Arabako ermandadeak
Arabako ermandadeak herri-elkarte edo federazioak izan ziren, 1417tik aurrera Araban sortu zirenak ahaide nagusien gehiegikeriak geldiarazteko. Arabako herri batzuk Gaztelako Koroako beste herri batzuekin bilduak ziren XIII. mendearen bukaeran (Gatzaga Buradon, Gasteiz eta Agurain, 1282an; Gatzaga Buradon, Gasteiz, Agurain, Gesaltza Añana, Bastida, Argantzun, Urizaharra, Korres, Antoñana eta Kanpezu, 1296an), eta XIV. mendearen hasieran (Gasteiz, Trebiñu, Gesaltza Añana, Korres, Beranturi, Agurain eta Urizaharra); baina XV. mende arte ez ziren Arabako ermandadeak benetan gorpuztu.
Historia
1417. urtean batu ziren ermandadean Gasteiz, Trebiñu eta Aguraingo herriak, baina ez zuen arrakastarik izan. 1449. urtean, Henrike IV.a Gaztelako erregeak ermandade bakar batera bildu nahi izan zituen Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Burgosko iparraldea, Santander eta Errioxako hiri eta herri guztiak; baina ez zuen horrelakorik lortu. 1463. urtean hasi zen lurraldeko herri eta hiri guztiak jaso zituen Arabako ermandadea baturik egituratzen, lurraldeko ermandade txikiak batu ondoren (hiri-ermandadeak eta lur zabaleko ermandadeak). Urte hartako urriaren 4an sortu zuten Rivabellosa herri mugakidean, gaur egun Erriberabeitiako udalerrian dagoena. Bertan, bost hiribildu barne gelditu ziren, Agurain, Gasteiz, Miranda de Ebro, Pancorbo eta Sajazarra. Horietaz gain, tokian tokiko 26 ermandade eta 2 biltzar (Donemiliaga eta Harana) zeuden. Halaber, litekeena da hauek guztiak ere bertan egotea: "Salinas de Añana" bere herrixkekin, "Monreal de Murguía" Zuiako ermandadean, "Alegría" eta "Elburgo" Iruraizkoan, "San Vicente" eta "Contrasta" Aranakoan, "Corres" eta "Laminoria" Arraiakoan, "Arceniega" eta "Villarreal". Guztira, 23 arabar hiribilduetatik 11, "Vitoria" barne. Ez zeudenak Antoñana, Santa Cruz de Campezo, Lagran, Peñacerrada, "Labastida", Salinillas de Buradón eta Berantevilla izan ziren. 7 hauek batu ziren 1463 eta 1502 artean, eta garai hartantxe Arabatik bereiztuko dira Miranda, Pancorbo, Villalba de Losa, Losas de Susos eta Saja. Bernedok 1490ean, Labrazak 1501ean eta Laguardiak 1500-1506an bat egin zuten. Azkenik, "Treviño" eta "La Puebla de Arganzón" ez ziren inoiz ermandadeko kideak izan.
Berrogeita hamalau ermandade txiki zituen Arabako lurraldeak XVI. mendean, sei multzotan banatuak (berrogeita hamabost ermandade txiki XIX. mendean). Arabako segurantza begiratzea eta gaiztaginak epaileen esku uztea eta epaitzea ziren ermandadearen betebehar nagusiak. Hasierako ermandadeak bi buruzagitza nagusi zituen: hogeita bat herri harresidunez arduratzen zen bata, eta lur zabaleko herriez bestea.
Tokian tokikoak
G. Martínez Díezen arabera, 1537 eta 1804 artean hauexek ziren 54 ermandade txikiak:
- Valderejo
- Valdegovía
- Bergüenda eta Fontecha
- Bellojín
- Salinas de Añana
- Lacozmonte
- Cuartango
- Urçabustaiz
- Arrastaria
- Ayala
- Arceniega
- Llodio
- Zuya
- Cigoitia
- Los Huetos
- Martioda
- Badayoz
- Mendoza
- Iruña
- Ariñez
- Morillas
- La Ribera
- Tuyo
- Estavillo eta Armiñón
- Berantevilla
- Portilla
- Salinillas de Buradón
- Tierras del Conde
- Laguardia
- Labraza
- Bernedo
- Marquínez
- Campezo
- Arana
- Arraya eta Laminoria
- Oquina
- Asparrena
- San Millán
- Salvatierra
- Barrundia
- Guevara
- Iruraiz
- Hijona
- Andollu
- Larrinzar
- Gamboa
- Ubarrundia
- Villarreal
- Aramayona
- Arrazua
- Vitoria
- San Juan de Mendiola
- Lacha eta Barría
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Ricardo GÓMEZ RIVERO: «La hermandad de Álava», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) José Ramón DÍAZ DE DURANA: «Nacimiento y consolidación de las Juntas Generales de Álava (1463-1537)».