Aorta arteria

Aorta[1] giza organismoko arteria nagusia da. Bihotzeko ezkerreko bentrikuluan du jatorria, eta hasierako ibilbidea goranzkoa da. Ondoren, arku itxura duen aortaren arkua edo makoa osatzen du, bizkarrezurraren ezker alderantz bideratzen dena. Arku honen jarraipena beheranzko-aorta da, eta azken honen lehen atala, aorta torazikoa izango da, beherantz bideratzen dena (behe atzeko mediastinotik). Behin beheranzko-aortak diafragma aorta-hiatotik zeharkatzean, abdomen-aorta bilakatzen da, bukaera aldean bi ilion-arteria komunetan banatuko dena. Arkutik ondorengo ibilbide guztia sakonaldetik burutzen du aortak, bizkarrezurraren aurreko aldean kokatzen baita. Organismoko arteria guztien jatorria da, eskuin bentrikulutik biriketara bideratzen diren birika-arteriena izan ezik. Bere helburua gorputzeko zelula guztiak hornitzea da, hauen metabolismorako behar dituzten mantenugai eta oxigenoa duen odola garraiatzen eta bideratzen baitu bere adarren bitartez.

Giza-bihotzaren aurreko ikuspegia, aorta markatuz
Aorta arteria
Xehetasunak
Honen parteartery system (en) Itzuli
great arteries (en) Itzuli
Konponenteakascending aorta (en) Itzuli
aortic arch (en) Itzuli
beheranzko aorta
ArtikulazioaEzkerreko bentrikulua
Arteria femorala
Identifikadoreak
Latinezartèria aorta o només aorta
MeSHA07.231.114.056
TAA12.2.02.001
FMA3734
Terminologia anatomikoa
Aorta-arteria

Ezaugarriak[2]

Aortaren hormaren zeharkako ebaketa, mikroskopio optikoz ikusita

Aortaren batazbesteko diametroa 2,5 zm-koa helduetan eta bere funtzioak burutzea laguntzen duten ezaugarri histologiko konkretuak ditu. Odol-hodiaren hormek elastina kopuru handia dute, aortari distentsibilitate eta elastikotasun ezaugarriak ematen dizkiona. Azken ezaugarri hauek odolaren ponpaketan ezinbesteko garrantzia izango dute. Honen ondorioz, bihotzaren uzkurketan edo sistolean ezker bentrikulutik kanporatzen den odol-fluxuak aorta zabaltzea eragiten du. Une horretan aortan neurturiko presioari presio sistoliko deritzo. Eragindako zabalera edo distentsio hori ezaugarri elastikoak dituzten arterietan zabalduko da uhin gisa. Odol-fluxuak aorta zein ondorengo arteria elastikoetan eragindako zabaleraren garraioari pultsu-uhin deritzo.

Windkessel gertakariaren azalpen grafikoa

Diastolean edo bihotz-erlaxazioan, aldiz, balba-aortikoa ixtearen ondorioz, aortara ez da odol-fluxurik bideratuko. Hala ere, aorta-balbaren itxieraren ondorioz, presio arteriala zertxobait igotzen dela nabari dezakegu; uhin dikrotoa deritzo fenomeno honi. Aortak duen ezaugarri elastikoari esker, bere aurreko formara itzuliko da, odol-fluxua aurrerantz bideratuz (fluxu ez-etena). Diastolean aortan neurturiko presioari presio diastoliko deritzo, eta odol-fluxuak arterien hormen aurka egiten duen gutxieneko indarra da. Sistole eta diastolean odol-fluxuaren presioak desberdinak direnez, fluxua taupakaria dela esaten da.

Sistolean eta diastolean odol-fluxuak eragindako arterien deformazioari (zabaltze eta bere aurreko formara itzultzeari), Windkessel gertakaria deritzo.

Jatorri enbrionarioa[3][4]

Zirkulazio-sistema garapen enbriologikoaren 3.astearen erdialdera garatzen hasten da, enbrioiaren nutriente beharra areagotzen denean. Garapen honen aurretik, 13 eta 15 egunen artean, epiblastotik zelula berezi batzuk diferentziatu eta epiblasto eta hipoblastoaren artean interposatuko dira, enbrioi barneko zelula mesodermikoak bihurtuz. Hauek enbrioi-plaka osoan zehar hedatzen diren arren, plaka orala inbaditu ezin dutenez, honen alde kranealean eremu kardiogenikoa deituriko akumuluazio berezi bat sortuko da (22. egunean). Eremu honek tutu itxura hartuko du.

Ondoren, tutu kardiakoa (bihotza bihurtuko dena) tolestu egingo da kabitate perikardikoan sartzeko eta garatzeko helburuarekin (bertan tolesturekin jarraituz). Bihotza bi aldeetan desberdinduko da: aurikula eta bentrikulua.

Hauen tabikazio prozesua ematen den heinean, bihotza 4 kabitatetan banatuko da.

Bentrikulua bitan banatzen den moduan, irteerako hodiak, tutuaren barneko erdialdean fusionatuko diren bi hemipareten bidez, banaketa prozesua jasango du, tabike tronkokonala eratuz. Egitura hau ia bere osotasunean ertz neuraleko zelulez osatuta egongo da. Banaketa honek bihotzaren irteera-hodia bi zatitan bereiziko du: ezkerretik ​aorta-arteria eta eskuinetik birika-arteria​. Hauetan balba sigmoideoak​ garatuko dira. Beraz, 2 balba sigmoideo aurkituko ditugu, honetariko bakoitzak 3 ilargierdi-itxurako balbula dituelarik.

Hala ere, hodi bateratuak espiral forma hartuko du, eta ondorioz, behatzeko planoaren arabera egiturak posizio desberdinetan ikusiko dira.

Aortari dagokionez, garai goiztiar batean 2 aorta dortsal egongo dira, berehala batu egingo direnak aorta dortsal bakarra osatzeko. Hala ere, zati bat mantenduko da bikoiztuta, ​arku aortikoa​k izango direnak, hain zuzen ere. Hauek arteria enborraren dilatazio berezi batetik (​zaku aortiko deiturikoa) sortuko dira. Arku aortikoek arku faringeoak odoleztatuko dituzte eta hauek garatzen diren neurrian, arku aortikotik, arku faringeo bakoitzari dagokion arteria garatuko da.

Arku aortikoen garapena bihotza garatzen den bitartean emango da. 6 izango dira:

Arku aortikoen sorrera

- I/II. arku aortikoak:​ Desagertzen dira. Lehenengo arkuaren arrastoak ​barail-arterian​ topa daitezke. Bigarren arkuarenak, berriz, pertsona heldu batean hoide-azpiko arterian ​eta arteria estapedioan ikusiko dira.

- III. arku aortikoa​ asko garatuko eta karotida sistema emango du. Arteria hau lepoaren bi aldeetan dagoen arteria nagusia izango da eta garai enbrionarioan bitan banatuko da: barneko eta kanpoko karotida arteriak.

- IV. arku aortikoa: ​Karotida sistemaren simetrikoa izango da, laugarren arkua izan ezik. Alde bakoitzean desberdin garatuko da. Eskuinaldean, eskumako lepauztai-azpiko arteria (eskumako gorputz adarra odoleztatuko duena) eta zazpigarren segmentu-arteko arteria (laguntzailea dena) emango ditu. Ezkerraldean, aldiz, aorta makoa eta zazpigarren segmentu-arteko arteria garatuko dira, azken honek ezkerreko aldea odoleztatzen duelarik.

- V. arku aortikoa: ​Ez da garatuko (soilik arrainetan brankiak osatzeko).

- VI. arku aortikoa: ​Arteria pulmonarrak/birika arteriak garatuko dira.

Arku aortikoez gain beste arteria batzuk eratuko dira aorta dortsaletik: segmentu-arteko arteriak edo somatikoak, orno-arteria, bitelo-zakura doazen arteriak, alboko arteria esplaknikoak, arteria iliakoa, arteria sakroa, zilborreste-arteriak, etab.

Atalak eta ibilbidea[5]

Aortaren atalak eta bere ibilbidea

Nagusiki bi sailkapen mota daude. Alde batetik, ikuspegi anatomikoa kontuan harturik toraxeko aorta (bihotzetik diafragmara) eta abdomeneko aorta (diafragmatik aortaren bifurkaziora) bereiz daitezke. Bestetik, odol-fluxuak egiten duen ibilbidea kontuan harturik, 3 atal nagusi bereiz daitezke: goranzko aorta, aortaren makoa edo arku aortikoa eta beheranzko aorta.

Goranzko aorta

Aortaren lehenengo zatia da, bihotzaren ezkerreko bentrikuluan kokatutako balbula aortikoan hasi eta aortaren makoan amaitzen dena. 5 zentimetroko luzera du gutxi gorabehera. Hasieran, birika enborraren atzean eta ezkerraldean kokatzen da, baina hauek gurutzatzen dira eta aorta aurrerantza eta eskuinerantza desplazatzen da. Bi hauek perikardio zaku berberean sartuta daude.  Jatorrian dilatazio bat nabarmentzen da, bulbo aortikoa deiturikoa, non aortaren sinua edo Valsalvaren sinua kokatzen den. Bertan bi koronario arterien, ezkerrekoa eta eskuinekoa, sorrera kokatzen da.

Aortaren makoa edo arku aortikoa

T4 mailan aortak ezkerreranzko eta atzeranzko arku bat osatuko du; horrela, erdiko behe mediastinoan egotetik atzeko behe mediastinora egotera pasatuko da. Bestalde, ezkerreko bronkio nagusiaren gainetik igaroko da eta hestegorria baino zertxobait atzerago eta honen ezkerraldean kokatuko da.

Beheranzko aorta

Aortaren makotik aorta bi arteria iliako komunetan banatzen den mailaraino (L4) doan zatia da. Bi atal bereizten dira, kokatzen diren barrunbearen arabera:

Beheranzko toraxeko aorta

Aortaren makotik diafragmaraino doan zatia da. Hestegorria baino zertxobait atzerago eta honen ezkerraldean kokatzen da. Diafragma T12 mailan aortaren hiatotik edo erdiguneko arku itxurako lotailutik zeharkatuko du eta abdomeneko aorta deitzera pasatuko da.

Beheranzko abdomeneko aorta

Diafragmatik aortaren bifurkaziora doan zatia da. Hestegorriaren abdomeneko zatiaren atzealdean eta beheko kaba zainaren eta bizkarrezurraren ezkerraldean kokatzen da. L4 mailan bitan banatzen da eta ezkerreko eta eskuineko arteria iliako komunak emango ditu.

Aorta-adarrak[1][6][7]

Aortak hainbat adar emango ditu, gorputzeko organo eta ehun ezberdinak odolezatzeko eta horrela bihotzeko odola gorputz osotik banatzeko.

Beraz aortaren atal ezberdinetatik adar ezberdinak aterako dira.

Aortaren atalak eta adarrak
Goranzko adarra
Aortaren makoa
Torax aorta
  • Atzeko sahiets-arteko arteriak: sahiets-arteko giharrak eta torax-pareta odoleztatzen dute. Atzeko sahiets-arteko arteriak aortaren atzeko aurpegitik aterako dira.
  • Goiko diafragma arteriak: diafragmaren goiko aurpegia odoleztatzen dute. Arteria hauek aortak diafragma hiatoa zeharkatu baino lehen sortzen dira.
  • Bronkio arteriak: bronkioak eta errai-pleura odoleztatzen dituzte. Hauek aortaren aurreko aurpegitik ateratzen dira eta bronkioen ibilbidea jarraituko dute.
  • Hestegorri arteriak : hestegorriaren torax zatia odoleztatzen dute. Hestegorri arteriak aortaren aurreko aurpegitik sortu egiten dira, eta sortu beazain pronto beherantz bideratzen dira, hestegorri aldean sare bat osatzeko.
Abdomen arteria
  • Beheko diafragma arteriak: diafragmaren azpiko aurpegia, hestegorriaren abdomen zatia eta  giltzurun gaineko guruinak irrigatzen ditu. Aorta diafragma hiatoa zeharkatu baino lehen sortzen dira, ezkerrekoa eta eskubikoa
  • Gerriko arteriak : abdomenaren atze-alboko pareta irrigatzen dute. Bost izango dira, lehengo laurak zuzenean abdomen aortaren albo bietatik aterako dira baina bosgarrena erdiko errainezur-arteriatik.
  • Enbor zeliakoa: Aortaren aurrealdetik, T12 parean sortzen da.
    • Gibeleko arteria batua: gibela, behazun xixkua, duodenoa eta urdaila irrigatzen ditu.
    • Ezkerreko urdail arteria: urdaila eta hestegorriaten abdomen atala irrigatzen ditu.
    • Bare arteria / arteria esplenikoa: barea, area eta urdaila irrigatzen ditu.
  • Goiko mesenterio-arteria : heste mehea eta konolonaren hurbileko ⅔ irrigatzen ditu (itsua, goranzko kolona eta zehar kolonaren hurbileko ⅔). Enbor zeliakotik 1zm  beherago sortzen da, aortaren aurrealdetik L1 parean eta arearen atzean.
  • Erdiko giltzurrun-gaineko arteriak: giltzurrun gaineko guruinak irrigatzen dituzte. Aortaren 2 alboetatik aterako dira (eskubi eta ezkerretik), enbor zeliako eta giltzurrun arterien artean
  • Giltzurrun arteriak : giltzurrunak irrigatzen dituzte. Aortaren 2 alboetatik aterako dira (eskubi eta ezkerretik), L1 parean eta goiko mesenterio-arteriaren alboetan.
  • Gonada arteriak: Aortaren 2 alboetatik aterako dira (eskubi eta ezkerretik), L2 parean. Beherantz zuzenduko dira.
    • Testikulu arteria: testikuluak irrigatuko ditu, horretarako iztai hodian sartu egingo da.
    • Obulutegi arteria: obulutegiak irrigatuko ditu.
  • Beheko mesenterio-arteria: heste lodiaren urruneko kolonaren ⅓ (zehar kolonaren urruneko ⅓, beheranzko kolona eta konlon sigmoideoa) eta ondestearen goiko zatia. Aortaren aurrekaldetik sortuko da, L3-L4 parean.
  • Erdiko errainezur-arteria: ileon eta errain hezurreko giaharrak, ondestearen atzeko pareta eta urzkurnoko guruina irrigatuko du. Abdomen aortaren azpialdetik agertuko da, L4 mailan.
Ezkerreko eta eskubiko leon-arteria batuak: L4 mailan sortuko dira.
  • Kanpoko ileon arteriak: beheko gorputz adarrak irrigatzen dituzte.
  • Barruko ileon-arteriak: umetokia, prostata, ipurmasail giharrak eta maskuria irrigatzen dituzte.
Aorta-adarrak

Patologiak

Aorta-aneurisma[8]

Aortako aneurisma, aorta hormaren ahultasunak eragindako dilatazio lokalizatu bat izango da. Kasu gehienetan (kasuen %90), gaixotasun honen arrazoia arteriosklerosi aldaketa degeneratiboetan oinarritzen da, hala ere, ez da kausa bakarra izango.

Kausak

Kausei dagokionez, aortako aneurismak hipertentsioarekin, tabakismoarekin, eta arterioesklerosiarekin erlazionatu dira. Baita, aortaren hormako kolagenozko eta elastinazko matrize estrukturalaren degenerazioa eragiten duten alterazio genetikoekin erlazionaturiko beste etiologia batzuk ere.

Motak

Aorta-aneurisma

Aortako aneurismak Crowford sailkapena (Aneurisma torakoabdominalen salkapena) erbiliz sailkatzen dira:

Mota Aorta torazikoan duen eragina Abdomen aortan duen eragina
I Aorta torazikoaren goi herenetik Aorta abdominalaren goi hereneraino
II Aorta toraziko osoa Giltzurrun-azpiko aortaraino
III Aorta torazikoaren behe herenetik Aorta abdominalaren eremu distaleraino
IV Ez dago eraginik Aorta abdominal osoa

Aneurisma mota ohikoena, giltzurrun-azpiko aortako aneurisma (IV mota Crowford sailkapenean) dira. Oro har, aneurisma hauek giltzurrun-arterien azpikaldetik sortzen dira eta aortaren bifurkazioraino luzatzen dira. Gerta liteke, kasu batzuetan arteria iliakoetaraino luzatzea aneurisma.

Maiztasun txikiago batetan, aneurisma torazikoak gertatzen dira . Aneurisma mota honi Valsalvaren sinuaren aneurismak ere deritze eta kasuen gehiengoetan Marfan Sindromeak eragiten ditu.

Klinika eta detekzioa

Aortaren aneurisma arinenek ez dituzte sintomak eragiten, horren ondorioz, aneurisma kasuen %75 pazienteak guztiz asintomatikoak dira diagnostikatuak izaterako orduan. Hala ere, aneurisma larria izatera pasatzen denean barne konpresio bat gertatuko da eta ondorioz sintoma ezberdinak azaleratuko dira, besteak beste, disnea, zehaztu gabeko min lunbarra, nekea, sintoma gastrointestinalak edo abdomenera hedatzen den min igorria.

Hala eta guztiz ere, aneurisma aortikoen kasu gehienak ez dira diagnostikatzen apurketa bat gertatzen den arte. Kasu hauetan, sintomatologia oso nabaria izango da eta shock triada (aldakorra izango da hasierako hemorragiaren larritasunaren arabera), min abdominal eta lunbarra eta epigastrioko masa ukigarria aztertuko dira.

Aneurismen detekziorako, froga ezberdinak erabiliko dira, orokorrean palpazio abdominala ez da nahikoa izango diagnostikoa burutzeko eta hortaz TAC, eco-doppler edo erresonantzia magnetiko batekin kontrastatu beharko dira susmoak.

Tratamendua

Tratamenduari dagokionez, kirurjia irekia izango da praktikarik erabiliena. Hala ere, azken bi hamarkadetan emandako aurrerapenei esker gaur egun asko aurreratu da anuerismen tratamendu endobaskularrean.

Bigarren tratamendu hau, izter-arteria baten bidez endoprotesis bat inplantatzean datza. Praktika honi esker, arrisku altuko pazienteetan hilkortasun-tasa jaistea lortu da. Hala ere, teknika hau pazienteen %60-70 soilik burutu daiteke.

Aorta-hertsadura[9]

Aortaren hertsadura, akats kardiako kongenito bat izango da non aorta arteriaren konstrikzioa gertatzen den. Esan bezala, eragabetasun hau jaiotzetikoa izango da orokorrean, baina gerta liteke zenbait kasuetan heldutasunera irits arte detektatua ez izatea. Kasu gehienetan, gaitz hau beste arazo kardiako batzuekin agertu ohi da.

Kausak

Aorta-hertsadura

Oraindik gaur egun, aortaren hertsaduraren kausak ezezagunak dira, izan ere, kasu gehienetan modu esporadikoan agertzen da azalpen genetiko edo hereditariorik gabe.

Klinika eta detekzioa

Klinikari dagokionez, lehen haurtzaroan detektatzen diren sintomak hertsadura moderatu edo larrien ondoriozkoak izango dira eta nahiz-eta hauek aldakorrak izan, orokorrenak hurrengoak izango dira: suminkortasuna, zurbiltasuna, arnasketa azkarra, elikadura insufizientea, oin eta esku hotzak besteak beste. Hertsadura arinei dagokionez, orokorrean asintomatikoak izan ohi dira.

Gaitz honen detekziorako, medikuak hainbat teknikez baliatuko dira, besteak beste, torax erradiografiak, elektrokardiograma, ekokardiograma, kateterismo kardiakoa edo erresonantzia magnetikoa.

Tratamendua

Aortaren hertsadura tratatzeko metodo espezifikoa, hainbat faktoreren arabera erabakiko da (umearen adina eta gaixotasunaren larritasuna, besteak beste). Gaur egun, hainbat tratamendu daude gaitz hau tratatu ahal izateko. Hala ere, erabilienak kateterismo kardiako interbentzionista eta konponketa kirurjikoak izango dira.

Erreferentziak

  1. EHUko Medikuntza Graduko bibliografia
  2. Costanzo, Linda S.. (2011). Fisiología. (4a. ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-84-8086-824-2. PMC 757473529. (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  3. EHUko Medikuntza Graduko bibliografia
  4. Sadler, T. W. (Thomas W.),. Langman embriología médica. (14a edición. argitaraldia) ISBN 978-84-17602-11-6. PMC 1139502733. (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  5. (Ingelesez) Aorta. 2020-11-21 (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  6. (Gaztelaniaz) Aorta. 2020-11-24 (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
  7. Giza anatomiako atlasa. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ISBN 978-84-9860-967-7..
  8. (Gaztelaniaz) Aneurisma de aorta. 2020-11-03 (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).
  9. «default - Stanford Children's Health» www.stanfordchildrens.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-24).

Kanpo estekak

Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.