Antoine Coysevox

Charles Antoine Coysevox (Lyon, Frantzia, 1640ko irailaren 29a - Paris, Frantzia, 1720ko urriaren 10a) frantses eskultore eta dekoratzailea izan zen. Luis XIV.a erregearen garaiko eskultore garrantzitsuena izan zen, eta Le Brunek zuzenduriko Versaillesko apaindura-lanetan jardun zuen. Bereak dira, besteak beste, Garonne eta La Dordogne estatuak eta Vénus accroupie (Venus makurtua) eta Mercure eskulturak.

Antoine Coysevox

Bizitza
JaiotzaLyon, 1640ko irailaren 29a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis, 1720ko urriaren 10a (80 urte)
Familia
AitaPierre Coysevox
AmaYsabeau Morel
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakeskultorea
Lan nabarmenak
KidetzaAcadémie royale de peinture et de sculpture (en) Itzuli
MugimenduaBarrokoa
Louis XIV style (en) Itzuli

Estiloaren aldetik Girardonen areriotzat hartua zen, eta garai hartako estilistikaren eta gustuaren bilakaera zela-eta Girardon baztertu zutenean, haren lekua hartu zuen gortean.

Biografia

Jaiotzaz Lyongoa izan arren, oso gazterik joan zen Parisa, eta Akademian egin zituen ikasketak. Hasiera-hasieratik nabaritzen da tradizio barrokoaren eragina Coysevoxen obretan. Garai hartan oraindik indarrean zen klasizismoari aurre egin zion.

1679. urtean hasi zen Versaillesko jauregian lanean, Charles Le Brunen zuzendaritzapean. Gorabehera handiak izan zituen hasieran, muga handiak aurkitu baitzituen sarrerako patioko eta lorategietako iturriak eta estatuak egiterakoan. Izan ere, Girardon zen garai hartan gorteko lehen eskultorea eta hura hartzen zen, horrenbestez, eredu. Baina Coysevox ez zetorren haren formulekin bat: haren hoztasun eta artifizialtasuna gutxiesten zuen Coysevoxek, baina nagusien nahia betetzeko estilo klasikoko ereduari jarraitu behar izan zien, Girardonen erara moldatuz bere lanak. Pixkanaka arreta erakarri zuen Coysevoxek, ordea, eta barnealdeko apainketarako bera hautatu zuten azkenik. Aipatzekoak dira Ispiluen galeria eta, batez ere, Gerraren aretoan egindako Luis XIV.aren estuko-lan bikaina, zeinetan ageri-agerian gelditu baitziren Coysevoxen barrokismoa eta konposizioaren dinamismoa, formula klasikoak alde batera utzita.

Barrokoarekiko zaletasun hori are garbiago ikus daiteke hileta-monumentuetan. Obra horietan erliebe nabarmenak, bizitasun handiagoa eta xehetasun handiagoko fisionomia eta jantziak agertzen dira, adibidez Mazarinoren hilobi bikainean (1689-1693, Louvreko Museoan). Garai hartatik aurrera finkatu zuen Coysevoxek erabat bere estiloa, eta beste lanengatik baino gehiago, erretratugile gisa nabarmendu zen. Erretratu garrantzitsuena Luis XIV.a erregearena du (1680 ingurukoa). Brontzez egina dago, eta Berninik errege hari herari egindako bustoaren eragina sumatzen da.

Erretratuetan psikologia-azterketa bikainak eskaini zituen, oro har, eta horrela bere garaiko pertsonaien galeria ikusgarria osatu zuen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antoine Coysevox Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.