Antikomunismo
Antikomunismo terminoa erabiltzen da, adiera zabalenean, komunismoarekiko aurkakotasun edo etsaitasun jarrera teorikoen eta praktikoen multzoa izendatzeko. Hala, antikomunismoa izan daiteke posizionatze ideologiko hutsa, diskurtso politiko egituratu bat, ekintza politiko bat edo propaganda egitea. Alta, antikomunismo hitzaren zentzua aldakorra da, izan ere, "komunismoa" berak ere herrialdeetan oso mamitze desberdinak izan baitu. Antikomunismoaren nolakotasuna azaltzen duten faktoreak lotuta daude borrokatu nahi den komunismo motaren ezaugarriekin.[1]
Kontzeptua XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean bilakaera luzea izan zuen, batez ere, boltxebikeek Errusian 1917ko urrian boterea eskuratu eta SESB sortu ondoren: ordutik, funtsean, antikomunismoa erregimen komunisten eta inspirazio leninista eta estalinista zuten alderdien kontrako jarrera bezala definitu zen. 1930eko hamarkadan, antisemitismoarekin batera, Alemania naziak martxan jarritako politiketako bat izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, antikomunismoa Estatu Batuen barne eta kanpo politikako funtsezko elementu bihurtu zen, SESBerekin aurrez aurre kontrajarriko dena Gerra Hotzaren garaian.
Antikomunismo kontserbadorea
Hamaika gatazka izan dira komunista eta kontserbadoreen artean. Iraultza komunista gehienak herrialde erlatiboki kontserbadoreetan gertatu dira eta komunistek iraulitako gobernu gehienak gobernu kontserbadoreak izan dira. Nazionalismo antikomunista hiru arrazoi nagusigatik agertu da: balio tradizionalen defentsarako, identitate nazional eta boterea kontserbatzeko egitura sozialen defentsarako eta prestigio nazionala mantentzeko.
Komunistek berdintasun sozial bat helburu dutenez, monarkia, aristokrazia eta beste oinordeko pribilegio eredu batzuek aurkakoak dira. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, mugimendu komunista primitiboa Europako herrialde gehienak gobernatzen zituen monarkia tradizionalei aurre egiten hasi zen. Garai hartan, monarkikoak ziren antikomunista nabarmenenak; ondorioz, monarkia europar askok ideia komunistak modu publikoan adieraztea debekatu zuten. Komunismoa defendatzea ilegala zen Errusiar Inperioan, Alemaniako Inperioan eta Austria-Hungariako Inperioan, Lehen Mundu Gerraren aurreko Europako hiru monarkia boteretsuenak. XIX. mendearen amaierara arte monarkikoak (konstituzionalistek izan ezik) desberdintasun ekonomikoak eta politikoak jainkoen plangintzan barneratuta zeudela irizten zuten.
Lehen Mundu Gerran zehar, Europako monarkia gehienetan, ideia komunistak mugimendu liberal eta nazionalistek ordezkatu zituzten. Ideia berri hauek erregeak nazioen buru sinbolikoak izan behar zirela eta benetako boterea aukeratutako gobernuen esku geratu behar zela esaten zuten. Europako monarkia kontserbadoreena, Errusiar Inperioa, Sobietar Batasun komunistak ordezkatu zuen. Iraultza Boltxebikeak beste hainbat iraultza komunista ekarri zituen Europan zehar 1917tik 1922ra arte. Horietako asko, Alemaniako Altxamendu Espartakista, kasurako, militar monarkikoek geldiarazi zituzten.
20 eta 30 hamarkadetan kontsebadore nazionalek beherakada izan zuten. Antikomunismoaren lehen lerroak beraz, mugimendu faxistak eta Estatu Batuetan inspiratutako kontserbadore liberalek hartu zituzten. Komunismoak fenomeno europarra izaten jarraitu zuen, ondorioz, antikomunismoa ere Europan zegoen kontzentratuta. Alderdi eta erakunde komunistak mundu mailan hedatu zirenean, tokian tokiko mugimendu nazionalistak ere agertzen hasi ziren.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, komunismoa fenomeno globala izatera igaro zen eta antikomunismoa Estatu Batuetako eta OTAN-eko politikaren parte izatera igaro zen. Gerra ondorengo kontserbadoreak euren erro monarkiko eta aristokratikoak alde batera utzi zituzten eta merkatu librea, jabetza pribatua, klaseen arteko kooperazioa, ohitura eta balio tradizionalen defentsan zentratu ziren. Kontserbadore horientzat, komunismoa arriskutsua da jabetza pribatua abolitzea eta arau kultural tradizionalak apurtzea duelako helburu.
Estatu Batuek ez zuten kontserbadurismo tradizionalik izan XX. mendean. Ondorioz, kontserbadurismo amerikarrak ez du ondare monarkikoa partekatzen Europarekin alderatuz gero. Aitzitik, indibidualismoan eta lehiaketa ekonomikoa positiboa delaren ideian dago oinarrituta, sentimendu erlijioso eta familia tradizionala defendatzeaz gain. Kontserbadore estatubatuarrak beti egon izan dira komunismoaren aurka, baina bereziki bateratu ziren 40 eta 50 hamarkadetan. Estatu Batuen lehentasun bihurtu zen antikomunismoa eta kontserbadore askok komunista iruditzen zitzaien edozer konbatitu zuten euren herrialdean zehar. Honek neurri politiko multzo bat hartzera eraman zuen gobernua "macarthismo" deitzen dena.
Gerra Hotzak iraun zuen bitartean, Asiako, Afriako eta Hispanoamerikako gobernu kontserbadoreek babes politiko eta ekonomikoa Estatu Batuetan aurkitu zuten. Hauetako batzuk erregimen autoritarioak sortu zituzten eta errepresioa legitimatzeko komunismoari beldurra, askatasun indibidualak ezabatzea eta demokrazia abolituko zela argudiatzen zuten. Adibide bezala, Hego Koreako Syngman Rhee, Indonesiako Ngo Dinh Diem, Txinako Chiang Kai-shek, Hego Vietnameko Suharto, Paraguaiko Alfredo Stroessner eta Txileko Augusto Pinochet.
80ko hamarkadan, Ronald Reagan, Margaret Thatcher eta Brian Mulroney-en gobernu kontserbadoreak kanpo politika antisobietarrarekin jarraitu zuten. Askok hori hartzen dute Sobietar Batasunaren erorketaren eta Ekialdeko Europara kapitalismoaren iritsieraren arrazoi gisa.
Antikomunismo faxista eta nazionalsozialista
Winston Churchill Benito Mussoliniz hitz egiten ari zela "bere agintearen alternatiba italiarrei eta Europari arrisku eta ezbeharrak ekarriko zizkiokeen Italia komunista bat izan zitekeela" esan zuen 1951n.
Faxismoa zein komunismoa goreneko unea Lehen Mundu Gerraren ondoren izan zuten sistema politikoak dira. Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerrako histoeiatzaileek, E. H. Car edo Eric Hobsbawm, adibidez, demokrazia liberalak gogor inguratuta eta desagertzeko arriskuan zeudela diote. Mugimendu sozialista banatu egin zen alderdi sozialdemokratetako buruek gerra babestu zutenean eta 1917ko Errusiar Iraultzaren aldeko alderdiek Alderdi Komunistak eratu zituztenean herrialde industrializatu zein desindustrializatuetan.
Lehen Mundu Gerraren eta Errusiar Iraultzaren ondoren, altxamendu sozialista eta marxistak izan ziren Europa osoan zehar; nabarmenena Alemanian 1919ko urtarrilean aurrera eraman zen Altxamendu Espartakista izan zen, baina porrot egin zuen. Bavarian, komunistek gobernua irauli eta Bavariako Errepublika Sobietarra ezarri zuten 1919an, aste gutxi batzuk iraun zituena. Antzekotasunak dituzte Alemaniako estatu batzuetan sortu ziren errepublika sobietarrak eta Hungarian Béla Kunen 1919an ezarri zuen gobernu sobietarra.
Historiagile askok faxismoa mugimendu hauei erantzuna emateko mugimendutzat hartzen dute. Faxismo italiarra, sozialista ohia zen Benito Mussolinik abiarazi zuen. Boterea Viktor Manuel III.aren baimenarekin hartu zuen, gatazka ezkertiarren hainbat urteren ondoren, eta iraultza komunistaren beldur ziren kontserbadore askoren babesa izan zuen. Europa osoan zehar, aristoktata eta intelektual kontserbadore, kapitalista eta enpresario askok euren babesa eman zieten euren herrialdeko mugimendu faxistei, italiarra jarraitzen zutenak. Alemanian eskuin muturreko hainbat alderdi sortu ziren, Freikorps bereziki, Altxamendu Espartakista zein Bavierako Errepublika Sobietarra amaiarazteko mobilizatu ziren.
Hala ere, autore antikomunista batzuk ez datoz bat faxismoa komunismoari eta mugimendu sozialistei erantzuteko mugimendua delaren ideiarekin; aldiz, Estatu Faxista eta Estatu Komunistaren antzekotasunetan zentratzen dira, hots, totalitarismoan. Eskola Austriarreko ekonomista famatua den Friedrich Hayekek argudiatzen zuen mugimendu totalitarioek erro filosofiko komunak dituztela XIX. mendeko liberalismoari aurka egiten zietenak. Teoria hoien aldekoek kasualitate bat baino gehiago dela pentsatzen dute Lehen Mundu Gerra baino lehenago Benito Mussolini marxista eta Alderdi Sozialista Italiarreko kide izatea. Aldi berean, faxismoaren ideologo batzuek, Sergio Panunzio eta Giovanni Gentile bezalakoek, iragan marxista edo sindikalista bat izan zuten. Hala ere, autore horiek bi ideologiek gizarte idealaren oinarrietan bat egiten ez dutela onartzen dute. Komunistek klase borroka azpimarrantzen dute, klaserik gabeko gizarte bat lortzeko; aldiz, faxistek klase solidaritate nazionala aldarrikatzen dute, estatu korporatibo batek gidatuta. Hayekek azpimarratzen du, 1938an, Hitlerrek marxismoa eta nazionalsozialismoa funtsean gauza bera zirela esan ohi zuela.
30. hamarkadako Depresio Handiaren iritsierarekin, liberalismoa eta kapitalismo liberala desagertu egin behar zirela zirudien eta mugimendu komunista eta faxistak indarra hartzen zihoazen. Mugimendu horiek elkarren aurka zeuden eta hamaika gatazka izan zituzten. Adibide garbiena Espainiako Gerra Zibilean aurki daiteke, herrialde faxisten eta jarraitzaileen eta mugimendu komunista eta bere jarraitzaileen (anarkistak, trotskistak) arteko gerra bilakatu zela. Faxisten aldekoek ez zuten errepublikarik nahi eta komunistak begiko zituztenek gobernu errepublikanoa babesten zuten.
Hasiera batean, SESB-k mendebaldeko potentzien koalizioa egiteko ideia babestu zuen Alemania Naziaren aurka, hainbat herrialdeetan frente popularrak eratzen zituelarik. Politika hauek ez zuten arrakasta handirik izan mendebaldeko potentziek (bereziki Britainia Handiak) Sobietar Batasunari zioten mesfidantzagatik. Municheko Itunak, Alemania, Frantzia eta Britainia Handiaren artekoa zena, sobietarrei beldurra izatea areagotu zuen. Sobietarrek orduan, euren politika aldatu eta Hitlerren Alemaniarekin akordio bat sinatu zuten 1939an, Molotov-Ribbentrop izenez ezagutzen dena. Beranduago, sobietarrek akordioa beharrezkoa zela denbora irabazteko eta gerrarako prestatzeko argudiatu zuten. Hala ere, kritiko batzuek baieztapen hau ez dela egia uste dute, izan ere, akordioak SESB-ren eta Alemaniaren kolaborazio ekonomikoak kontrakoa adierazten du, Alemaniari gerrarako prestatzeko materialak eskaintzen baitzizkion.
Edozein eratara, garbi dago Stalinek ez zuela espero alemaniarrek 1942ra arte eraso egingo zutenik; ondorioz, ezustean harrapatu zuten 1941eko ekainean Alemania Naziak Sobietar Batasuna inbaditu zuenean. Faxismoa eta komunismoa arerioak izatera itzuli ziren.
Antikomunismo kristaua
Eliza katolikoak historia luzea dauka antikomunismoari lotuta. Eliza katolikoaren 1922ko katekesiak dio: "Elizak ideologia totalitario eta ateoak errefusatzen ditu, "komunismoa" edo "sozialismoari" lotuta daudenak. Bestalde, "kapitalismoaren", kapitalismoaren eta merkatu librearen gehiegikeriak ere errefusatzen ditu. Ekonomiak planifikazio zentralizatua badu, harreman sozialen oinarria apurtzen du; izan ere, pertsonek hainbat behar dituzte, merkatuak asetu ezin dituenak. Beharrezkoa da merkatuaren eta ekimen ekonomikoen zentzuzko erregulazio bat lortzea, balioen hierarkia justu batekin eta denon ongizatean pentsatuz".
Juan Pablo II Aita Santuak oso gogor kritikatzen zuen komunismoa, eta beste hainbat Aita Santuk ere ikuspuntu hori partekatzen zuten. Pio IX-ek Quanta cura argitaratu zuenean komunismo eta sozialismoari "akats larriena" dei egiten zien.
Espainiako Gerra Zibilean zehar, Eliza katolikoak talde matxinatua babestu zuen gerrari "gurutzada" bezala kalifikatuz.
Antikomunismo liberal edo demokratikoa
XX. mendeko sozialismo errealeko gobernuak, orientazio komunistakoak, oso gogor kritikatuak izan ziren liberal europearren eskutik, totalitarioak zirela egotzita. Gobernu komunisten aurkako mugimendu demokratikoak munduan zehar zabaldu ziren 80. hamarkada, Mikhail Gorbachoven Sobietar Batasunean izandako aldaketa batzuk baliatuta. Horietako batzuk:
Mugimendu hauen helburuak gobernu komunistak abolitzea eta kapitalismoa ezartzea ziren.
Antikomunismo garaikidea
Think tank kontserbadore askok, komunikabide kontserbadore askok bezala, antikomunismoaren argudio klasiko batzuk izaten jarraitu dute. Argudio horiek porrot ekonomikoetan eta giza eskubideen urraketetan oinarrituta daude. Hala ere, mugimendu komunista europearrek sustatutako puntu tradizional batzuk (hezkuntza publikoa edo errenta baxuko pertsonak babestea) herrialde kapitalistetan ezarri izan dira. Arrazoi horren ondorioz, antikomunismo garaikidea beste alor batzuetan zentratzen da; hala nola, sektore industrial publikoaren interesak edo ondasunen birbanaketan.
Antikomunismoa aitzakia gisa
Noizean behin, iritzi publikoaren ikuspuntu komunistaz baliatuta, komunismoaren arriskua aitzakia izan da esku hartze belikorako Estatu Batuen eskutik. "Mehatxu komunista" honako hauek justifikatzeko erabili zen:
- 1954eko Guatemalako Estatu Kolpea, Jacobo Arbenzen aurka. Hau ez zen alderdi komunistakoa, baina bere politikak United Fruit Company-ari eragiten zionez, CIAko buruei ere eragiten zien, Allen Dulles, adibidez.
- Estatu Batuek Europako hainbat diktadurei (Francorena Espainian, Antonio de Oliveira Salazarrena Portugalen edo Coronelen diktadura Grezian) eman zien babesa komunismoari aurre egiteko izan zela argudiatu da.
- 1983ko Granadako Inbasioa, Maurice Bishopen aurka. Ronald Reaganek Bishopen gobernua Estatu Batuak mehatxatzen ari zela baieztatu zuen. Iritzi publikoak Reaganek esandakoa babestu zuen Granadako baliabide militar eta politikoak ikusita.
Erreferentziak
- Jean-Jacques Becker, avant-propos du dossier Aspects de l'anti-communisme, revue Communisme n°62-63, L'Âge d'homme, janvier 2001, pages 3-10