Antonio Gezala
Antonio Gezala Ayrivier (Bilbo, 1889ko ekainaren 11 - ib., 1956ko irailaren 13a) bizkaitar margolaria eta idazlea izan zen. Merkataritza-ikasketak alde batera utzi eta pintatzen hasi zen. Olioak, grabatuak, erretratuak eta kartelak landu zituen, batez ere. Euskal Artisten Elkartearen sortzaile izan zen 1911. urtean, Bilbon. Erakusketa arrakastatsuak egin zituen Europako hiri askotan. Obra nagusiak: La ría en Desierto, Mi abuelo, Eloísa Elito de Guezala, Soledad Guinea, Begoña de la Sota eta Presidentas. Mota askotako argitalpenen ilustrazio-lanetan ere nabarmendu zen (ex-libris). Filatelia eta heraldikako liburuak idatzi zituen: El sello en la guerra carlista, El sello de seis cuartos (1936) eta Escudo de Bilbao (1966an argitara emana).
Antonio Gezala | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1889ko ekainaren 11 |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1956ko irailaren 13a (67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta artista grafikoa |
Margolari abangoardista
Bildumagile izatera eraman zuen arte zaharrari zion maitasuna ez zen eragozpen izan joera abangoardistenetara irekitzeko, nahiz eta bere inguruan ez zen inor ausartzen hauek lantzera. Gezalaren pintura kantitatez urria bazen ere, bere ausardiagatik, jakin-min agortezinarengatik eta nahi zuena egiteko zuen gose tolesgabeagatik hartu beharra dago gomutan; izan ere, artean kontserbadore samarra zen gizarte batean dohain hauek eraman zuten Bizkaian ondorengo belaunaldietan baino azaleratu ez ziren mugimenduen aitzindari izatera.
Ugari dira bere margolanetan modernismo sinbolistak, baina berari zor zaizkionak dira Bilboko Arte Ederren Museoko hainbat koadro, futurista izenez baino adierazten ez direnak:
- Automobil gorria (1922)
- Tranbien arteko talka
- Ate birakaria (1927).
Gezalak 1936an talde-lan honetan parte hartu zuen, Tellaetxe, Martinez Ortiz, Arruetarrak, Jenaro Urrutia, Arteta, Larroque eta Landetarekin batera:
Milizianoaren Umezurztegiko horma-irudietan, margolan hauek gerora deseginak izan baziren ere.
Eresoinka taldearekin Frantziara ihes egin zuen 1937an, baina Bilbora itzuli ahal izan zen 1941ean. Aldi baterako begietako argia galdu izanak margogintza uztera eraman zuen.
Bibliografía
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Aranzabal, Oier. (2023-09-13). «Gaur 67 urte dira Antonio Gezala margolaria hil zela» X (lehenago Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-09-13).
- (Gaztelaniaz) Mur Pastor, Pilar. (1990). Antonio de Guezala y Ayrivie. ISBN 84-87184-11-1..
- (Gaztelaniaz) Viar Bilbao, Javier. (2000). Bilbao en el Arte. ISBN 84-8056-192-0..
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia V liburutik txertatu zen 2016-12-07 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.