Antonio Arrue

Datu biografikoak

Ikasketak Lekarozko ikastetxean eta Oviedoko Unibertsitatean egin zituen.[1] Ogibidez legegizona zen, bulegoa Donostian zuen, eta errenta- eta jaraunspen-kontuetan espezializatua zegoen; horrek euskaldun petoekin harreman handia izatea ekartzen zion.[2]

Katolikoa zen, eta Euskal Herrian kristau-sinesteen eta ohituren gainbeherek kezkatzen zuten.[1]

Ibilbide politikoa

Politikari tradizionalista izan zen (Gipuzkoako Comunión Tradicionalista izeneko alderdiko burua). 1936ko Gerra Zibilaren osteko diktaduran, Falange alderdiarekin izandako tirabiretan rol nagusia izan zuen.[3]

Euskal kultura

Bere eragin politiko eta profesionala erakundeetan euskara bultzatzeko baliatu zuen. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Egan aldizkariaren zuzendaria izan zen, Aingeru Irigarairekin eta Koldo Mitxelenarekin batera, artikulu ugari idatzi zuen euskaraz garaiko euskal aldizkarietan. Jan-Edanak liburua, sukaldaritzari buruzko artikuluak biltzen zituena, eman zuen argitara (gaiaz Historian euskaraz argitaratutako laugarren liburua[4]). Gabriel Arestiren lehen laguntzaile eta bultzatzaileetakoa izan zen.

1936ko gerra ondorenean Euskaltzaindiaren aldeko kudeaketan eta baimen lortzean egiteko garrantzitsua izan zuen, bereziki 1956ean lehen biltzar nagusi agerikoa Arantzazuko santutegian egin ahal izateko. 1954an euskaltzain oso izendatu zuten. 1960ko hamarkadan Geroren argitaraldi berrirako behar zen dirua lortu zuen. 1969an Euskaltzaindiaren lege-nortasuna finkatzeko lanean aritu zen. Jendaurreko ospakizunetan maiz hitzaldiak euskaraz ematea egokitzen zitzaion, hiztun trebe eta bizia baitzen. Berebat, Euskaltzaindian bertsolari-lehiaketak eta jaialdiak antolatzeko batzordean nabarmendu zen.

Zenbait euskal idazle historikoren lanak ere aztertu zituen. 1950eko hamarkadan Gipuzkoako Aldundiaren liburutegian hitzaldi batzuk ematen ziren euskaraz, aspaldiko euskal idazleei buruz, eta Arruek Asteasuko Agirre eta Gerrikori buruz hitzaldi bana eman zituen, gero Eganen argitaratu zirenak. 1956ean, Mogelen Peru Abarkaren argitaraldiaren (Itxaropena, Kuliska sorta) hitzaurrea egin zuen. Euskera aldizkarian Loramendi, Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Azkue eta Arestiri buruzko hitzaldiak argitaratu zituen. Euskararen batasunari buruzko kezka ere bazuen, eta horren kontura hitzaldia eman zuen Donostian, eta artikulua argitaratu Euzko Gogoa aldizkarian.

Donostiako "Julio de Urquijo euskal Filologi Mintegia"ren sortzaileetako bat izan zen.[1]

Lanak

Artikuluak

  • Egan, Euzko-Gogoa, Herria, Euskera, Zeruko Argia, El Fuerista, etc.
  • Gazi-gezak, Egan, 1956.
  • El bertsolari Bordel en el castillo donostiarra. 1823, 1971.

Liburuak

  • Jan-edanak (1979, GAK)
  • Idaztiak eta hitzaldiak, 2009, Euskaltzaindia.

Erreferentziak

  1. VILLASANTE, Luis, 1978. "Jan-Edanak" liburuari hitzaurrean.
  2. Martorell Pérez 2011, p. 855, Bernardo Estornés Lasa, Antonio Arrúe Zarauz
  3. Manuel Martorell Pérez, Antonio Arrue, Euskaltzaindiaren suspertzean lagundu zuen karlista, [in:] Euskera 56 (2011), pp. 847–872
  4. SAN MARTIN, Juan, 1979. https://egoibarra.eus/es/publicaciones/escritores/187/at_download/file

Kanpo-estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.