Antibiograma
Antibiograma bakterio batek antibiotiko batekiko duen sentikortasuna ezagutzeko mikrobiologia klinikoan erabiltzen den teknika da. Antibiogramak informazio oso baliotsua ematen du, froga honi esker sendagileak jakiten baitu gaixotasuna sortu duen bakterio baten aurka zein antibiotiko erabili.
Mikrobiologia klinikoaren lan-esparruak bi dira: lehenengoa, gaixotasun infekzioso baten mikrobio eragilea identifikatzea, gaixoaren lagin batetik abiatuta, mikrobioaren kultura eginez edo beste prozedura batzuen bitartez (PCR, adibidez). Bigarrena, identifikatutako mikrobio horren puntu ahulak ezagutzea, hots, mikrobio horren aurka eraginkortasun handiena duen antibiotikoa bilatzea; antibiogramaren bidez jakiten da hori.
Ulertzekoa da antibiogramaren garrantzia, askotan gaitzaren tratamendua froga horrek ematen duen informazioan oinarritzen baita.
Antibiogramak aztertutako bakterioa hiru talde hauetako batean sailkatzen du: antibiotikoarekiko erresistentea (E), sentikorra (S) ala tartekoa (T).
Antibiogramaren nondik-norakoak
Antibiograma bat egiteko gehien erabiltzen den hazkuntza-ingurua Müller-Hinton agarra da. Aztertu nahi den bakterioa (kultura purutik datorrena) aipatutako agarra duen Petri plaka batean erein egiten da, agarraren gainazal osoan. Gero, antibiotikoa duten disko txikiak jartzen dira plaka gainean. Diskoek duten antibiotikoa hedatu egiten da poliki plakatik, eta agarra inkubatu ondoren (18-24 ordutan) sortutako emaitza aztertzen da.
Bakterioa sentikorra bada antibiotikoarekiko, bakteriar-hazkuntza izanen da plaka osoan diskoen inguruan izan ezik. Hala, diskoen inguruan inhibizio-ziskuak agertuko dira, argigune nabariak (ikus irudia). Zenbat eta handiagoa izan antibiotikoarekiko sentikortasuna, orduan eta diametro handiagokoa izango da diskoaren inguruko argigunea.
Taula estandarrak erabiliz bakterio bakoitzarentzat antibiotiko batekiko sentikortasun-maila neur daiteke, inhibizio-ziskuaren diametroa (cm-tan) jakinda. Horrela baiezta daiteke bakterioa sentikorra, erresistentea ala tartekoa den antibiotiko horrekiko.