Antso IV.a Gartzeitz
Antso IV.a Gartzeitz edo Antso Peñalengoa[1], ezizenez Noblea (1039 aldean - 1076ko ekainaren 4a), Iruñeko erregea izan zen 1054-1076 bitartean,
Antso IV.a Gartzeitz | |||||
---|---|---|---|---|---|
1054 - 1076 ← Gartzia IV.a Santxitz - Antso V.a Nafarroakoa →
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Antso Gartzeitz | ||||
Jaiotza | 1039 | ||||
Herrialdea | Iruñeko Erresuma | ||||
Heriotza | Peñalen, 1076ko ekainaren 4a (36/37 urte) | ||||
Familia | |||||
Aita | Gartzia IV.a Santxitz | ||||
Ama | Estefania Foixkoa | ||||
Ezkontidea(k) | Plazentzia Normandiakoa | ||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||
Leinua | Ximeno etxea | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | euskara | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | agintaria |
Biografia
Gartzia III.a Sanoitz erregea eta Estefania Foixekoa erreginaren semea zen.
Aita Atapuercako guduan hil zenean errege bihurtu zen, hamalau urte zituela.[2] Hamazortzi urte bete arte, amaren zuzendaritzapean egon zen. Ama 1058an hil zen eta Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioan hilobiratu zuten Gartzia bere senarraren ondoan.
Ramiro I.a Aragoikoa bere osabarekin bat egin zuen Zaragozako taifan buruzagia zen Al-Muqtadir mendean hartzeko. 1058an, 18 urterekin Ramiro I.a Aragoiko erregearekin itun bat egin eta aurre egin zioten Fernando I.a Gaztela eta Leongo erregeari.
Ordea, handik gutxira, Antso Ramirez Aragoiko erregearen semeak al-Muqtadir Zaragozako errege mairuarekin bat egin eta Ramiro I.aren aurka borrokatu zuen Grausen, Aragoiko erregearen heriotza ekarri zuen guduan (1063). Alexandro II.a Aita Santuak musulmanen aurkako gurutzada bat bultzatu zuen heriotza hori zela eta.
Zaragozarrak basailuen zergak ordaindu arren, azpijokoak egiten zituen iruindar errege eta Ramiro I.a Santxez ordezkatu zuen Antso Ramirez bere lehengusua aurrez aurre ipintzeko.
Mugako istiluek, bitartean, lehengo berean zirauten, eta Antso II.a Leon eta Gaztelako erregeak Iruñeko koroak Gaztelan zituen lurraldeak hartu, eta Nafarroako mugetara iritsi zen. Antso IV.ak Aragoiko Antso Ramirezen laguntza eskatu eta garai hartan euskaldunak bide ziren Bureba, Pancorbo eta Oka mendietan berrezarri zituzten mugak. Hiru errege Antso ari izan ziren gerra horretan (Hiru Antsoen Guda, 1067[3]), hirurak Antso Nagusia Iruñeko erregearen bilobak. Gudan, Antso II.a Gaztelakoak eta Antso Aragoiko kondeak iruindarra mendean hartu zuten. Gerraren ondorioz ahuldu zen Antso IV.aren aginpidea Aragoiko koroaren aldera, Iruñeko erregeak al-Muqtadir Zaragozako errege mairua bere mendeko bihurtu zuen arren. Neurri horrek ez zuen ordu arte Zaragozako erregearen zergak jasotzen zituen Gaztelako koroaren gogoa batere bete, eta Alfontso VI.a Gaztelako errege berriak Errioxa hartu zuen 1074. urtean.[4]
Hilketa
Antso IV.aren izaera zakarrak tirabira latzak sortu zituen Iruñeko Gortean bertan;[erreferentzia behar] hala, Alfontso VI.a gaztelarrak, Antso V.a Ramirez Aragoikoak eta al-Muqtadir Zaragozako buruzagiak lagunduta, Raimundo eta Ermesinda Antso IV.aren anai-arrebek, Iruñeko noble batzuek babestuta, Antso IV.a arroilatik behera bultzatu eta amildu zuten Funesko Peñalenen ehizan zirela, Alesbes herri nafarraren ondoan (1076ko ekainaren 4a).[5] 16. mendeko Portugalgo errege-erreginen genealogia grafikoan, berriz, sastakatuz hil balute bezala ageri da eszena.
Hil ondoren, noble nafarrek ez zuten Raimundo anaia hiltzailea erregetzat hartu nahi izan, eta Raimundok Zaragozako gortera, eta Ermesindak Ramiro nebarekin batera Alfontso VI.arenera, ihes egin behar izan zuten. Hilketaren ondorioz, Alfontso VI.a Gaztelakoak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Bureba eta Errioxa okupatu zituen[4] eta Antso Aragoiko kondea Iruñeko errege bihurtu zen.[6]
Ezkontza eta seme-alabak
1068 baino lehen[7] Plazentzia Normandiakoa frantziar noblearekin ezkondu zen.[8] Biek seme bi izan zituzten:
- Gartzia Santxez Iruñekoa, umea zela hila.
- Gartzia Iruñekoa, Toledon 1091ren ondoren hila[9]. 1076an aita erail zutenean, errege de iure bazen ere, Antso V.a errege de facto bihurtu zen, erreinuko handikien laguntzaz.
Antso IV.ak sasikume bi ere izan zituen Ximena Ezkirotzekoa maitalearekin:[10]
- Ramiro edo Raimundo Santxez (1071 baino aurretik jaioa eta 1110 ondoren hila), Ezkirotz eta Monzongo jauna. Honek Vivarreko Kristinarekin, El Ciden alabarekin, ezkondu zen.
- Urraka Santxez (1072ren ondoren hila). Larrasoañako abadea izan zuen irakasle.
Genealogia
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 192. araua: Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak. .
- Salazar y Acha, Jaime de. (1992). «Reflexiones sobre la posible historicidad de un episodio de la Crónica Najerense» Príncipe de Viana (14): 537-564. ISSN 1137-7054..
- Constable, Olivie Remie. (1997). Concerning King Sancho I of Aragon and His Deeds. in: Medieval Iberia: Readings from Christian, Muslim, and Jewish Sources. Pittsburg: University of Pennsylvania Press ISBN 0 812 215 699..
- Mínguez Fernández, José María. (2000). Alfonso VI. Hondarribia: Nerea, 30-33 or. ISBN 84-89569-47-9..
- Urzainki Mina, Tomás; Olaizola Igiñiz, Juan Maria. (1998). La Navarra marítima. in: Ensayo y testimonio. (1. argitaraldia) Iruñea: Pamiela, 72 or. ISBN 9788476812938..
- Martín Duque, Angel J.. (2002). «Vasconia en la Alta Edad Media: Somera aproximación histórica» Príncipe de Viana 63 (227): 871–908..
- Urte hartan Plazentia izenarekin agertu zen lehendabizikoz agirietan, Legardeta herrixka Iratxeko monasterioari egindako dohaintza batean hain zuzen ere
- Reilly, Bernard F.. (1995). The Contest of Christian and Muslim Spain 1031–1157. Blackwell Publishers Inc., 71 or..
- Valvanerako monasterioaren urte hartako agiri batean honela diote: Garsea et alter Garsea, germani, filii Sanchii regis Nagerensis
- 1071ko uztailaren 18an, Iruñeko katedralean dagoen agiri batean, Antsok bere gatibua zen Ximenari eta Raimundo izeneko berarekin izandako semeari Ezkirotz herrixkaren dohaintza egin zien.
Kanpo estekak