Seroterapia
Seroterapia odol-serumaren erabilera terapeutikoari deritzo. Jakina denez odol-serumek antigorputzak dauzka, immunitate pasiboaren bidez seroterapiaren hartzaileari transferitzen zaizkionak, gaixotasun bati aurre egiteko. Tratamendu honek emaitza azkarrak ematen ditu, baina iraupen motzekoa da. Erabilitako odol-seruma animalia batengandik eskuratu daiteke (zaldiarengandik, batez ere) edo gizaki batengandik (giza-seruma).
Immunitate aktiboaren aldean (txertoak) immunitate pasiboa terapeutikoa da, ez da prebentiboa: gaixotasuna agertu denean erabiltzen da, ez baitago astirik immunitate aktiboa garatzeko.
Odol-serumaren erabilera da gaur egun Ebola birusak sortzen duen sukar hemorragikoa tratatzeko dagoen tresna bakarra: gaitz honetatik bizirik irten direnen odolak birusaren aurkako antigorputzak baititu. Hala ere, gaurkoz tratamendu horrek arrakasta-maila apala du.[1] Tetanos eta botulismoaren aurka, difteria eta amorruaren aurka, eta sugeek eragindako pozoitzearen aurka ere erabiltzen da seroterapia egun.
Albaitaritzan ere animalien hainbat gaixotasuni aurre egiteko odol-serum immunologikoa erabiltzen da.
Odol-serum immunologikoa (seroterapian erabiltzen dena) lortzeko prozedura klasikoa honetan datza: zaldi bati antigeno bat injektatzen zaio (mikrobio ala toxina), bere serumean antigeno horren aurkako antigorputz ugari ekoiz zitzan. Zaldiaren hiper-immunizazioa burutzen da, hots, antigenoaren dosi handiak aste batzuetan zehar ematen zaizkio antigorputzen ekoizpena oparoa izan dadin. Gero, animalia horrengandik odola ateratzen da, odol-seruma eskuratzeko zentrifugatu eta koagulatu egiten dena. Zaldiaren odol-seruma erabili aurretik, azkenik, seruma purifikatu egin behar da, zaldiaren berezko proteinak kenduz odol-serum honetatik hartzailearengan errefusa-fenomenoak gerta ez daitezen.
Animalien odol-serumaren erabilera motelduz joan zen XX. mendea aurrera egin ahala. Giza odol-serumak ordezkatu zuen. Gaixotasuna pasatu duten gizakiengandik eskuratzen da serum hau, gaitzaren aurkako antigorputzak dituena. Giza odol-seruma ez da osorik erabiltzen, bere frakzio gamma-globulinikoa soilik baizik. Horregatik esaten da, adibidez, gamma globulina anti-tetanikoa aplikatzen dela, hots, odol-serum anti-tetaniko batetik datozen gamma-globulinak.
Antigorputz monoklonalen aurkikuntzak hautsak harrotu zituen immunologoen artean. Geroztik, immunitate pasiboaren arloan gero eta gutxiago erabiltzen da seroterapia, antigorputz monoklonalen mesederako.
Kanpo estekak
- Mupapa K, Massamba M, Kibadi K, Kuvula K, Bwaka A, Kipasa M, Colebunders R, Muyembe-Tamfum JJ. 1999. Treatment of Ebola Hemorrhagic Fever with Blood Transfusions from Convalescent Patients. The Journal of Infectious Diseases 179(suppl 1):S18-23.