Antso VI.a Nafarroakoa
Antso VI.a, Jakituna[1] (ca. 1133 – 1194ko ekainaren 27) Iruñea/Nafarroako erregea (1150 – 1194) izan zen. Iruñeko erregea titulua erabiltzeari utzi zion lehendabiziko erregea zen Nafarroako erregea titulua erabiltzeko. Aita Gartzia V.a Berrezarlea eta ama Margarita l'Aiglekoa zituen.
Antso VI.a Nafarroakoa | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1162 - 1194 ← baliorik ez - Antso VII.a Nafarroakoa →
1157 - 1158 ← Antso III.a Gaztelakoa - baliorik ez →
1150 - 1162 ← Gartzia V.a Ramiritz - baliorik ez → | |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotza | ezezaguna, 1132ko apirilaren 21a (egutegi gregorianoa) | ||||||
Herrialdea | Nafarroako Erresuma | ||||||
Heriotza | Nabarreria, 1194ko ekainaren 27a (62 urte) | ||||||
Hobiratze lekua | Iruñeko katedrala | ||||||
Familia | |||||||
Aita | Gartzia V.a Ramiritz | ||||||
Ama | Margarita l'Aiglekoa | ||||||
Ezkontidea(k) | Antsa Gaztelakoa (1153ko ekainaren 2a (egutegi gregorianoa) - | ||||||
Seme-alabak | |||||||
Anai-arrebak | |||||||
Leinua | Ximeno etxea | ||||||
Hezkuntza | |||||||
Hizkuntzak | nafar-aragoiera | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | agintaria | ||||||
Bere erreinaldian Gaztela eta Aragoiren aurka jarkiera ugari egon ziren. Hala ere, Antsok erresuma egonkortzea eta leinua tronuan finkatzea lortu zituen. Gainera, obra asko egin eta monasterio zistertar asko eratu zituen.
Erreinaldia
Erresuma ahula jarauntsi zuen aitagandik, Gaztela eta Leongo erregea zen Alfontso VII.a enperadoreak eta Bartzelonako konde eta Aragoiko printze erregeordea zen Erramun Berenguer IV.ak jazarria. Hauek 1140an Iruñeko Erresuma banatzea adostu zuten Carriongo itunean. Gainera, Erromak ez zuen erregetzat hartzen, Alfontso I.aren testamentuaren arabera erresuma Tenpluko, Maltako eta Hilobi Sakratuaren ordenen artean banatu behar zelako. Hori zela eta, Erromarentzat Gartzia V.a eta Antso VI.a Dux Pampilonensium edo Dux Navarrorum (Iruindarren buruzagia edo Nafarren buruzagia, hurrenez hurren) baino ez ziren, hau da, orduan herriak hautatutako gobernariek zuten titulua.
Antso Erramun Berenguer IV.arengana hurbiltzen saiatu zenez, Alfontso VII.ak erantzun eta Bartzelonako kondearekin Tudejengo ituna sinatu zuen (1151ko urtarrilaren 27) Nafarroa banatzeko. Hiru egun geroago, Antso bere menpekotza berritu zuen Alfontso enperadorearekin eta Zuria arreba Antso, Alfontso VII.aren lehensemearekin ezkondu zuen. Hala ere, 1157ko maiatzean, Gaztelakoa eta Aragoikoak Lleidako ituna sinatu zuten Nafarroa banatzeko. 1157ko abuztuaren 21ean enperadorea hil zen, Antsoren mesederako. Antsok bere menpekotza berritu zuen Antso III.a Gaztelakoarekin urte hartako azaroaren 11n.
Baina Antso III.ak ez zuen luzaroan iraun 1158ko abuztuaren 31n hil baitzen, tronua hiru urteko Alfontso VIII.aren eskuetan utzita. Errege umearen tutoretza lortzeko borrokak Gaztelako Erresuma ezegonkortu eta ahuldu zuen eta Antso VI.a menpekotzatik ateratzea lortu zuen.
1162ko abuztuaren 8an Erramun Berenguer IV.a hil zen, Aragoiko erresuma eta Bartzelonako konderria Petronila emaztearen eskuetan utzita. Honek 1164an abdikatu zuen Alfontso II.a errege berria izateko. Honek zazpi urte zituenez, berak ere tutoretza behar zuen. Errege-ume biez inguratua, Antsok tregoa bat adostu zuen Aragoiarekin Gaztelako Erresuma erasotzeko.
1162ko udazkenean, Antso VI.ak gaztelarrek mendean hartutako Errioxa berreskuratzeko kanpaina hasteko unean, bere burua Rex Navarre izendatu zuen, lehenagoko agirietan ere aipatzen bada ere, baita Rex Navarrorum ere. Erregearen kontrolpeko lurralde guztiak izendatzeko erabiltzen da, eta eremu horren gainean duen zilegitasuna adierazi nahi du.[2]
1162ko udazkenean Antsok Gaztelako Erresumako fronte guztietan egin zuen eraso, eta Errioxaren zati bat lortu zuen. 1163an armada bidali zuen "errege otsoa"ri laguntzeko, almohadeen kontra. Borrokatzeari utzita, diplomaziari ekin zion. 1165eko urtarrilaren 28 Fernando II.a Leongoarekin Tuterako Ituna sinatu zuen. 1167ko urrian Gaztelako Erresumarekin tregoa sinatu zuen eta 1168ko abenduaren 19an Alfontso II.arekin ituna sinatu zuen musulmanei irabazitako lurraldea banatzeko.
1169ko azaroaren 11n, Alfontso VIII.a Gaztelakoak hamalau urte bete zituen eta adin nagusiko bihurtu zen. Tronuan finkatuta, berriro egonkortasuna nagusitu zen Gaztelako Erresuman.
1170eko ekainean, Gaztelako eta Aragoiko erregeek, Henrike II.a Ingalaterrakoaren bitartekaritzari esker, Sahagunen elkarrekiko laguntza adostu zuten etsai guztien kontra eta Tudejengo ituna berretsi zuten. Aliantza finkatzeko bi ezkontza adostu zituzten: Alfontso VIII.a Gaztelakoa Leonor Plantagenet Ingalaterrako erregearen alabarekin ezkonduko zen, eta Alfontso II.a Aragoikoa Antsa, Gaztelako erregearen izekorekin (horrela 1157ko Lleidako itunean adostua bete zen).
Gaztela eta Aragoiren arteko hurreratzeak Nafarroako Erresuma setiatu zuen. Gainera, Ingalaterrako erregea Akitaniako dukea ere bazen, iparraldetik ere inguratzen zuen Nafarroa. Antso blokeatua izateak erresuma ezegonkortu zuen eta handiki batzuek erregea uztea erabaki zuten, inguruko erregeengana hurbilduz.
Alfontso VIII.a Gaztelakoak laster berreskuratu zituen 1162an galdutako lurrak. Gaztelarren kanpainak 1173an egin ziren. Lehendabizikoa udaberrian egin zen: erregea urtarrilaren 27an Almazánen bazegoen ere, uztailaren 31n armada Nafarroako bidean zegoen Encisotik[3]. Bigarrena, bestea baino handiagoa zena, udazkenean burutu zen: irailean hasi eta urriaren 23an Iruñean zegoen. Abenduaren 10ean armada berriro Burgosen zegoen.
1174ko udaberrian kanpaina berri bat antolatu zuten, Gaztela eta Aragoiko armada bateratuta egina. Uztailean, Alfontso II.a Aragoikoak Milagroko gaztelua hartu zuen. Alfontso VIII.a Gaztelakoak, berriz, Urrotzetik gertu zegoen Legingo gaztelua hartu zuen. Antso VI.a azken gaztelu honetan zegoen, baina ihes egitea lortu zuen. Abuztuaren 15ean armada gaztelarra Burgosen zegoen.
1175 eta 1176ko udetan beste bi espedizio egin zituzten. Lehendabizikoa berriro Gaztela eta Aragoiko armada bateratuak egin zuen. Bigarrenak, Gaztelako Erresumak bakarrik eginak, Legingo gaztelua galtzea suposatu zuen. Ekintza honek armistizioa bultzatu zuen.
Antso VI.a eta Alfontso VIII.ak borroka bukatzea erabaki zuten 1176ko abuztuaren 25ean. Hori zela eta, zazpi urteko tregoa adostu zuten eta Henrike II.a Ingalaterrakoari laudo bat eskatzea bien arteko kontuak konpontzeko. 1177ko martxoaren 16an laudoaren ebazpena eman zen. Errege biek konkistetan lortutakoa itzuli behar zuten eta 1158ko mugetara itzuli. Horrela, Antso VI.ak Logroño, Navarrete, Entrena eta Ausejo itzuli eta Zabalate eta Legin eta Godingo gazteluak berreskuratu zituen. Gainera, Alfontso VIII.ak Antsori hamar urtez urtero 3.000 marai eman behar zizkion.
1179ko apirilaren 15an Nafarroa eta Gaztelako erregeak Naiara eta Logroñon bildu ziren bake-ituna sinatzeko eta mugak behin betiko finkatzeko. Itun honetan ez da agertzen Nafarroaren menpekotza, de facto Antso III.a Gaztelakoa hil zenean desagertua. Ituna sinatu ondoren, laudoan adierazten ziren lekuak elkartrukatu zituzten.
1180ko hamarkadan Antsok barne politika antolatzeari ekin zion, kanpoan ezer gutxi egin zuelako. Errolda egin zuen zergak hobeto biltzeko, foruak eman zizkien zenbait hiribilduri eta merkataritza bultzatu zuen.
1190eko irailaren 7an Antsok eta Alfontso II.a Aragoikoak (jadanik Alfontso VIII.a Gaztelakoarengandik urrundua) Borjan adiskidetasun eta elkarrekiko laguntza ituna sinatu zuten, Gaztelako Erresumak erasoz gero.
1191ko uztailean berriro elkartu ziren Tarazonan, elkarrekiko adiskidetasuna bermatzeko. Hala ere, Gaztelako Erresumaren aurkako konpromiso behin betikoak ez hartzeko, Antsok ez zuen Huescako Liga izeneko aliantzan parte hartu (Alfontso II.a Aragoikoak, Alfontso IX.a Leongoak eta Antso I.a Portugalgoak Alfontso VIII.aren aurka egina).
Antso VI.a 1194ko ekainaren 27an hil zen eta Iruñeko katedralean lurperatu zuten. Bere hilobia eta aztarnak aztertuta, hezurren aparteko luzera dela eta, Marfan sindromea zuela ondorioztatu da[4].
Eraikuntzak
- 1151an[5] (batzuen ustez 1161ean) Trebiñu eraiki zuen, izen bereko konderriaren hiriburua, 1190ean Alfontso VIII.aren eskuetan geratu zena.
- 1164an Guardia eraiki eta hiribildu forua eman zion.
- 1172an Guardiako forua eman zion San Vicente de la Sonsierrari.
- 1180an Donostiari hiribildu forua eman zion.
- 1181ean Nueva Victoria izeneko hiribildua eraiki zuen Gasteiz herrixka zegoen muinoan.[6]
Familia
Aitona Ramiro Monzoneko jauna |
Amona Kristina Vivarrekoa |
Aitona Giselbert, L'Aigleko jauna |
Amona Juliana Perchekoa |
Aita Gartzia V.a Nafarroako errege |
Ama Margarita L'Aiglekoa | ||
Antso VI.a Nafarroako errege |
Ezkontza eta seme-alabak
1157ko ekainaren 2an, Carrión de los Condesko San Zoiloren monasterioan Gaztelako Alfontso VII.a erregearen alaba Antsarekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten:
- Berengela (1165 – 1230), Rikardo I.a Ingalaterrakoa erregearekin ezkondu zena (1191)
- Antso VII.a (1170 – 1234), Nafarroako erregea (1194 – 1234).
- Fernando (?– †1207)
- Zuria (1177 – 1229), Xanpainiako Tibalt III.a kondearekin ezkondua (1195) eta Tibalt I.a erregearen ama.
- Ramiro edo Remigio (?– †1229), Iruñeko apezpikua (1220 – 1229)..
- Konstantza, umea zela hila.
Erreferentziak
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M.. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela, 85-86 or. ISBN 84-7861-284-1..
- Vicente Ángel Álvarez Palenzuela eta besteak "Historia general de España y América" (IV. liburukia), (1984)
- (Gaztelaniaz)Trindade, Ann.- Berenguela de Navarra, reina de Inglaterra : buscando a la consorte de Ricardo Corazón de León. Iruñea: Mintzoa arg., 2016. Orr. 81. ISBN 978-84-96513-17-4
- (Gaztelaniaz) Usin, C. eta Tajuelo, M. Miranda del Ebro y el Condado de Treviño 2000
- Gazteizeko Udaletxea Historia apur bat
Bibliografia
Ikus, gainera
- Benjamin Tuterakoa
- Nafarroako erregeen zerrenda