Apotropaiko

Apotropaiko adjektiboa antropologian eta artearen eta erlijioen historian erabiltzen da, zoritxarra eta begizkoak uxatzea helburu duten erritualak, sinboloak, esaldiak edota objektuak izendatzeko.[1] Jainko-jainkosak, sainduak, objektuak, hitz multzo bat, keinu bat edo erritu bat izan daitezke apotropaiko. Kutuna, adibidez, objektu bat da, eta bertute apotropaikoak dituela, hau da, zorigaitzetik babestuko diola uste du eramaten duenak.

Objektu apotropaiko batzuk Hego Tirolgo ateburu batean.

Magiarekiko sinesmen handia dagoen kulturetan, errito eta objektu apotropaikoak oso preziatuak dira, gaitza oro har urruntzen dutelako: gaixotasuna, antzutasuna (hala gizakiena nola abereena), kazkabarra eta tximista, uzta galtzea, haur jaio berriak hiltzea, eta abar.

Etimologia

Grezierazko αποτρέπειν (apotrépein; "urrundu", "aldendu") hitzetik dator.[2][1] Apoloren izengoitietako bat zen, "gaitza urruntzen duena" adierazten zuena.

Objektu apotropaiko batzuk

Eguzki lorea ate batean itsatsia
  • Medusaren burua. Antzinate grekoan hainbat lekutan jartzen zen: armarriaren edo desfile-korazaren gainean, etxeetan, tenpluetan... Antzinako Erroman ohitura hori imitatu zuten. Grekoz, "Medusa" izenak zaindaria esan nahi zuen.[3]
  • Fatimaren eskua. Ekialde Hurbilean eta Iparraldeko Afrikako herri musulmanek eta juduek erabili ohi zuten. Zoriona opatzeko baino gehiago, zorigaitza eta begizkoak uxatzeko balio zuen. Esku simetriko batean datza: hatz txikia eta erpurua tamaina berekoak dira, baita hatz erakuslea eta nagia ere. Erdi-erdian, hatz luzea du Fatimaren eskuak. Arabieraz, jamsa deritzo, eta hebreeraz, jamesh; hau da: bost, eskuak dituen bezainbeste hatz.[1]
  • Eguzki-lorea (Carlina genoroko landarea) euskal kulturako objektu apotropaiko garrantzitsua da. Etxeetako ate eta leihoetan jarri ohi zen, etxea bera eta etxekoak babesteko. Ateetan edo barrualdea eta kanpoaldea lotzen dituzten etxeko beste puntuetan zintzilikatzen diren beste objektu batzuk daude, besteak beste, gurutzeak eta bedeinkatutako belar jakin batzuk.
  • Nazarra. Turkian eta Grezian ohikoa da. Begi urdin eta zuriak ez du imajinaziorako tarte handirik uzten: begizkoen kontrako sinbolo bat da. Egun, herrialde horietako kale izkina guztietan topa daiteke, oporretako oroigarri gisa. Bestalde, Egipton Horusen begia erabiltzen zuten. Funtzio apotropaiko hartaz gain, begietako gaitzak saihesteko ere balio zuen.[1]
  • Irulegiko eskua (agian).

Keinu apotropaikoak

Zura ukitzea.

Erreferentziak

  1. Otaegi Leonet, Julen. Apotropaikoa: zertarako balio zuen 'Irulegiko eskuak'?. Berria, 2022ko azaroak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  2. (Gaztelaniaz) «Lo apotropaiko en als iglesias medievales | Visitas Guiadas, Excursiones y Guías turísticos | Santiago |Galicia» Visitas Guiadas, Excursiones y Guías turísticos | Santiago |Galicia (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  3. (Gaztelaniaz) «Medusa, la 'femme fatale' de los griegos» La Vanguardia 2021-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).

Bibliografia

  • Éloïse Mozzani, Le Livre des superstitions. Mythes, croyances et légendes, Paris, R. Laffont, coll. «Bouquins», 1995, 1822 p. (ISBN 978-2-221-06830-4, OCLC 300021797), p. 1056.
  • Nicolas Waquet, ''Théophrast-en karaktereen'' hitzaurrea, Ediciones de las mil y una noches, 2010, 52-53 eta 92. or.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.