Arabako historia
Arabako historian, bertako biztanleen aztarnarik zaharrenak historiaurreko aztarnategietan eta monumentu megalitikoetan aurkitu da. Trikuharri esanguratsuak aurki daitezke, besteak beste, Aizkomendikoa (Egilazen) eta Sorginetxekoa (Arrizalan).
Arabako biztanleriari buruzko lehen aipamen historikoak K.a. I. mendekoak diren arren, Paleolitotik aurrera tribu egonkor batzuek jendeztatu zuten egungo Araba. Bi kultur molde nagusi bereiz daitezke talde hauek utzitako arrastoen artean: mendebaldeko kultura atlantikoa eta mediterraneoa. K.a. VII. mendetik aurrera, Europako erdialdetik oldean etorritako herri batzuk egokitu ziren Araban nahiz, kulturaz aurreratuagoak izanagatik, erabat ez ziren nagusitu. Herrialdeko hegoaldean (La Hoya, Errioxa), zibilizazio zeltiberiarra guztiz errotu zen.
Erromatarren etorrera
Nolanahi ere, garbi dago Araba, euskalduna izateaz gainera, era askotako kultura eta zibilizazioak elkarrekin topo eta bizi izan ziren herrialdea izan dela Neolitotik aurrera. Araban elkartzen ziren autrigoi, karistiar eta barduliar tribu euskaldunak (Trebiñu, Trifinium, "Hiru mugak"). Utzitako arrastoen arabera, erromatarren eragina biziagoa izan zen Araban (Iruñako herria), Gipuzkoa edo Bizkaian baino. Nafarroa bezala (Saltus Vasconum, mendialdea, eta Ager Vasconum, erribera), Araba laua erosoagoa izan zen haientzat. Araba eta Nafarroatik igarotzen zen Asturica-Burdigala galtzada. K.a. IV. mendetik aurrera tribu euskaldun guztiak baskoi izenaz aipatzen hasi ziren kronikariak.
Erdi Aroko Araba
Lehen herrien sorrera
Erromatar boterearen desagerpenetik ezagun egiten zaizkigun herrien sorrerara arte hainbat mende igaro zirela ematen du, aztarnategi arkeologikoak ikusita, bederen[1]. Euskal lurraldeetan hirien sorrera ez da Erromatar esparruko beste hainbat lekutan bezain zaharra. Historiografia klasikoan herrien nukleoak elizaren sorrerari lotuta agertu izan dira, baina ikuspegi hori aldatu da azken urteotan[1]. Araban, VIII. mendean jada hasi zen herrien arteko sarea sortzen[2], nahiz eta ebidentea izan herrixkak lehenago ere existituko zirela; V. mendean desagertutako erromatar lidertzatik ez zen eratorri lurraldea kontrola zezakeen lidertza berririk VIII. mendean sartu arte[1]. Herriguneen saretze honek lur komunalen antolaketa ere ekarriko luke, herri bakoitzaren behar ekonomikoak asetzeko. Elizak, ordea, ez ziren eraikitzen hasi IX. mendearen hasierara arte; Araban ez da ezagutzen elizarik herria baino lehen sortu zena[1].
Arabako konderria
IX. mendean ageri da lehenengoz Araba (Albeldako Kronika). Betiere konderri bezala, Araba Gaztela eta Nafarroako erregeen mende egon zen, 1200ean Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Gasteiz eta Trebiñu konkistatu ondoan, Arabako lurraldea Nafarroako erregeen eskuetatik kanpora geratu zen arte.
Gaztelaren konkista
1332. urtean, Araba osoa Gaztelako Koroaren pean geratu zen. Errege bati loturik ere, Arabak eutsi zien bere erakundeei, nahiz Gaztelako erregeek etengabe bortxaturiko murrizketek aldaketa nabarmenak eragin zituzten. Gizarte egiturei dagokionez, maila altuenetako ordezkariek (aitonen semeek, eliz jendeak eta laborari libreek) osatzen zuten Arriagako Anaidia, Arabako lurren jabea. Jabego honetatik kanpora egon ziren beti, Nafarroa nahiz Gaztelako erregeek fundaturiko hiribilduak. Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, arabarrak ez ziren berez handiki, baizik eta odolez edota meritu militarren ondorioz. Hiribildu (Trebiñu, 1161; Biasteri, 1164; Gasteiz, 1181; Bernedo, 1182; Agurain, 1256; Legutiano, 1333) eta ermandadeen arteko gatazkak etengabeak izan ziren. 1200 eta 1332 urteen artean, Gaztelako erregeak hiri berrien zabaltze beharrez baliatu eta Anaidiari kendu zizkion eremu eta herrixka ugari. Prozesu honi ezin aurre eginik, Alfonso XI.a Gaztelako erregearen esku utzi zituen Anaidiak Araban zeuzkan lurralde guztiak. 1332. urtea zen: Araba osoa Gaztelako erregeen mendean. Arabako eskualde batzuek, ordea, gorabehera zenbait izan zuten: Laudioko harana, Arriaga ermandadeko partaide izan ondoan, Gaztelako erregearen esku gelditu bazen ere (1332), Bizkaiko lurralde bihurtu zen 1394tik aurrera, Aiarako etxea buru zuela.
1491. urtean, Gaztelako Errege Katolikoek Araban sar erazi zuten berriz ere, bertako biztanleek hala eskatuta. Aramaioko Harana: Araba eta Bizkaia arteko mugan dagoelarik, Laudiokoaren patu berbera bizi izan zuen. 1489. urtean bihurtu zen Arabako partaide berriz ere. XV. mendean, Miranda, Pancorbo, Sajazarra, Villalba eta Losa de Suso hiriek Arabarekiko harremanak moztu zituzten, Biasteri, Labraza, Bastida eta Beranturi Arabako egin ziren bitartean.
Trebiñuko Konderria egun Burgosen esku dagoen eskualde arabarra da: 1366. urtean Gaztelako Enrique II. erregeak Trebiñuko Hiribildua eman zion Pedro Manrique Gaztelako Aitzindari Nagusiari. Biztanleek bestela nahi izan arren, 1417an bereizi zuten Trebiñu Arabatik, eta XVI. mendetik aurrera Burgosen administrazioaren mende gelditu zen.
XV. mende erdia arte Gipuzkoa eta Bizkaia xehakatu zituzten ahaide nagusien arteko gerrek ez zuten horrenbesteko garrantzirik izan, nahiz Ganboa leinua jatorriz arabarra izan. Ahaide nagusien arteko lehen gatazkak Araban hasi ziren Gebara (ganboarrak) eta Mendoza (oinaztarrak) etxeen artean. Arabatik Gipuzkoa eta Bizkaia igaro eta larriagotu ziren.
Araba foru lurraldea
XV. mende erdialdetik aurrera, Arabako egitura politikoa foruen arabera bermatu zen. Batzar Nagusiak burujabe ziren. Erregeak, nagusi betiere, botere horren babesle ziren, foruen aldeko zina egin behar izaten zutelarik. Diputatu Nagusiaren ahalmenen artean zegoen Foru Pasea ematea ala ukatzea. Foru Paseaz, kanpotik egindako agindu, xedapen nahiz lege guztiak onartzeko ala ez onartzeko eskubidea bermatzen zen. Udal egituraketari dagokionez, Arabako hiri, herri eta ergoienak ermandadeetan bildu ziren, ermandade multzo bakoitzak bere koadrila osatuz. Itsas aldeko Gipuzkoa eta Bizkaiaren saleroste eta industri protagonismorik gabe, Araba nekazari lurralde bihurtu zen erabat, Gasteiz Erdi Aroko moldeekin hautsi ez zuen gremio hiriaren inguruan antolatua. Mendebalde europarra eta Euskal Herria bereziki eraso zituen XVII. mendeko krisiak eragina izan zuen Araban, beherapen demografiko nabarmena ekarriz. XVIII. mendearen bukaeran 70.000 biztanle inguru zituen Arabak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak baino nabarmen gutxiago. XIX. mendearen hasieran, Napoleonen oste frantsesek hartu zuten Gasteiz (1809), Jose Bonaparteren gortea denbora txiki batez bertan egokitu zelarik. Wellingtonen osteak frantsesen aurrean lorturiko garaipenak (1813ko Ekainaren 21) azkena eman zion okupazio honi.
Foruen gainbehera
Frantsesen aurkako gerra amaitu gabe liberal espainiarrek Cadizen aldarrikaturiko konstituzioak Foru Erregimenaren erabateko ezabapena zekarren. Gerra bukatuta, Fernando VII.ak konstituzio hura balio gabe utzi eta foruak ezagutu zizkien penintsulako lau euskal lurraldeei. Halaz ere, 1815 eta 1817 urteetako xedapenek izugarri murriztu zituzten foruak. 1833an hasi zen lehen gerra karlista. 1837an sortu ziren probintzi Diputazioak eta Lehen Mailako Epaitegiak, aduanak kosta eta estatuen arteko mugetara eraman zituzten: Foru Erregimenaren azkena zen. 1839. urtean Bergarako Besarkadaren ondoren, Foru Erregimena berriz ere aitortu zuen Espainiako monarkia liberalak. Amarrua baizik ez: urte hartan bertan hasi zen dekretu andana batek bide gabe utzi zuten Foru Erregimena. Karlistek gerra berriz ere galdu ondoren, 1876ko uztailaren 21ean abolitu ziren betikoz foruak.
Arabako herrialdea Gipuzkoan eta Bizkaian gertatutako industrializazio prozesutik kanpora gelditu zen XX. mendeko 60-70 hamarkadara arte. Foruak galdu ondoren, Kontzertu Ekonomikoak sinatu zituen Arabak Madrilgo Gobernuarekin 1952an, 1937an Gipuzkoa eta Bizkaiari kendu bazizkieten ere. Francoren diktadura garaian, beraz, Arabak gorde zuen, nahiz guztiz murrizturik, eskubide hori. Franco hil ondoren (1975) zabaldu zen aro politiko berrian, Araba Euskal Kontseilu Nagusian, lehenik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, ondoren, sartu zen, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- Quirós Castillo, Juan Antonio. (2009). «La formación de las aldeas medievales en el País Vasco. El caso de Zarautz» Munibe. Suplemento (27): 400–411. ISSN 1698-3807. (Noiz kontsultatua: 2021-09-02).
- Quirós Castillo, Juan Antonio. (2006-09-15). «La génesis del paisaje medieval en Álava: la formación de la red aldeana» Arqueología y Territorio Medieval 13 (1): 49–94. doi: . ISSN 2386-5423. (Noiz kontsultatua: 2021-09-02).