Antonio Ortiz Etxague
Antonio Ortiz Etxague (Guadalajara, Espainia, 1883ko urriaren 15a - Buenos Aires, Argentina, 1942ko urtarrilaren 8a) arabar margolari errealista izan zen. Bere aita militarra izateak eta beste hainbat gorabeherak baldintzaturik, ertilari honek margolaritzan zituen gaitasun bikainei erantsi behar zaie ibiltari izatearen zoria. Herri eta herrialde desberdin askotan bizitu izan zen, besteak beste, baita Euskal Herrian ere. Donostian bost urtez bizitu izan zen Ortiz Etxague (1914tik 1919ra), eta hori zela-eta ulertu egiten da San Telmo Museoan bere aretoetako bat betetzeko adinako margolan izana. Parisera, Erromara, Madrilera, Sardiniara, Holandara eta Marokora ere iritsi zen, baita bertan bizi ere. Azkenik, Argentinara iritsi eta bere bizitzako azken urteak han eman zituen.
Antonio Ortiz Etxague | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Guadalajara, 1883ko urriaren 15a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Buenos Aires, 1942ko urtarrilaren 8a (58 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Espainiako Akademia Erroman |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
XX. mendearen hasieran sortu zen Euskal Herriko ohiturazko gaien pintore-taldeko (Ignacio Zuloaga, Elias Salaberria, Ramon Zubiaurre) kidea izan zen. Italian, Frantzian, Holandan, Marokon, Estatu Batuetan eta Argentinan bizi izan zela, bertako ohiturak eta ezaugarriak koadroetara eraman zituen. Ignacio Díaz Olano margolariaren ikaslea izan zen. Egindako lanengatik nazioarteko sari ugari jaso zituen.
Lan nagusiak: Narbaxako meza, Lisatzaileak, Atzarako kofradiaren jaia, Jansen andrea eta haren adiskideak, Jacobo Van Amstel nire etxean, Sardiniako tipoak eta Modelo eseria.
Donostian, Madrilen, Sevillan, Jaenen, Parisen eta Argentinako museo garrantzitsuenetan daude ikusgai Antonio Ortizen koadrorik aipagarrienak.
Bizitza
Guadalajaran jaio zen, bere aita, granadar militarra, hango eskola militarraren irakasle baitzen orduan eta ama arabarra zen. Haurtzaroa Guadalajara eta Logroñoren artean igaro zuen eta udak aiton-amonen etxean ematen zuen Gasteizen. Bertan, Ignacio Díaz Olano margolaria ezagutu zuen eta honek margolaritzarekiko zaletasuna piztu zion.[1]. 14 urterekin, Parisa joan zen ikastera. Han, Leon Bonnat baionatar margolariaren tailerrean potretak egiten trebatu zen. Hamasei urte zituela, Narbaxako meza margolana egin zuen 1900an, Narbaxako elizan, Araban; izan ere, inguruetan ematen zuen familiak udako oporraldia. Ikuspuntu etnografikotik, lan horrek argizaiolaren garaiko erabilera ederki dokumentatzen du.
Ondoren Italian egonaldiak egin zituen, Erroman eta Sardinian, non Atzarako Eskolari hasiera eman zion. Horren harira, hain zuzen, margolariaren izena daraman Museo d'Arte Moderna e Contemporanea Antonio Ortiz Echagüe inauguratu zen 2000. urtean.[2]
Handik Herbehereetara joan zen, eta han erretratugile gisa nabarmendu zen. Hango bezeroez gain, hasi zen AEBetatik eta Argentinatik bezero berriak eskuratzen, eta harat-honat bidaiatzen hasi zen.
Lehen Mundu Gerra bitartean, gurasoen etxean bizi izan zen, Donostiako Mirakruz kalean. Bukatutakoan, Elisabeth Smidt holandarrarekin ezkondu zen. Ondoko urteetan, argazkilari ospetsua zen Jose Ortiz Etxague anaiarekin Gaztelan barna ibili zen pizgarri bila.
1920ko hamarkadan Herbehereetan, Frantzian, Espainian eta Argentinan bizi izan zen. Udan Donostiara joaten jarraitu zuen, hiriarekiko loturak eta harremanak atxikiz.
Marokon ere bizi izan zen, Fez hirian, 1930-1931. urteen bueltan. Bertako giroa islatu zuen orduko lanetan. Gero, Argentinara bideratu zuen bere jarduera; eta, Espainiako Gerra Zibilaren hasierak Argentinan harrapatu zuenez, Hego Amerikako herrialde hartan geratu zen bizitzen hil arte.
Margolanak
Antoniok egin zituen bidaia anitzek eta bizitoki ugariek argi adierazten dituzte bere estiloan sumatzen diren aztarnak: Velazquez, Goya, Manet, Sorolla, Zuloaga eta abarrenak. Montserrat Fornellsek ertilariari buruzko bere lan monografiko bikainean[3] oso egoki azaldu ditu eragin horiek guztiek, ertilariak merezi duen estimu gorenarentzat ez direla inolako lotsaizun, agertuz. Hogei urte zituela Erromako Akademian pentsio bat irabazi zuenetik sariak eta dominak bere gainera bat bestaren atzetik iritsi ziren: Madrilgo Arte Ederretako Nazionaletik, 1904, 1906, 1910 eta 1924an; Munichetik, 1909an; Paristik, 1921an, eta urrezko domina 1923an.
Ortiz Etxagueren gaztaroko margolanetan, Narbaxako meza, Lady Godiva, Lisatzaileak, Atzara kofradiako festa, eta abarretan, bere zirriborroengatik garbi azaltzen du jada, berezitasun handikoa izan behar zuela bere errealismoak, azaleko ukitu akademizistaren barruan. Ortiz Etxaguek, bizitza motz samarra izan bazuen ere, sentiberatasun handia erantsi zien maisuki menderatzen zituen pinturei, aipatutako maisu handiengan aurkitzen zituen moduak oso era pertsonalean bereganatzeko: tonuen erabilera jakintsua, kontraste kromatiko ederrak, eta argi efektuak.
Berak miresten zuen Frans Halsek inspiraturiko pintzelkada inpresionista luze eta soltea zuela, Ortiz Etxaguek genero guztiei heldu zien, horrenbestez, eta, besteak beste, lehen aipatutako Elias Salaberria margolari akademizistaren zehaztasunetik urrutiratuz. Bere paisaietan ez da zaila Sorollaren urratsak ustekabean harrapatzea. Luzez ezagutu zituen eta, kontraste kromatiko bikainen bidez, ardura handiagoa aurki daiteke berak nortasun handiz margotzea asmatu zuen herrialdeetako gorpuzkera eta janzkera anitzetan, esate baterako, bere marokoar aldiko Emakume urdinak edo Senegaldarrak lanetan. Biluztasuna ere landu zuen, bai idealismo klasikotik nahiz naturalismo arruntetik ihes eginez. Emakumeen biluztasunak, argazkigintzaren morrontzatik guztiz askaturik, arreta zirikatzen du erabilitako tonuen urritasunagatik, Hamaka deritzan lanean adibidez (San Telmo Museoan). Bere ohitura koadroetan argi efektu miresgarriak aurki daitezke, esaterako, La Santera izenekoan (Granada 1919). Azkeneko berezitasun hau nabarmentzen da bere genero kuttunean ere: erretratuetan. Horietan bere pertsonaiaren sentiberatasuna bistakoa gertatzen bada, are nabariagoa gertatzen da guztiz kromatikoak diren baliabidekiko leialtasuna, Fezeko Arabiarrak, Ijito andrea (1914, Alfaro, Errioxa) izenekoetan edo Nire alaba bere jostailuekin lanari eskainitako zuloagar kutsuko pastelean, oihal bakoitza argi-festa bihurtzen baitzuen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia (IV): XX. mendea liburutik txertatu zen 2016-01-11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Gaztelaniaz) GARCIA DIEZ, José Antonio.- La pintura en Álava. Gasteiz: Arabako Aurrezki Kutxa, 1990. ISBN 84-505-9672-6. Orr. 105-106
- https://web.archive.org/web/20121128205829/http://www.comune.atzara.nu.it/atzara/export/sites/default/www/Sinistra/ScopriAtzara/Atzara_Cultura/Il_museo
- Antonio Ortiz Etxague (1883-1942) (Madril, 1991) Centro Cultural del Conde Duque.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Montserrat Fornells Angelatsː «El pintor Antonio Ortiz Echagüe (1883-1942)», Euskonews, 461. zenbakia.