Antioxidatzaile
Antioxidatzailea beste molekula batzuen oxidazioa atzeratu edo ekiditeko gai den molekula da. Oxidazioa substantzia batetik agente oxidatzaile batetara elektroien transferentzian oinarritzen den erreakzio kimikoak da. Erreakzio honek erradikal askeak sor ditzake, eta hauek zelulak kaltetzen dituzten erreakzio kateei hasiera ematen diete. Antioxidatzaileek erreakzio hauei bukaera ematen diete erradikal askeen bitartekariak kenduz eta beste oxidazio erreakzio batzuk inhibituz, euren buruak oxidatuz. Hori dela eta, antioxidatzaileak agente erreduzitzaileak dira.
Antioxidatzaileak hainbat elikagaietan daude: baratxuri, arroz integral, kafe, azalore, brokoli, jengibre, perrexil, tipula, zitriko, tomate, mahatsondoen hazien olio, te, erromero… Amaren esnearen osagai garrantzitsua ere badira.
Oxidazio erreakzioak bizitzarako ezinbestekoak diren arren, kaltegarriak ere izan daitezke; horregatik landare eta animaliek antioxidatzaile mota anitzen sistema konplexuak mantentzen dituzte. Horien artean daude: glutationa, C bitamina eta E bitamina, baita katalasa, superoxido dismutasa eta zenbait peroxidasa entzimak ere. Antioxidatzaileen maila baxuek edo entzima antioxidatzaileen inhibizioak, estres oxidatiboa sortzen du eta honek zelulak kaltetu edo hil ditzake.
Estres oxidatiboa giza gaixotasun askoren patogenesiarekin erlazionatu da. Hori dela eta, farmakologia mailan modu intentsiboan ari dira ikertzen antioxidatzaileen erabilera, batez ere istripu zerebrobaskular eta gaixotasun neurodegeneratiboen tratamendurako. Aitzitik, ez dakigu estres oxidatiboa gaixotasun hauen zergatia edo ondorioa den.
Antioxidatzaileak gehigarri dietetikoen osagai gisa ere oso erabiliak dira, minbizia eta kardiopatia iskemikoa bezalako gaixotasunak aurrezaindu eta osasuna mantentzeko itxaropenarekin. Ikerketa batzuk antioxidatzaile gehigarriak osasunarentzat onuragarriak direla dioten arren, beste entsegu kliniko handi batzuk ez dute desberdintasunik nabaritu probatutako formulazioentzat eta gehigarrien gehiegizko erabilera kaltegarria da batzuetan.
Medikuntzan dituzten aplikazioez gain, aplikazio industrial asko ere badituzte, esaterako elikagai eta kosmetikoen kontserbatzaile gisa edo gasolina eta kautxuaren degradazioaren prebentzioan.
Antioxidatzaileak landareetan
Landareetan aurkitu daitezkeen antioxidatzaile motak
- Polifenolak: landareak askotan ugariak diren konposatuak dira, antioxidatzaile gisa jokatzea ahalbidetzen dioten egitura kimiko berezidunak. Polifenolen adibide ohikoenak flabonoideak, taninoak eta azido fenolikoak dira.
- Karotenoideak: fruta eta barazkiei kolore hori, gorri eta gorria ematen dieten pigmentu begetalak dira. Karotenoideen propietate antioxidatzaileek gaixotasun kardiobaskularren eta minbizi mota batzuen arriskua gutxitu dezaketela egiaztatu da.
- C bitamina (azido askorbikoa): fruta zein barazki askotan agertzen den bitamina hidrosolugarri bat da.
Antioxidatzaileen funtzioa landareengan
- Estres oxidatiboaren aurreko babesa: landareak momentuoro erradikal askeekin zein bestelako konposatu oxidatzaile batzukin kontaktuan daude, fotosintesia bezalako prozesu metabolikoen ondorioz.
- Ingurumen eraginen aurreko babesa: ingurumeneko zenbait faktorek (eguzki argiak, tenperatura altuak, estres hidrikoak, patogeno bidezko infekzioek…) landareengan negatiboki eragin dezakete. Honen aurrean antioxidatzaileak ingurumen estresaren ondorioz sortutako erradikal aske eta bestelako konposatu oxidatzaileen aurrean landareei babesa ematen diete.
- Hazkuntza eta garapena erregulatzea: landareetako antioxidatzaile batzuk eragin hormonalak dituztela frogatu da, eta ondorioz hauen hazkuntza eta garapena erregulatu dezaketela. Azido askorbikoak adibidez landareen sustraien eta kimuen hazkuntza erregulatzen laguntza du.
Landare antioxidatzaileak
Antioxidatzaileetan aberatsak diren landareak, hauen propietateak eta osasunerako onurak
Orokorrean, kolore bizidun landare eta fruituak aberatsak izaten dira antioxidatzaileetan, nahiz eta beste landare askok ere antioxidatzaileak dituzten eta osasunerako onak diren.
- Baiak: masustak, mugurdiak, ahabiak eta marrubiak bezalako fruituak aberatsak dira antioxidatzaileetan, bereziki polifenoletan; flabonoide eta azido fenolikoetan adibidez. Konposatu hauek kalte zelularren aurrean laguntzen dute, baita minibiziaren, gaixotasun kardiakoen eta diabetesaren aurrean arriskuak murriztu ere.
- Fruta zitrikoak: limoiak, laranjak, mandarinak eta pomeloak aberatsak dira C bitaminan, inmunitate sistema hobetzen eta kalte zelularren aurrean babesten lagunduz. Bitamina honek minbizien eta gaixotasun kardiakoen aurreko prebentzioan eraginak dituen propietateak ere baditu.
- Hosto berdedun barazkiak: horrela sailkatzen ditugun barazkiak, hala nola, ziazerba eta brokolia, C eta E bitaminan eta karotenoideetan aberatsak dira, eta zenbait gaixotasunen agerpena ekiditen lagundu dezakete. Honez gain, elikagai garrantzitsuak dira, bitaminetan, zuntzetan eta beharrezko mineraletan aberatsak izanik eta kaloria gutxikoak izanik dieta osasuntsu baterako oso egokiak direlako.
- Te berdea: polifenoletan oso aberatsa da, katekina izenekoan bereziki, propietate antioxidatzaile handiduna. Te berdea erregularki kontsumitzeak gaixotasun batzuen aurreko prebentzioa, buruko osasunaren hobekuntza eta ongizate kognitiboa dakartzala fraogatu da.
- Infusio belarrak eta espeziak: oreganoa, erromeroa, kurkuma eta jengibrea polifenoletan eta karotenoideetan aberatsak dira. Hauek hanturaren aurkako propietateak dituzte eta digestioan, inmunitate sisteman eta burmuinaren ongizatean lagundu dezakete.
- Fruta tropikalak: papaia, mangoa eta anana bezalako fruta tropikalak C bitamina eta karotenoideak bezalako antioxidatzaileetan aberatsak dira. Zuntzean, bitaminetan eta mineraletan aberatsan direnez, dieta egoki bat mantentzeko egokiak diren elikagaiak dira, eta hauen kontsumo egoki batek gaixotasun kroniko batzuen arriskuan lagundu dezakete, baita digestioan eta azalaren osasunean ere.
Antioxidatzaileak landareetatik erauzteko metodoak
Disolbatzaile bidezko erauzketa
Disolbatzaile bidezko erauzketa: landareetako antioxidatzeileak lortzeko metodo ohikoena da. Prozesu hau disolbatzaile organikoen bidez burutzen da, etanola, metanola edo azetona adibidez, konposatu antioxidatzaileak materia begetaletatik erauzteko.
Erauzte prozesua materia begetala txikitzen hasten da, hau ontzi itxi batean disolbatzaile batekin nahastuz. Nahasketa irabiatu eta tenperatura espezifiko batean berotzen da denbora jakin batez, antioxidatzaileak disolbatzailean disolbatzeko.
Erauzketa bukatutakoan, materia begetala eta disolbatzailea banatu egiten dira. Disolbatzailea ebaporazioz edo destilazioz deuseztatu ostean, antioxidatzailez osatutako soluzio kontzentratu bat lortzen da.
Metodo hau oso erabilgarria da landareetatik antioxidatzaile kantitate handiak lortzeko, baina desabantaila batzuk eduki ditzake, disolbatzaile arrastoak geratzea edota ebaporazioan antioxidatzaile batzuk galtzea. Horregatik, garrantzitsua da metodo hau kontuz aplikatzea eta purutasun probak egiten joatea, lortutako antioxidatzaileen kalitatea neurtzeko.
Presio altuko teknologien bidezko erauzketa
Presio altuko teknologien bidezko erauzketa (HAE, ingelesez) : erauzketarako metodo berriena da. Prozesu honetan makina berezi bat behar da, zeinak presio handi bat eragiten duen, materia begetalaren pareta zelularrak hautsi eta konposatu antioxidatzaileak aterarazteko. Erabiltzen den presioa 100 eta 1000 MPa artekoa izan ohi da, hau da, ohiko presio atmosferikoa baino altuagoa.
Presio altuko metodo honek onurak ekarri ditzake beste batekin alderatuz gero, izan ere, konposatu antioxidatzaileen erauzketa efizientzia handiagoa da, eta konposatu hauen degradazio maila txikiagoa ematen da, prozesua presio altuan egiten bada ere giro tenperaturan egiten delako.
Gainera, metodo honen bitartez konposatu antioxidatzaile gehiago lortu daitezke, beste metodo batzuen bidez erauzteko zailak diren horiek ere. Hala ere, alde txarrak ere baditu, makinaria espezializatua eta honen prezioa adibidez.
Aipatu behar da, presio altuko teknologien bidezko erauzketa, ikergai dagoen teknika bat dela elikagaien eta farmaziaren industrietan.
Jariakin superkritiko bidezko erauzketa
Jariakin superkritiko bidezko erauzketa: disolbatzaile gisa jariakin superkritiko bat erabiltzen duen teknika da.
Landareetatik antioxidatzaileak erauzteko erabiltzen den jariakin superkritiko ohikoena karbono dioxidoa (CO2) da. CO2 superkritikoa oso eraginkorra da konposatu antioxidatzaileak materia begetaletik ateratzeko, ingurumenarekiko kaltegarria ez izateaz gain.
Erauzketa prozesua materia begetala CO2 superkritikoarekin batera kamara batean sartzean hasten da. CO2aren presioa eta tenperatura konposatu antioxidatzaileak jarikinean disolbatzeko egokitzen dira. Erauzketa burututa dagoenean, presioa jeitsiz CO2a askatzen da, disolbatutako antioxidatzaileak lortuz.
Jariakin superkritikoen bidezko erauzketaren metodoak abantaila batzuk dakartza besteekin alderatuz:
- Espezifikotasun handioa du konposatuen erauzketan
- Konposatu antioxidatzaileen degradazioa txikiagoa da prozesuan zehar
- Disolbatzaile organiko toxikoak erabiltzea ez da beharrezkoa.
Alde txarrak, makinariaren kostua eta baldintza espezifikoak dira. Baina orokorrean, metodo honek onura nabariak dakartza erauzketan.
Landare antioxidatzaileen erabilerak
Landareetan agertzen diren antioxidatzaileek aplikazio eta erabilera ugari dituzte, industria desberdinetan. Hauek gizakion osasunean duten eragin positiboaren eta lipidoen eta proteinen oxidazioaren prebentzioan duten garrantziaren ondorioz, konposatu hauek geroz eta balio handiagoa dute eta erabiliagoak dira industria modernoan.
Elikagai industrian
Landareetako antioxidatzaileak elikagaien kalitatea hobetzeko erabiltzen dira eta hauetan dauden lipido eta proteinak oxidatzea ekiditeko. Hau oso garrantzitsua da elikagai prozesatuen industrian, olioetan, margarinan zein haragizko produktu prozesatuetan. Elikagai industrian erabiltzen diren antioxidatzaile adibide batzuk, te berdearen, mahats hazien eta erromeroaren erauzkinak dira.
Industria kosmetikoan
Antioxidatzaileak azala erradikal askeen eta beste zenbait faktoreen aurrean babesteko erabiltzen dira. Industria honetan te berdea, E bitamina eta mahats hazien erauzkinak dira ohikoak.
Farmazia industrian
Landareen antioxidatzaileak estres oxidatzailearekin lotutako gaixotasunen prebentzio zein tratamenduan erabiltzen dira; minbizietan, gaixotasun kardiobaskularretan eta gaixotasun neurodegeneratiboetan adibidez. Farmazia munduan erabilienak diren antioxidatzaileetako batzuk kurkumina, resberatrola eta kertzetina dira.
Albo-ondorioak eta kontuan hartu beharreko neurriak
Orokorrean landareetako antioxidatzaileak osasunerako onuragarriak badira ere, bigarren mailako ondorioak eta arriskuak kontuan hartu behar dira.
Landare antioxidatzaileak kontsumitzearen albo-ondorio posibleak
Antioxidatzaileen kontsumo handia osasunerako kaltegarria izan daitekeela dioten ikerketak dauden; adibidez, E bitaminaren gehiegizko kontsumoak odol-jarioen agerpena areagotu dezake, baita sendagai batzuen eraginkortasuna gutxitu ere.
Antioxidatzaile batzuk, medikamentu batzuekin elkareragin dezakete, antikoagulatzaileekin adibidez, odol-jarioen agerpena oso arriskutsu bihurtuz.
Landare antioxidatzaileak kontsumitzerako orduan hartu beharreko neurriak
Neurriei dagokienez, garrantzitsua da kontuan hartzea antioxidatzaile batzuk medikamentuekin elkareragin dezaketenez eta albo kalteak sortu, osasunean profesionalak direnekin kontaktuan egotea beharrezkoa dela elikagai osagarriak diren antioxidatzaileak hartu aurretik, gehienbat sendagairen batekin tratamenduan egonez gero eta gaixotasun kronikoren bat pairatuz gero.
Kontuan eduki behar den beste datu garrantzitsu bat antioxidatzaileak gaixotasunak sendatzeko mirariak ez direla da, nahiz eta onurgarriak izan daitezkeen elikaduran; hau da, ez dira medikamentuen ordezkapen bat.