Antigua (Donostia)
Antigua (gaztelaniaz, El Antiguo) Donostiako auzo bat da, Kontxako hondartzaren mendebaldean dagoena. 14.295 biztanle ditu (2022).
- Artikulu hau Donostiako auzoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Antigua (argipena)».
Antigua | |
---|---|
Euskal Herria | |
Antigua auzoaren ikuspegi orokorra. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Geografia | |
Koordenatuak | 43°18′51″N 2°00′14″W |
Garaiera | 7 metro |
Demografia |
Iparraldean Kontxako badia, hegoaldean Añorga, ipar-mendebaldean Igeldo, mendebaldean Ibaeta eta ekialdean Aiete auzoak mugakide ditu.
Auzuneak
- Benta Berri
- Igeldoko jolas-parkea
- Erregenea
- Satrustegi dorrea
- Antigua
Historia
Historikoki Donostiaren sorrera bertan izan zen. Orain Miramar jauregia dagoen tokian, Ondarreta eta Kontxako hondartzak banatzen dituen Loretopea lurmuturrean, antzina San Sebastian komentua zegoen. Komentu hartan Katalina Erauso moja-soldadua lekaime egon zen. Komentu hura lehen aldiz historian Nafarroako erregeak bertako lursailak Leireko monasterioari jabetzan ematen dizkionean ageri da. Hortik dator hiriaren Sanct Sebastianum erdal izena, gerora San Sebastian bilakatu zena. Tontortxo horretatik igarotzen zen Donostiatik Hernanirako bidea, eta bertan zegoen Loretoko Amaren bide kaperatxoa. Horregatik deitzen zaio bi hondartzak banatzen dituen lurmuturtxoari Loretopea. Hala ere, XIX. mendean zuten toponimoak erdaratzeko ohituraren eskutik, Loretopeko hitza entzutean, Lorito pico edo antzekorik ulertuta, Pico del Loro hasi zitzaion deitzen gaztelaniaz.
- Miramar jauregia, Antigua auzoa eta Ondarreta.
- Antiguako Lugaritz mendian dagoen Donostiako Seminario edo Apaiztegia.
- Haizearen orrazia, Eduardo Txillida eskultoreak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak eginiko artelan ospetsua.
Donostiarra izaki, duela urte asko, oraindik baserri giroa nagusi zenean, Hernanirekin loturik zegoen, lurraldeei dagokienez. Donostiatik tunel batek bereizita, "Donostiara noa" esan ohi du oraindik jendeak, hiriaren erdialdera doanean. Baserri girokoa, zenbait lantegi handiren kokalekua (Lizarriturry y Rezola, Cervezas el León, Suchard...), egun turismogune eta udatiarren bizileku bilakatu da. Etxebizitzen garestitzeak antiguatar askoren joana —eta era berean kanpotarren etorrera— ekarri badu ere, Donostiarekiko nortasun berezia izaten saiatzen den auzoa da. Euskaldunago behintzat izaten ahalegintzen da. Matia kalea izan zen eta da (Jose Matia Calvo euskal enpresaria eta filantropoaren omenez), biztanleen bilgune nagusi eta auzoko motorra.
Auzoa azken urteotan asko zabaldu da, Ondarreta eta Benta Berri aldeak ere Antiguan sartu baitituzte. Gainera, Antiguan kokatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campuseko hainbat eskola eta fakultate, hala nola Arkitektura Goi Eskola Teknikoa, Irakasle Eskola, Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola eta abar.
Ondarretaren mutur batean Haizearen orrazia dago, Eduardo Txillida eskultoreak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak eginiko artelan ospetsua, artelanaz gozatzeko ez ezik itsasoaren indarra ikusi eta entzuteko ere jende askok baliatua.
Eraikinak
Geltokiak
Festak
- San Sebastian egunaren aurreko asteburua
- Antiguako San Juanak
- Antiguako jaiak, urtarrilaren 11-28
Antiguatar ospetsuak
- Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi (1929 – 2012), hizkuntzalaria, idazlea eta politikaria.
- Mikel Laboa (1934 - 2008), kantaria. Bere bizitzako azken 40 urtean Antiguan bizi izan zen.
- Imanol Larzabal, Imanol (1947 – 2004), kantaria.
- Ramon Agirre Lasarte (1954 – ), antzezlea, umorista, euskal idazlea eta margolaria.
- Xabier Artola Zubillaga (1957), unibertsitateko irakaslea, Ixakidea, euskaltzain urgazlea, Idazle eta argazkilaria.
- Javier de Pedro (1973 –), futbolaria. Errioxan jaioa, Antiguan bizi izan da hainbat urtez.
- Mikel Arteta Amatriain (1982 –), futbolaria.
Kale nagusiak
- Eduardo Txillida pasealekua
- Erregezain kalea
- Gaskuña plaza (ikus Txillardegi plaza)
- Igeldo pasealekua
- Itsasargi pasealekua
- Matia kalea
- Satrustegi hiribidea
- Tolosa hiribidea
- Txillardegi plaza (Gaskuña plaza ere deitua). Matia kalearen erdialdean dago. Leku horretan zegoen Txillardegi izeneko etxea, eta hortik hartu zuen ezizena Jose Luis Alvarez Enparantza intelektualak. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendeko hasieran Antiguako erdi erdian zegoen etxerik ederrena zen Txillardegi etxea.
- Zarautz hiribidea
- Zumalakarregi hiribidea
Autobusak
Donostiako hiri garraio publikoa kudeatzen duen enpresa Donostiako Tranbia Konpainia da eta Donostiabus edo Dbus moduan ezagutzen da. Antiguako autobus lineak ere Dbus-ek kudeatzen ditu. Dbus hiri-barruko zerbitzuak 42 linea ditu guztira. Horietatik 9 gaueko zerbitzuak dira eta 2 zerbitzu bereziak. Antiguatik igarotzen direnak berriz, 12 dira.[1]
Bestelakoak
Erreferentziak
- «DBUS |» DBUS (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |
- (Gaztelaniaz) Antiguari buruzko orrialdea