Arabako euskara

Arabako euskara edo Arabako euskalkia[2] galdutako euskalki bat da, Arabako lurretan hitz egiten zena. Gaur egun, euskarak Arabako iparraldean, Aramaio eta Legutioko udalerrietan dirau bizirik, eta mendebaleko euskalkikoa da. Koldo Mitxelenak Arabako euskara euskalki beregaintzat sailkatu zuen, eta hegoaldeko dialektoa deitu. Geroztik agertu diren euskalki horretako testu guztiak aztertuta, ordea, gaur egun nagusi den tesia da (Koldo Zuazok azaldu du hobekien)[3] Arabako euskarak bi eremu ondo bereziak zituela, eta bien arteko hirugarren bat ere bai (ikus eremuak eskuineko mapan):

  1. Arabako sartaldeko azpieuskalkia: bere ezaugarriengatik, mendebaleko euskararen (bizkaiera) barruan sailkatzekoa. Hizkera haren lekuko dugu Joan Perez Betolatza betolatzarra.
  2. Arabako erdialdeko azpieuskalkia: sartaldekoaren eta sortaldekoaren arteko ezaugarriak zituen. Mendebaleko euskararen barruan sailkatzekoa da, euskalki horretako ezaugarriak baitzituen gehienbat. Hizkera haren lekuko dugu Joan Perez Lazarraga larreatarra.
  3. Arabako sortaldeko azpieuskalkia: mendebaleko euskararen, erdialdeko euskararen (gipuzkera) eta nafarreraren ezaugarriak zituen. Hizkera haren lekuko ditugu Joan Bautista Gamiz sabandoarra eta Julian Gartzia Albenizko araiarra.
Arabako azpieuskalkien gutxi gorabeherako eremuak, XVI.-XVIII. mendeetan.[1]
Gaur egungo euskalkien eremuak, Koldo Zuazoren XXI. mendeko sailkapenari jarraituz

Arabako sartaldeko euskararen hainbat ezaugarri Arabaren mugetatik hegoalderago hedatu eta Burgosko nahiz Errioxako lurretara iristen zirela pentsarazten dute hango euskararen arrastoek.

Aldaerak

Izen morfologia

  • a + a (artikulua) = ea (arrebea, 'arreba'; errekea, 'erreka'; aldapea, 'aldapa').
  • Soziatiboa: -gaz, pluralean zein singularrean.

Aditz morfologia

  • Aditz-izenean dauden aukeren artean "-aiten, -aitan" (aurreraitan, 'aurreratzen'; arzaiten, 'hartzen'). Egun, Oñatiko euskararen bereizgarria da, -aitten aldaerarekin.

Hilarriak

Antzinako sei hilarri arabar aurkitu dira euskal itxurako idatziak dituztenak: Helasse (Miñao), Luntbelsar eta Lutbelscottio (Durruma), eta Aituneo (Araia), Illuna (Iruña Oka) eta Atea (Olabarri) —azken hirurak galduta daude egun.

Testuak

Lazarragaren eskuizkribua, Gasteizko Bibat museoan.
  • Nicolao Landuchio italiarrak 1562an Gasteizen idatzi zuen Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco gaztelania-euskara hiztegiak Gasteizko kaleetan garai hartan egiten zen euskara jasotzen du. Euskarazko lehen hiztegi handitzat jotzen da.

Hiztegitxoa

  • Atxitamatxia: tximeleta.
  • Ardaogure: ardozale.
  • Dusturi: trumoi.
  • Errexal: zuhaitz.
  • Gau enarea: saguzar.
  • Gipulla: tipula.
  • Maullikijo: marrubi.
  • Zamargin kalea: hedegile kalea.

Filmak

Errementari filma, XIX. mendean Korresen eta inguruetan girotua (Arabako Mendialdean; Arabako sortaldeko azpieuskalkiari zegokion eremuan, alegia), Arabako euskalkiaren ezaugarriz hornitutako euskara batean grabatu zuten gehienbat, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntzaz. Hartara, komisarioa eta demonioak, instituzioak ordezkatzen dituztenez (Diputazioa eta Infernua), euskara formalean aritzen dira, euskara batuan (anakronikoa, baina fikzioaren lizentzia); narratzailea, Ataungo euskaran (filma Jose Migel Barandiaran ataundarrak Ataunen jasotako Patxi errementaria ipuinean oinarrituta baitago); herrian dabilen kinkilaria, beste euskara batean; eta herriko jendea, nolabaiteko Arabako euskaran: funtsean, deklinabide markak Arabako euskararenak dira, -a + a > ea eginda (gauza > gauzea; ama > amea); partizipioetako amaierako -i kendu zuten; ezan erroa, egin bihurtu (hartu egizu...); hitz batzuk moldatu; esamolderen bat... eta aditz-sistema osoa Urdiaingoa (Burunda, Nafarroa Garaia) erabili zuten, Arabako sortaldeko euskarak zuenaren antzekoa baita. Emaitza, garai bateko ekialdeko arabarraren oihartzun bat da. Helburu nagusia ulerterraza izatea zen, lehen kolpean ulertzeko modukoa.[4]

Gaur egun

Euskara Añanan 2008, Armiñonen.

Eustaten 2006ko datuen arabera, garai hartan ia 75.000 arabar euskaldunak ziren, biztanle guztien % 25 inguru. Hiztunen proportzioari dagokionez, udalerri euskaldunenak Aramaio (ia % 85,56) eta Legutio (% 39) ziren, aurreko iturriaren arabera. Gaur egun, Aramaioko herri, elizate eta auzoetan, Oletan (Aramaio udalerrikoa izan arren, haranetik kanpo dago, kontzeju propioa du, eta euskara ere, bestelakoa) eta Legutio udalerrian jatorrizko euskara mantentzen dute, mendebaldeko euskararen eremuan sartzen dena. Horrela, Aramaio haranekoa mendebaldeko euskararen sortaldeko azpieuskalkiaren barruan dago; aldiz, Legutio udalerrian eta Oletan egiten dena mendebaldeko euskararen sartalde eta sortalde azpieuskalkien tarteko hizkeratzat hartzen da.

Bestalde, Burundako euskarak (Nafarroa Garaiko mendebaldean mintzatua) Araban egiten zen euskararen eragin handia gorde du.

Erreferentziak

  1. Arabako toponimoetan eta garai hartako Arabako euskal idazleen testuetan oinarritua dago mapa. Iturria: Koldo Zuazo (1997), «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
  2. Zenbaitek arabera izena erabili dute, baina Euskaltzaindiak berariaz esan du forma hori nahasgarria dela eta Arabako euskara dela formarik egokiena «euskalki zaharra, eta, batez ere, Mediterraneoko isurialdekoa, izendatzeko» (ikus Euskaltzaindiaren 57. araua: «Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak»).
  3. Koldo Zuazo (1997): «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
  4. «Gorka Lazkano: “Errementari filmari garai batean Araban hitz egiten zen euskararen traza ematea posible zela ikusi genuen”» Euskaraba 2018-01-17 (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).

Ikus, gainera

Bibliografia

  • Breñas, Estibalitz; Otsoa de Alda, Jabi. Arabako Euskal Hotsak. Gasteiz: GEU aldizkaria, 2002. ISBN 84-932275-0-1.
  • Henrike Knörr eta Koldo Zuazo: Arabako Euskararen Lekukoak: Ikerketak Eta Testuak / El Euskara Alavés. 1998. Eusko Legebiltzarra. ISBN 84-871227-3-6; ISBN-13: 9788487122736
  • Zuazo, Koldo. Arabarrak Euskararen Herrian. Gasteiz: Arabera, 1999. ISBN 84-930554-2-5.
  • Zuazo, Koldo. Euskalkiak. Herriaren lekukoak. Donostia: Elkar, 2003. ISBN 84-9783-061-X.
  • Carrera Garmendia, Ignacio M.; García Uriarte, Imanol. Legutiano aldeko euskara. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2005. ISBN 84-7821-613-8.

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.