Anton Mendizabal
Anton Mendizabal (Donostia, 1945) eskultorea eta artisaua da.
Anton Mendizabal | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1945 (78/79 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Bizilekua | Oiartzun |
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea eta irakaslea |
antonmendizabal.com |
Biografia
Filosofia eta letretan lizentziatua eta txistu karrera egindakoa, irakaskuntzan jardun izan da Anton Mendizabal 25 urtean. Orereta ikastolako arte, musika, historia, kultura eta plastikako irakaslea izan zen. Urteak aurrera joan ahala irakaskuntzarekin batera artisautza eta eskultura lantzen hasi zen. Lan horiek geroz eta denbora gehiago hartuko diote eta irakaskuntza utziko du azkenerako, buru-belarri arte munduan murgiltzeko.
1970eko hamarkadan ekin zion Mendizabalek artisautzari, bere osaba Alejandro Amenabarrekin euskal egur tailagintza ikasi zuenean. 1980eko hamarkada iristearekin batera modu profesionalean ekin zion artisautzari, Gipuzkoako tradiziozko artisau saria jasoz besteak beste. Hamarkada horretan helduko dio eskulturari ere. Argela lana da hastapen horien adierazle. Era berean euskal mitologiaren eta historiaurrearen inguruko hainbat eskultura landuko ditu hamarkada osoan.
1990eko hamarkadan pilota jokoaren inguruko artelanak egiten hasiko da. Hasieran egurrezko eskulturak izan ziren. Gaian sakontzen joan ahala pilotaren inguruko proiektu handiagoei ekin zien, hala nola Azkoitiako Oteiza pilotaguneak. Era berean euskal kulturako hainbat erakunde eta hedabiderekin kolaboratu du: Bertsozale Elkartea, Argia, Egunkaria, Gipuzkoako Aurresku Txapelketa edo Gipuzkoako Dantza Txapelketa, besteak beste.
1997an beste hainbat artistarekin batera Pagoarte kultur elkartea sortu zuen Oiartzunen, eta elkarte horren lokalean hasi zen lanean.
2000. urtetik aurrera egin dituen lanen artean Olivier Messiaen konpositorearen omenez egindako eskulturak nabarmentzen dira. 2008an, Messiaen-en jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Parisko Trinitate elizan erakutsi zituen eskultura horiek, baita urte bereko abuztuan Donostiako Kutxa Boulevard aretoan ere, Soinuak Soin izeneko erakusketan.
Otaiza pilotalekuak, arkitekturarekin elkarlanean egindako lan bat dira, Azkoitian[1].
Iruditegia
- Sutar (Oteizaren omenez), 2008, Oiartzunen.
- Oteiza frontoiak, Azkoitia.
- Oteiza frontoien ondoko pilotariak.
Erreferentziak
- «Lanak • antonmendizabal.com» www.antonmendizabal.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-29).