Ansar Dine
Ansar Dine (arabieraz: أنصار الدين ʾAnṣār ad-Dīn edo Ançar Deen; «Fedearen defendatzaileak»), batzuetan Ançar Dine, Ançar Deen edo Asar ad-Din, talde armatu salafista islamista da, Iyad Ag Ghalyk sortua eta zuzendua. Ag Ghaly, 1990eko hamarkadako Tuareg matxinadaren buruzagi nagusietako bat izan zen. Iturri batzuen arabera, badu loturarik Islamiar Magrebeko Al Kaida (AQMI) taldearekin; izan ere, AQMI-ko burua Hamada Ag Hama da, Ag Ghalyren lehengusua. Ansar Dineren helburua Malin xaria ezartzea da, eta ez dute Azawaden independentzia nahi[2].
Sorrera | 2012 |
---|---|
Buruzagia | Iyad Ag Ghaly |
Ideologia | Salafismo, jihadismo |
Ekintza eremua | Mali, Mauritania, Senegal |
Estatusa | Erakunde terrorista NBEren arabera[1] |
Tamaina | 250-800 kide (2014-2016) |
Esku hartzea 2012ko Mali iparraldeko gatazkan
2012ko martxoaren 21ean, Ansar Dinek adierazi zuen ipar-ekialdeko Maliko eskualde zabalak bere esku zeudela. France-Presse agentziaren arabera, Ansar Dinek hartuak zituen Tinzaouaten, Tessalit eta Aguelhok hiriak, hiruak Aljeriako mugatik gertu[3]. Martxoaren 22an, maliar soldadu batzuek estatu-kolpea eman zuten Amadou Toumani Touré presidentearen aurka. Giro nahasiaz baliaturik, Ansar Dine eta Azawaden Askapen Nazionalerako Mugimenduak (MNLA) Kidal, Gao eta Timbuktu hartu zituzten.
Apirilaren 6ean, MNLAk independentzia aldarrikatu zuen Maliko iparraldean[4], baina ordu batzuk geroago Ansar Dinek errefusatu zuen[5]. Horrezaz gainera, Azawadeko Askapen Mugimenduak estatu laikoa aldarrikatu bazuen ere, Ansar Dinek xaria ezarri zuen Timbuktun[6]. Besteak beste, Ansar Dineko kideek Timbuktuko Djingareyber meskitako zenbait santutegi suntsitu zituzten, Gizateriaren Ondare izendaturik zeudenak, lege islamikoaren aurkakoak zirelakoan[7]. Gaon futbola, Maliko eta Mendebaldeko musika, tabernak eta bideojokuak debekatu zituzten[8].
Maiatzaren 26an, MNLA eta Ansar Dinek bat egiteko akordio batera iritsi ziren eta Azawadeko Estatu Islamikoa sortu zuten. Estatua xariaren arauen arabera zuzenduko zela adierazi zuten. Era horretan, talde islamistak estatu berria onartzeko eskatzen zuen baldintza nagusia lortu zuen, islama zuzenbidearen iturria izatea[4]. Hala ere, bi taldeen arteko liskarrak ez ziren amaitu. Aurrez aurreko nagusia Gaoko gudua izan zen, 2012ko ekainaren 27an; bertan, Ansar Dine eta Mendebaldeko Afrikan Batasun eta Jihadaren aldeko Mugimenduko kideek hiriaren kontrola hartu zuten, MNLAkoak egotzirik[9].
Erreferentziak
- Narrative summaries of reasons for listing Ansar Eddine. un.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-10).
- Zein da zein Mali eta Azawadeko gatazkan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Islamist fighters call for Sharia law in Mali. africasia.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Batasuna hitzartu eta Azawadeko Estatu islamikoa sortu dute tuaregek. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Daniel, Serge; Sylla, Coumba. Confusion in Mali after Tuareg independence claim. modernghana.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Mali: Timbuktu heritage may be threatened, Unesco says. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-08).
- Ansar Dine destroy more shrines in Mali. aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Islamists block first Mali aid convoy to Timbuktu. reuters.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).
- Mali: au moins 35 morts dans les affrontements islamistes/Touareg à Gao. jeuneafrique.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-11).