak eta txarrak dituzten akaroek talderik handiena osatzen dute.

Klasikoki araknidoen artean tratatu izan diren eskorpioiak sailkapen honetatik kanpo uzten dira gaur egun, eta merostomatuen klase barruan sartzen dira. Datu guztien arabera, eskorpioiak, filogenetikoki, desagertuen euripteridoetatik eta gaur egungo fosil bizidunen limulidoetatik (ferra-karramarroak) oso hurbil agertzen dira.

Lokomozioa

Araknido gehienek ez dute muskulu hedatzailerik beren apendizeen artikulazio distaletan. Armiarmak eta zigor eskorpioiak gorputz-adarrak hidraulikoki luzatzen dituzte hemolinfaren presioa erabiliz[2]. Solifugus eta opiliones batzuek belaunak luzatzen dituzte artikulazio-kutikularen loditze oso elastikoen bidez[2]. Eskorpioi, eskorpioi faltsu, eta opiliones batzuek, hanketan, bi artikulazio luzatzen dituzten muskuluak garatu dituzte (izterrezur-patela eta tibia-patela artikulazioak) aldi berean[3][4]. Eskorpioien pedipalpoen artikulazio baliokideak, ordea, atzerakada elastikoz luzatzen dira[5].

"Araknida" Ernst Haeckel-en Kunstformen der Natur obran, 1904.

Zetaren ekoizpena eta amaraunen ekoizpena

Armiarma guztiek dute zeta ekoizteko gaitasuna, nahiz eta amarauna, espezie gutxi batzuek soilik egin. Zeta airearekin kontaktuan solidotzen den eskleroproteina likido bat da. Ehunak leunak izan daitezke, inbutuan edo sarean. Armiarmek beste helburu askotarako ere erabiltzen dute zeta: arrautzak gordetzeko kuskuak egiteko, harrapakinak harrapatzeko jaurtitzen dituzten sareak eraikitzeko, ernal-hazia garraiatzeko, aldaketen kutikulak barneratzeko, eraikitzen dituzten galerien barrualdea tapizatzeko, ehiza-tranpak eraikitzeko, haizez eramanak ahal izateko, eta abar.

Biologia eta ekologia

Araknidoak obiparoak dira (arrautzak errutean ugaltzen dira) baina espezie batzuk zuzenean amarengandik jaiotzen dira (obobibiparoak). Gorteatzeko jokabidea oso landua izan ohi da, eta, kasu askotan, gurasoen zaintza ikusten da, ezaugarri arraroa ornodunetatik kanpo.

Klima epeletan, ugari eta askotarikoak dira, baina ez polarrak diren klima guztietan daude, eta armiarma eta pseudoeskorpioien artean, Lurraren gailur garaienetan bizitzeko gai diren animalia bakanetako batzuk daude.

Sailkapena

Intsektuen atzetik araknidoena bigarren taldea da, espezien kopuruari dagokionez. Gaur egun, 90.000 espezie inguru ezagutzen dira eta hamaika ordenatan sailkatzen dira; armiarmen eta akaroen ordenak dira garrantzitsuenak. Ordena batzuk, gainera, euren fosilengatik bakarrik ezagutzen dira. Gutxi gorabehera, sailkapen klasiko batean hurrengo ordenak sartuko lirateke: anblipigoek lehen hanka-parea zentzumen-zarta luze bat bilakatuta dute; opilioiek prosoma eta opistosoma elkartuta dituzte; palpigradoek azken aldean flagelo luze bat dute eta pedipalpo oso argalak; pseudoeskorpioiek matxarda-itxurako pedipalpoak dituzte; errizinulidoak gogorrak dira eta armiarmen antz handia dute; eskizomidoek azken aldean flagelo labur bat dute; solifugoek kelizero handiak dituzte; uripigioak azken aldean flagelo luze bat dute eta pedipalpo oso sendoak[1].

Honakoa, sailkapen proposamen bat da[6]:

Arachnida

Acariformes

Opiliones

Ricinulei

Solifugae

Parasitiformes


Pseudoscorpiones



Scorpiones  


Tetrapulmonata

Araneae  




Amblypygi  



Thelyphonida (Uropygi)  




Arachnopulmonata

Erreferentziak

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).
  2. Sensenig, Andrew T.; Shultz, Jeffrey W.. (2003-02-15). «Mechanics of Cuticular Elastic Energy Storage in Leg Joints Lacking Extensor Muscles in Arachnids (Mecánica del almacenamiento de energía elástica cuticular en las articulaciones de las patas que carecen de músculos extensores en arácnidos)» Journal of Experimental Biology 206 (4): 771-784.  doi:10.1242/jeb.00182. ISSN 1477-9145. PMID 12517993..
  3. Shultz, Jeffrey W.. (6 de febrero de 2005). «Evolution of locomotion in arachnida: The hydraulic pressure pump of the giant whipscorpion, Mastigoproctus giganteus (Uropygi) (Evolución de la locomoción en los arácnidos: La bomba de presión hidráulica del escorpión látigo gigante, Mastigoproctus giganteus (Uropygi))» Journal of Morphology 210 (1): 13-31.  doi:10.1002/jmor.1052100103. ISSN 1097-4687. PMID 29865543..
  4. Shultz, Jeffrey W.. (1 de enero de 1992). «Muscle Firing Patterns in Two Arachnids Using Different Methods of Propulsive Leg Extension (Patrones de disparo muscular en dos arácnidos que utilizan diferentes métodos de extensión de patas propulsoras)» Journal of Experimental Biology 162 (1): 313-329.  doi:10.1242/jeb.162.1.313. ISSN 1477-9145..
  5. Sensenig, Andrew T.; Shultz, Jeffrey W.. (2004). «Elastic energy storage in the pedipedal joints of scorpions and sun-spiders (Arachnida, Scorpiones, Solifugae) (Almacenamiento de energía elástica en las articulaciones de los pedipalpos de escorpiones y arañas solares (Arachnida, Scorpiones, Solifugae))» Journal of Arachnology 32 (1): 1-10.  doi:10.1636/S02-73. ISSN 0161-8202..
  6. (Ingelesez) Giribet, Gonzalo; Wheeler, Ward C.; Hormiga, Gustavo; González, Vanessa L.; Pérez-Porro, Alicia R.; Kaluziak, Stefan T.; Sharma, Prashant P.. (2014-11-01). «Phylogenomic Interrogation of Arachnida Reveals Systemic Conflicts in Phylogenetic Signal» Molecular Biology and Evolution 31 (11): 2963–2984.  doi:10.1093/molbev/msu235. ISSN 0737-4038. (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Araknido Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.