Antso I.a Gartzeitz
Antso I.a Gartzeitz[1] —latinez: Sanzio Garseanis[2]— (Rocaforte, 860 aldean - Resa, 925eko abenduaren 10a) Iruñeko erregea izan zen 905-925 bitartean.
- Artikulu hau Iruñeko erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Antso I.a (argipena)».
Antso I.a Gartzeitz | |||
---|---|---|---|
905 - 925 ← Orti Gartzeitz - Semeno Gartzeitz → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Zangoza, 865 | ||
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria | ||
Lehen hizkuntza | nafar-aragoiera | ||
Heriotza | Resa, 925eko abenduaren 10a (59/60 urte) | ||
Hobiratze lekua | ezezaguna | ||
Familia | |||
Aita | Gartzia Semenoitz Iruñekoa | ||
Ama | Dadildis Pallarskoa | ||
Ezkontidea(k) | Tota Iruñekoa | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Anai-arrebak | |||
Leinua | Ximeno etxea | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | nafar-aragoiera euskara | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | agintaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | kristautasuna |
Biografia
Ximeno leinukoa, Gartzia Ximenitz eta Dadildis Pallarskoa zituen gurasoak.[3] Gartzia Enekoitz 882an hil zenean, Valdonsella jauna zen, eta laster hasi zen inguruko lurraldeetan eskua sartzen.
Orti I.a Gartzeitz erregea zela, tronua usurpatu zuen, Alfontso III.a Asturiaskoa eta Ribagortzako kondearen laguntzari esker. Erregeen semeen eskubideak kendu eta bere emaztea eta Ortiren iloba zen Totari esker bere buruarentzat aldarrikatu zuen boterea.
Garindo II.a Aznaritz Aragoiko kondea hil zenean honen lurraldeak okupatu zituen. Huescako walia zen al-Tawilek ondoretza eskubideak zituen lurraldean bere emaztea antzinako kondearen arreba zen Antsa zelako. Baina kondearen alaba zen Andregoto Garindoitzek eta Gartzia I.a Santxitz bere semeak ezkon-hitza eman ondoren arazoa konpondu zuten.
Iruñeko Erresuma Errioxa aldera (Naiara) eta hegoaldera (Ega harana eta Calahorra aldera) zabaldu zuen. Naiaran ezarri zuen bere Gortea. Honela aukera ekonomiko berriak sortu ziren erreinuan lur berriengatik eta sozialki mozarabiarrak eta Naiara eta Calahorrako hiritar kultura barneratu zen. Bere erreinaldian txanponak egiteari ekin zioten, hori egiteko lehendabiziko kristau erregea izanik. Gainera feudalismo babestu zuen bere lurraldeetan.
917an Ordoño II.a Leongoa aliatu eta kordobar armada menderatu zuen San Esteban de Gormazen. Kordobako Abd ar-Rahman III.ak, 924an "Iruñeko kanpaina" egin zuen Antso zigortzeko baina honek gudarostea mendi aldera eraman zuen lautadan gudu zabal bat ekiditeko eta Iruñea eta beste herriak emirraren esku utzi zituen honek sakea zitzan. Hala ere, ez zuen bere lurren boterea galdu, kanpaina bukatzean egoera lehengora itzuli baitzen[4].
Hurrengo urteko abenduaren 10ean hil zen Resan, Ebrotik gertu. Deioko gazteluan lurperatu zuten. Bere semeak ordezkatu zuen; baina, gazteegia zenez, haren anaia Ximeno Gartzeitz aritu zen erregeorde.
Orduko leondar Chronicon Albeldensek honela deskribatu zuen:
« | In era DCCCCXLIIII surrexit in Panpilona rex nomine Sancio Garseanis. Fidei Xpi inseparabiliterque uenerantissimus fuit, pius in omnibus fidefibus misericorsque oppressis catholicis. Quid multa? In omnibus operibus obtimus perstitit. Belligerator aduersus gentes Ysmaelitarum multipficiter strages gessit super Sarrazenos. Idem cepit per Cantabriam a Nagerense urbe usque ad Tutelam omnia castra. Terram quidem Degensem cum opidis cunctam possideuit. Arbam namque Panpilonensem suo iuri subdidit, necnon cum castris omne territorium Aragonense capit. Dehinc expulsis omnibus biotenatis XX' regni sue anno migrauit a seculo. Sepultus sancti Stefani portico regnat cum Xpo in polo (Obiit Sancio Garseanis era DCCCCLXIIII (A marg.))[5]
|
» |
Ezkontza eta seme-alabak
Antso I.a Tota Aznaritzekin ezkondu zen eta, Rodako kodexaren arabera, zazpi seme-alaba izan zituzten[6]:
- Urraka, Ramiro II.a Leongoarekin ezkondu zena.
- Oneka, Alfontso IV.a Leongoaren emaztea. Leongo erregina 926-931 bitartean. 931an hila.
- Antsa, lehenik Ordoño II.a Leongoarekin, bigarrenez Arabako konde Alvaro Herramelizekin, eta hirugarrenez Fernán González Gaztelako kondearekin ezkondu zena.
- Gartzia, Iruñeko erregea, Andregoto Garindoitzekin eta Leongo Teresarekin ezkondu zena.
- Beraskita, lehenik Arabako Munio Beilaitz kondearekin, gero Ribagorzako Garindorekin eta hirugarrenez Orti Garindoitzekin ezkondu zena.
- Munia.
- Auribitaz, ziur asko al-Tawil, Huescako gobernadorearekin ezkondu zena.
Sasiko alaba bat ere izan zuen, Lupa izenekoa, Bigorreko konde izan zen Raimundo I.aren ama.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 192. araua: Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak. .
- Rodako kodexa.
- Lakarra, José María. (1972-1973). Historia política del Reino de Navarra, desde sus origenes hasta su incorporación a Castilla. I-III Iruñea.
- Altamira, Rafael. (1999). Il califfato occidentale. in: Storia del mondo medievale. II, 477-515 or..
- Crónica Albeldense (CSIC)
- García Villada, Zacarías. (1928). «El códice de Roda recuperado» Revista de Filología Española (15): 113-3..