Antonio Gezuraga Besangitz
Antonio Gezuraga Besangitz (Busturia, Bizkaia, 1919ko ekainaren 10a – Brevard, Florida, AEB, 1992ko apirilaren 10a) ingeniari bizkaitarra karrera profesionala Ameriketako Estatu Batuetan egindakoa eta bertako herritartasunaren jabea[1].
Antonio Gezuraga Besangitz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Busturia, 1919ko ekainaren 10a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Brevard konderria (Florida), 1992ko apirilaren 10a (72 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania ingelesa alemana italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | military engineer (en) |
Antoniok bere karrera profesionala AEBtako Itsas Armadan eta NASAn egin zuen. Hainbat sari eta domina jasotakoa da. Euskaraz gain —idatzi eta irakurtzeko gai omen zen— gaztelaniaz, ingelesez, alemanez eta italieraz egiten zuen.
Bizitza
Antonio 1919ko ekainaren 10ean jaio zen Busturian. Gurasoak busturiarrak zituen: Luzio Gezuraga Ateka, 1893ko abenduaren 13an Axpe auzoan jaiotakoa eta Estefana Besangitz Etxebarria, 1892ko abenduaren 26an jaiotakoa.
17 urte baino ez zituela, amak Estatu Batuetara bidali zuen. Frantziako Le Havre portura joan ondoren, 1936ko ekainaren 29an iritsi zen New Yorkera, SS Normandie ontzian. Etxe orratzen hirian bizi zen aita 1924z gero.
Estatu Batuetan itsas ingeniaritza ikasten hasi zen, baina Bigarren Mundu Gerrak eten egin zituen bere ikasketak eta merkataritza-nabigazioko karrera hasiberria. Estatubatuarra ez izan arren, AEBtako armadak 1941eko urtarrilaren 9an alistatu zuen. Hilabete batzuk geroago, irailean, Antoniok estatubatuar herritartasuna lortu zuen.
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Antonio, Maria Uriarte Atekarekin ezkondu zen. Maria 1920an jaio zen Brooklynen, New Yorken. Gurasoak etorkin euskaldunak zituen: Pedro Uriarte, 1891n Abadiñon jaiotakoa, eta Eulalia Ateka Ispizua, 1890ean Busturian jaiotakoa.
Antoniok eta Mariak bi seme izan zituzten ezkontza labur batean. Maria bigarren semea jaio ondoren hil egin zen. Antoniok haurrak Busturiara bidali zituen eta han hazi ziren aitaren aldeko amonaren etxean, 1957an New Yorkera itzuli ziren arte.
Urte horretan bertan, Antonio Eleonora Gregorattirekin ezkondu zen. Eleonora Gregoratti Luisianan jaio zen eta aita austriarra eta ama italiarra zituen. Eleonora AEBtako Armadako erizaina izan zen Pazifikon Bigarren Mundu Gerran.
Brevard-en (Florida) hil zen1992ko apirilaren 10ean erretiroa hartuta zegoelarik.
Bigarren Mundu Gerra
Gerra infanteriako bi erregimentutan egin zuen, beste hainbeste dibisiori zegozkienak: 39. erregimentuan (Old Reliables 9. dibisiokoa) eta 41. erregimentuan (Cactus 103. dibisiokoa). Gerran izandako esperientzia oso zabala izan zen, eta Ipar Afrikako eta Europako operazio-eremuetan aritu zen.
Aljeriara 1942ko azaroaren 8an ailegatu zen eta Aljeriako eta Tunisiako kanpainetan parte hartu zuen. Tunisian bere erregimentuak Lehen Dibisio Blindatua lagundu zuen alemaniarrei gailentzen 1943ko maiatzean. Ondoren, Sizilian eraman zuten bere unitatea zen. Bertan, zortzi egun egin zituzten Troinako batailan.
Siziliatik Erresuma Batura transferitu zuten bere unitatea Frantziako inbasioan parte hartzera. Normandiara D+4 egunean iritsi zen, Contentin penintsularen inguruko borrokan parte hartuz. Handik Parisko hegoalderaino eta geroago Belgikara joan zen bere erregimentua.
1944ko irailaren 19tik aurrera, bere unitatea Hurtgeneko basoko borroka beldurgarrietan eta Ardenetako batailan sartu zen. Handik Renaniara bidali zituzten eta Alemanian barneratu ziren. Data zehaztugabean, Europako gerraren amaieran edo gerra amaitu eta berehala, Infanteriako 411. erregimentuan sartu zen. Erregimentu horrek ohore handia izan zuen Italian borrokatutako Ipar Amerikako tropekin lotzeko lana hartu baitzuen, Alpeak zeharkatuz Brennero ibaiaren pasabidean zehar. Vipitenora iritsi zen 1945eko maiatzaren 4an.
Antoniok ohoreekin lizentziatu zen 1945eko abuztuaren 14an, laugarren mailako teknikari mailarekin.
Itsas Armadan
Lizentziatu ondoren, Antonio itsasora itzuli zen, hasiera batean ontzi-enpresa zibilentzat lan eginez.
1947ko martxoan, New Yorken basea zuen AEBtako armadako tropak garraiatzeko ardura zuen erakundearekin bat egin zuen. Soldaduak eta salgaiak Alemaniara eta Italiara eramaten zituzten. Hor azkar egin zuen aurrera bere ingeniari-karreran.
Golden Eagle ontzia, non1949az geroztik bigarren ingeniari laguntzaile gisa lan egiten zuen, 1950ean Itsas Garraio Militarreko Zerbitzuaren Atlantikoko Eremura eraman zutenean, Antoniok tripulazioko kide izaten jarraitzea erabaki zuen. AEBtako ontzi batzuetan ibili zen, New York eta Europa artean batez ere. USNS Buckneren aipamen berezia jaso zuen ingeniari nagusi gisa zituen dohainengatik, 1952tik baitzeukan kargu hori.
Espazio-programetan lanean
1965etik USNS Vanguarden nabigatu zen. Ontzi hori itsaso zabalean misilen jarraipena egiteko diseinatu zuten eta, besteak beste, Apollo programarako baliatu zuten. Ontziak Apollo 11ak Ilargira eginiko joan-etorriaren kontrolean jarduteko ardura izan zuen eta USNS Vanguardek misioan eginiko lanagatik Michael Collins Apollo 11ko aginte-moduluko pilotuak Antonio goraipatu zuen jendaurrean.
1970ean NASAko Goddard Hegaldi Espazialeko Zentroko Instrumentazio Bulegoko kide bihurtu zen Antonio. Horren bidez. Apollo-Soiuz proiektu estatubatuar-sobietarrean eta Skylab programan parte hartzeko aukera izan zuen.
1984an erretiroa hartu zuen NASAn.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Beurko, Asociación Sancho de. (2020-10-30). «Antonio Guezuraga Besanguiz. De las playas de Argelia en el 42 al Apollo 11» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).