Antropofagia
Antropofagia (grezieratik: anthropos, gizakia; fagia, irenstea) giza haragia edo beste ehun batzuk (odola, erraiak) jateko ohitura da. Giza talde askok ezagutu du ohitura hori, eta gaur egun ere badira antropofagia praktikatzeko ohitura duten taldeak. Zenbait kasutan goseak eraginda sortzen da antropofagia; hala gertatu da munduko toki guztietan historiako garairen batean. Dena dela, erlijioa izaten da antropofagia praktikatzeko arrazoi nagusia, zenbait kulturatan hildako senidearen gorputza, edo borrokalariaren edo etsaiaren gorputz atalen bat jaten zuten haren indarra jasoko dutelakoan. Gaur egun ere horixe egiten da Ginea Berriko zenbait giza taldetan.[1]
Jatuna gizakia denean, kanibalismoa deritzo. Antropofagia gerta daiteke predazio edo harrapakaritzaz (gizakia animaliak harrapatu duenean) eta sarratsez (gorpuzkinak piztiek jaten dituztenean).[1]
Harrapari antropofago ezagunak ditugu:[1]
- ugaztunak: tigrea (Panthera tigris), lehoia (Panthera leo), otsoa (Canis lupus), espezie zenbaitetako hartzak (Ursi), hiena (Hyaeninae);
- arrainak: marrazo zuria (Carcharodon carcharias), tigre marrazoa (Galeocerdo cubier), mako marrazoa (Isurus oxyrinchus), lamia (Carcharhinus leucas);
- narrastiak: Mississipiko alligatorea (Alligator mississippiensis), krokodiloak orokorki, kaiman beltza (Melanosuchus niger), pitoi sugeak, anakonda (Eunectes murinus).
Sarraskijale antropofago ezagunak dira (kakalardo, zizare eta inurriak ez ezik): otsoa, txakurra, saiak eta arrain gehienak.[1]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela ISBN 978-84-9172-259-5..