Antigorputz

Antigorputza antigeno baten aurrean organismoak ekoizten duen molekula proteikoa da, antigeno hori neutralizatzeko propio sortua. Immunitate-sisteman zeregin oso garrantzitsua betetzen du, antigorputzak baitira immunitate humoralaren oinarria.

Antigorputzak antigeno molekulekin lotzen dira.

Egitura kimikoaren aldetik globulinen taldeko proteinak dira; immunoglobulinak deitzen zaie.

B linfozitoak antigeno batekin topo egiten dutenean zelula plasmatikoak edo plasmozitoak bihurtzen dira. Plasmozito horiek dira antigorputzak sortzen dituztenak.

Antigorputzak immunitate-sistemak organismoari kalte egiten dioten mikrobioen aurka erabiltzen dituen molekula proteikoak dira. Molekula hauek oso espezifikoak dira, eta beren sorrera eragin dituen mikrobioaren aurka -soilik- dira eraginkorrak.

Egitura kimikoa

Kate luzeak (H) eta kate laburrak (L), atal aldakorrekin (V) eta konstantearekin (C).

Immunoglobulina molekula batek Y baten itxura du (irudia); 4 kateaz osaturik dago:

-bi kate astunak eta luzeak (H kateak), haien artean berdinak.

-bi kate arinak eta laburrak (L kateak), haien artean berdinak.

Lau kate horiek disulfuro zubien bidez (-S=S-) lotuta daude.

Kate astun eta arinen muturrek V izeneko atalak dituzte, Y-ren besoetan (irudia).VL eta VH atal horiek osatzen duten aminoazidoak oso aldakorrak dira. Gainontzeko atalak (C izenekoak), berriz, aminoazido berdinez osaturik daude, edozein immunoglobulina dela ere.

Immunoglobulinaren atal aldakorrak (V izenekoak) dira antigenoarekin lotura egiten dutenak.

Immunoglobulina motak

  • Ig G: immunoglobulina garrantzitsuena da, odolean nagusi dena (immunoglobulina guztien %80). Bere pisu molekularra 150.000 Daltonekoa da. 25 eguneko bizitza du gorputzean, plazenta-hesia zeharka dezake eta konplementua aktibatzen du.
  • Ig M: handia da, bere pisu molekularra 900.000 Daltonekoa izanik. Bizitza laburra du odolean (5 egun), ez du plazenta-hesia zeharkatzen eta konplementua aktibatzen du.
  • Ig A: kanpoko jariakinetan dago (txistua, malkoak, mukiak...). Bere pisu molekularra 150.000 Daltonekoa da, 7 eguneko biziztza du eta ez du konplementua aktibatzen.
  • Ig E: alergia duten gaixoengan immunoglobulina honen odol kontzentrazioa altua da. 180.000 Daltoneko pisu molekularra du,oso biziztza laburra (1-3 egun) eta ez du konplementua aktibatzen.
  • Ig D: kopuru txikian dago odolean (%1).

Antigeno-Antigorputz erreakzioa

Antigorputzak oso espezifikoak dira,antigeno batek eraginda sortzen dira eta antigeno honen aurka bakarrik joko dute. Antigeno-antigorputz erreakzioa, beraz, espezifikoa da oso.

Antigeno batekin lotzen direnean, antigorputzek antigeno hori neutralizatzen dute, bere infekzio-ahalmena edo kalte egiteko ahalmena murriztuz.

Bi dira antigeno/antigorputz erreakzio garrantzitsuenak:

  • prezipitazioa: antigenoa plasman disolbagarria denean gertatzen da (adibidez, proteina denean). Antigorputza lotzen da antigenoarekin eta multzoa prezipitatu egiten da.
  • aglutinazioa: antigenoa partikula edo zelula bati lotuta dagoenean gertatzen da (bakterioa, birusa...). Antigorputzek partikula horiek neutralizatzen dituzte haien aglutinazioa eraginez.

Zenbait antigorputzek (adibidez, G immunoglobulinak) antigenoarekin lotzen direnean konplementu izeneko substantzia aktibatzen dute. Konplementu hori antigeno-antigorputz konplexuari atxikitzen zaio, eta antigenoari eraso egiten dio bere lisi eraginez.

Antigeno-antigorputz konplexuak, bestalde, makrofagoak erakartzen ditu. Makrofagoak fagozitosi egiten duten zelulak dira, immunitate-sistemaren gudari eraginkorrak. Antigeno/antigorputz konplexuari atxikitzen dira eta antigenoak suntsitzen dituzte.

Antigorputzen ekoizpenaren dinamika

Mikrobio batek infekzio bat sortzen duenean immunitate-sistemak mikrobio horren aurkako antigorputzak ekoizten ditu [1]. Sortzen diren lehenengo antigorputzak Ig M dira, eta gero Ig A. G immunoglobulinak (Ig G), odolean eta linfan kopuru handiagoan dagoen immunoglobulina, geroago agertzen da. Infekzioa pasatu eta aste batzuk geroago Ig M eta Ig A desagertzen dira, baina Ig G odolean mantentzen da denbora luze batean [2].

Horregatik, froga serologiko batean mikrobio baten aurkako Ig G odol-serumean antzematen denean ez dugu pentsatu behar pazienteak une horretan infekzio aktibo bat duela; antigorputz horiek iraganeko infekzio baten hondarrak izan daitezkeelako. Ig M-aren titulu altuak zantzu hobeak dira infekzio aktiboa diagnostikatzeko, Ig M infekzioa pasatu eta hilabete gutxira odoletik desagertzen delako.

Ohikoa da ere infekzio bat diagnostikatzeko antigorputzen igoera aztertzea. Infekzio aktibo batean, antigorputzen kontzentrazioa denborarekin igotzen da. Esaterako, odol-serum bat aztertzen da infekzioaren hasieran eta gero 3 edo 4 aste beranduago; antigorputzen titulua 4 aldiz edo gehiago igotzen bada gaixotasun infekziosoaren diagnostikoa baieztatzen da.

Beraz, antigorputzen kontzentrazioaren neurketa bakar batek gaixoa inoiz infektatuta izan den adieraziko digu soilik [3]. Infekzioa aktiboa den ala ez ikusteko neurketa desberdinak egin beharko dira, eta antigorputzen kontzentrazioa igo egiten dela ziurtatzea (odol-serumaren titulua aztertu beharko da)

Erreferentziak

  1. Albero, Josu: Mikrobioen Mundu Liluragarria, EHU (2019an) 113 orr. ISBN; 978-84-1319-082-2
  2. Prats, G. : Microbiología Clínica Ed. médica panamericana (2008) 168-169 orr. ISBN: 978-84-7903-971-4
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:868 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1

Ikus, gainera


Kanpo estekak

Txantiloi:Lien AdQ

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.