Antonio Márquez Salas
Antonio Márquez Salas (Mérida, Venezuela, 1919ko uztailaren 6a - Caracas, Venezuela, 2002ko otsailaren 12a) venezuelar ipuingilea izan zen. Bere literatura-ekoizpena kopuruz txikia den arren, Venezuelako XX. mendeko ipuingintzaren maisu handitzat hartua da, eta eragin handia izan du, Venezuelan ez ezik, baita Hego Amerika guztian ere. Márquez Salasek Venezuelako ipuinaren generoa eraberritu du, prosako generoetako gaien eta tekniken berrikuntza bilatu nahi zuen venezuelar kontalarien belaunaldi baten joerari jarraituz. Belaunaldi hura Contrapunto (1946-1949) aldizkariaren inguruan bildu zen, eta Venezuelako literaturak Europako eta Ipar Amerikako idazle modernoen joerak (Thomas Mann, Aldous Huxley eta John Dos Passos; Martin Heideggerren existentzialismoa) bereganatu zituen, baina beren sorterriko "moderno berrien" (Pocaterra, Meneses eta Uslar Pietri) proposamen estetikoak bilduz aldi berean. Horrela, Venezuelaren kontzientzia historikora hurbildu ziren, eta kanpoko joeren berrikuntzak bereganatu zituzten (batez ere existentzialismoa eta psikoanalisia). Márquez Salasek kontakizun laburrez osaturiko hiru ipuin-liburu eman ditu argitara, El hombre y su verde caballo (1947), Las hormigas viajan de noche (1956) eta Cuentos (1965). Kontakizun horietan irudi berriak erabili zituen, alde batera utzirik criollismoaren eta aurreko belaunaldien abangoardiaren eragina, eta prosa liriko hunkigarria agertzen dute. Hiru liburu haien ondoren bi antologia argitaratu zituen, Márquez Salas, El día implacable (1970) eta Sólo, en campo descubierto (1964), argitara emandako ipuin hautatuez osatuak biak.
Antonio Márquez Salas | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Q5766186 , 1919ko uztailaren 6a |
Herrialdea | Venezuela |
Heriotza | Caracas, 2002ko otsailaren 12a (82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta eta abokatua |
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.