Antonio Etxanobe Zaldibar
Antonio Etxanobe Zaldibar (Otxandio, Bizkaia, 1768ko maiatzaren 28a - 1854ko azaroaren 15a) bizkaitar apaiz, artzapezpiku eta inkisidorea izan zen.
Antonio Etxanobe Zaldibar | |||||
---|---|---|---|---|---|
1826ko martxoaren 13a - ← Jaime Creus y Martí (en) - José Domingo Costa y Borrás (en) → Elizbarrutia: Roman Catholic Archdiocese of Tarragona (en)
1818ko urriaren 2a - Elizbarrutia: Nicosia titular see (en) | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Otxandio, 1765eko maiatzaren 28a | ||||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||||
Heriotza | 1854ko azaroaren 14a (89 urte) | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | apaiz katolikoa | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Gurasoak Euskal Herriko familia noble eta aberats batekoak ziren. Oñatiko Unibertsitatean Legeak ikasi zituen, doktoretza eta katedra lortu zituen eta birritan unibertsitate horretako errektorea ere izan zen[1].
1792an apaiztu zen eta, oposizio ezberdinak egin ondoren, Santiagon maestrescuela izan zen, hau da, Eskritura Santuetan edo zuzenbide kanonikoan doktore edo maisu edo lizentziadunei ematen zitzaien duintasuna[2].
Inkisidore
1800 urtean, Kanarietako Auzitegiko Inkisidore Fiskal izendatu zuten. Bertan egindako lanengatik Gorteko Auzitegiko Inkisidoretzara bultzatu zuten, baina ezin izan zen gauzatu Frantziarekin izandako gerraren eta Inkisizioa ezabatzearen ondorioz. Dena den, Inkisizioa berrezarri ondoren, 1814an Madrilera itzuli zen, eta Santiagoko Auzitegira bidali zuten. Hamabost urte baino gehiagoz inkisidore apostolikoa izan zen[3].
Artzapezpiku
1818ko ekainaren 29an Fernando VII.ak Real Sitio de San Ildefonsoko Hirutasun Santuaren eliza kolegiata eta parrokiako abade izendatu zuten eta berehala, 1818ko urriaren 2an, Nikosia edo Leukosiako tituludun artzapezpiku izendatu, in partibus infidelium. Etxanobek apezpiku-sagarapena jaso zuen Madrilgo San Antonio del Prado kaputxinoen elizan, 1819ko urtarrilaren 10ean. Zazpi urtez izan zen Real Sitio de San Ildefonsoko Hirutasun Santuare abadiaren buru.
1825eko urriaren 28an, Fernando VII.ak Tarragonako artzapezpikutzarako aurkeztu zuen, eta Leon XII.a Aita Santuak bultzatu zuen 1826ko martxoaren 13an. Urte bereko ekainaren 25ean hartu zuen kargua[4][3].
Erbesteratzea
Etxanobek bederatzi urte zeramatzan Tarragonan, 1835ean matxinada antiklerikal iraultzaile batzuk piztu zirenean, erlijiosoak hiltzea eta Bartzelonako, Reuseko eta Tarragonako komentuetan su hartzea eragin zutenak, artzapezpikuaren bizitza arriskuan jartzera iritsiz. Artzapezpikua, agintari zibilen babesik eta laguntzarik gabe, korbeta ingeles batean babestu zen, eta Mahonera eraman zuen, Menorca uhartean. Baina hemen ere bere bizitza arriskuan zegoenez, Frantziara ihes egitea erabaki zuen eta Nizan bizi izan zen bost urtez. 1841ean Erromara joan zen. Erroman egin zuen egonaldiak aukera eman zion erromatar kuriako pertsonaiekin maiz harremanetan egoteko eta Espainiako egoera politiko-eklesialari buruzko berriak sarritan jasotzeko.
Azken urteak
1844an erbestea altxatu zitzaion, baina ez zen hurrengo urtera arte itzuli. Gregorio XVI.ak Tortosa eta Gironako elizbarrutietako administratzaile apostoliko izendatu zuen. 1854ko azaroaren 15ean hil zen[5].
Erreferentziak
- «CONSEJOS,12159,Exp.62 - Echanove y Zaldívar, Antonio de» PARES (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
- (Gaztelaniaz) «Antonio Fernando de Echánove y Zaldívar. El Arzobispo perseguido» Tarragona1800 2012-03-20 (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
- «ECHANOVE ZALDIVAR, Antonio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
- «Archdiocese of Tarragona, Spain» GCatholic (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- Cárcel Ortí, Vicente. (1974). «Cartas del arzobispo Echánove, de Tarragona» Analecta sacra tarraconensia: Revista de ciències historicoeclesiàstiques 47 (1): 129. ISSN 0304-4300. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).