Antonio Elizalde
Antonio Elizalde Iriarte (Aniz, 1884 – Arizkun, 1956) baztandar txistularia eta folklore biltzailea izan zen, eta Maurizio Elizalde txistulariaren aita.[1][2]
Antonio Elizalde | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aniz, 1884 |
Heriotza | Arizkun, 1956 (71/72 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | txistularia |
Bizitza
Antonio Elizalde 1884an jaio zen Baztango Aniz herrian. Hiru urte zituelarik, Amaiurko Lizundegiko mendia baserrira aldatu zen familia. Hogeitabi urte bete berriak zituela piztu zitzaion musikarako grina, eta txistua jotzeari ekin zion. Raimundo anaiak klarinetea jotzen zuen, eta Antoniok ere ikasi zuen musika tresna hori menderatzen.[1] 1910ean plazaratu zen lehenbiziko aldiz jendaurrera, Ignacio Santxotena Iruritako txistulariarekin batera.
Plazak ugarituz joan zitzaizkion, eta 1923an kontratatu zuten aurrenekoz Iruñeko Sanferminetan jotzeko. 1924an, ezkondua eta lau seme-alabekin, Arizkungo Martintonera joan zen bizitzera, eta herri horretako txistulari ofizialaren postua eskuratu zuen.[3] Garai hartan ezagutu zituen Aita Donostia eta Hilario Olazaran musikariak. Musikologo lagun horien bitartez, bi emanaldi egin zituen Bilbon, Baztango dantzariekin batean, eta baita 1929ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ere.[1][4][oh 1]
Maurizio semeari txistua eta klarinetea jotzen irakatsi zion. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, Elizalde aita-semeak plazaz-plaza ibili ziren, tresna bat edo bestea jotzen, dantza bakoitzaren arabera. Horrez gain, Mauriziok aitari ikasitako doinu guztiak pentagrametara pasatu zituen.[5]
Erreferentziak
- Elizalde aita-semeak, txistua jo eta irakatsi. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-3).
- Sánchez Ekiza, Karlos. Elizalde Iriarte, Antonio. Auñamendi Entziklopedia, 2023 (Noiz kontsultatua: 2023-10-3).
- Aranburu Urtasun, Mikel. El txistu y el tamboril en Navarra. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, ISSN 0590-1871, 44. urtea, 87. zenbakia, 2012, 5-69. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-3).
- Ibañez Lusarreta, Aritz. Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan. Dantzan, 2020ko abenduak 10, CC BY-SA 3.0, dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-3).
- Oiartzabal, Mailo. Elizalde, Baztango folklorearen lekuko. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-3).
Oharrak
- Mariano Izetak Baztango txistularien kondaira artikuluan azaldu zuenez, arizkundarrak, erratzuarrak eta elizondarrak izan ziren Bartzelonan aritu ziren baztandar mutildantzariak; txistulariak, berriz, Antonio Elizalde, Manuel Jaurena atabalariak lagundurik, eta Joxe Telletxea erratzuarra.