Annegret Kramp-Karrenbauer
Annegret Kramp-Karrenbauer (Völklingen, Sarre, 1962ko abuztuaren 9a) alemaniar politikaria da, CDUko kidea. Alderdiko presidentea da 2018ko abendutik.
Bizitza
Annegret Kramp Völklingenen hirian jaio zen 1962ko abuztuaren 9an, familia katoliko batean. Alemaniako hego-mendebaldean dago Völklingen, Frantziako mugatik hurbil. Ondoko Püttlingen hirian bizi izan da betidanik. 1984an ezkondu zen Helmut Karrenbauerrekin, eta senarraren abizena gehitu zion bereari. Urte berean hasi zituen Zientzia Politikotako ikasketak; Saarland unibertsitatean eta Tiergo unibertsitatean egin zituen, 1990era arte.
1990ean ekin zion ibilbide politikoari, eta beti Sarre landerrari estu lotuta garatu zuen. CDUko kide egin zen, eta alderdiaren Sarreko adarrean aholkulari politiko gisa jardun zuen 1990eko hamarkadan. 1998an, hilabete batzuetan Alemaniako Parlamentuko ordezkari ere izan zen alderdiko kide baten tokia hartzeko, baina urte bereko hauteskundeetan ez zuen lortu jarlekuari eustea. Berlindik Sarrera itzuli zen, eta etengabe haziz joan zen karrera politikoa hasi zuen: 1999an Sarreko Parlamenturako hautatu zuten; 2000tik 2011ra landerreko hainbat ministerioren ardura izan zuen; eta, 2011n, CDUren buruzagi izendatu zuten Sarren, eta landerreko gobernuburu hautatu zuten hauteskundeetan.
Sarreko 2017ko hauteskundeetan, botoen % 40 jaso zituen. Gobernu federalaren eredua jarraikiz, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarekin Koalizio Handia osatuz agindu zuen. CDUren barrenean adar aurrerakoitzat ikusten zen Kramp-Karrenbauer eta haren Sarreko eredua, gehienbat migrazio eta integrazio politiketan, eta genero gaietan. Ia bi hamarkadaren ondoren, 2018ko otsailean Sarre utzi eta Berlinera itzuli zen, politika handira.[1] 2018ko abenduaren 7an, CDUko presidente aukeratu zuten.[2] 2019ko uztailean, Defentsa ministro izendatu zuen Angela Merkelek.
CDUren presidentetzan, ezin izan zuen alderdiaren kontrola bereganatu. 2020ko otsailean, Turingian izandako krisiaren ostean, dimisioa emateko asmoa jakinarazi zuen. Horrezaz gainera, uko egin zion 2021eko hauteskundeetan kantzilergai izateari.[3]
Erreferentziak
- Rodriguez, Mikel. Annegret Kramp-Karrenbauer: Irudi propio bila. Berria, 2018ko abenduak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-28).
- Perez Zala, Ander. Gidaria aldatuta, bide beretik. Berria, 2018ko abenduak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-28).
- Perez Zala, Ander. CDUko presidenteak dimisioa emango du, Turingiako krisiak bultzatuta. Berria, 2020ko otsailak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-28).
Kanpo estekak