Ankylosaurus

Ankylosaurus (antzinako grezieraz "narrasti fusionatua" edo "narrasti zurruna") dinosauro genero bat da. Kretazeo Berantiarrean bizi izan zen, Maastrichtiar estaian, duela 66-68 milioi urte artean. Ipar Amerikaren mendebaldean aurkitu dira fosilak. Generoko espezie bakarra Ankylosaurus magniventris da, Barnum Brownek 1908an deskribatu zuena[1]. Ordutik ale gutxi batzuk bildu dira baina ez da hezurdura osorik aurkitu oraindik.

Ankylosaurus
66,5 Ma-65,5 Ma

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaOrnithischia
FamiliaAnkylosauridae
Generoa Ankylosaurus
Brown, 1908
Datu orokorrak
Luzera8 m
Masa6 t

Gorputz sendoa zuen armadura sendo batez babestua. Osteodermo izeneko plakek osatzen zuten armadura hori. Zortzi eta hamar metro arteko luzera zuen eta lau hankatan ibiltzen zen. Isatsaren muturrean mailu handi bat zeukan. Buruko hezurrak fusionaturik zituen, bai eta gorputzeko hainbat ataletako hezurrak ere, eta horrek erresistentzia handitzen zion ankylosauroari. Ezaugarri honetatik datorkio izena[2].

Aurkikuntzen historia

Aurreneko aurkikuntza

Amerikako Historia Naturalaren Museoak 1906an Barnum Brown paleontologoa buru zuen espedizioa egin zuen Hell Creek Formazioan, Gilbert Creek (Montana). Taldeko Peter Kaisen bltzaileak aurkitu zuen eta garezurraren gainaldea, bi hortz, sorbalda-gerrikoaren zati bat, hainbat orno, sahietsak eta 30 osteodermotik zituen[1]. 1908an deskribatu zuen brownek berak eta Ankylosaurus magniventris izena eman zion. Generoaren izena ankilosi gaixotasunetik atera zuen, hezurrak elkar fusionatzen baitira eta gorputza zurrundu egiten da. Espeziearen izena latinezko magnus ("handia") eta ventrer ("sabela") hitzen elkarketatik dator eta "sabel handia" esan nahi du.

Barnum Brownek 1908. urtean osatutako irudia, albotiko eta goitiko ikuspegiak[1].

1908an deskripzioa egiterakoan zatiak falta zitzaizkionez Stegosaurus-a hartu zuen oinarri[1], horregatik bizkarralde kurbatua marraztu zion eta isatsa beherantz marraztu zuen, mailurik gabe, oraindik aurkitu gabea baitzen ankylosauroaren mailu berezia[3]. 1908. urtean bertan Samuel Wendell Willinstonek Brownen eraikuntza kritikatu zuen esanez gaizki egina zegoela eta aztarna horiek berez Stegopelta generoari zegozkiola, Willistonek berak 1905ean izendaturikoa, eta beraz Ankylosaurus haren sinonimoa baino ez zela[4]. Gainerako paleontologoek ez zuten Willistonen proposamena onartu eta gaur egun ere bi genero desberdin izaten jarraitzen dute[5]. Hain ezaguna egin zen Brownen marrazkia, 1980. hamarkadan ere oraindik erabili izan zela.

Aurrez, 1900. urtean, Wyomingeko Lance Formazioan Tyrannosaurus-aren fosilen bila ari zela 77 osteodermo jaso zituen[6] eta 1908an Ankylosaurus-aren deskribapenean aipatu bazituen ere Tyrannosaurus-ari zegozkiola uste zuen.

Aurkikuntza berriak

AMNH 5214 alearen aurkikuntza lekua, 1910ean, Kanada mendebaldean.

1910. urtean Brown-ek beste espedizio bat gidatu zuen Kanada mendebaldeko Scollard Formazioan (Alberta) eta Ankylosaurus-aren fosil berria aurkitu zuen, garezurra, barailak eta orain arte aurkitu den mailudun isats bakarra. AMNH 5214 izena eman zitzaion. 1947an Charles M. Sternberg eta T. Potter Chamney fosil biltzaileek kilometro bat iparralderago garezurra eta baraila berria aurkitu zituzten. Ezagutzen den garezur handiena da baina hainbat ataletan kalteak ditu. 1960. hamarkadan isatseko orno zati bat aurkitu zen Hell Creek Formazioan eta ondoren hainbat osteodermo solte eta hainbat hortz aurkitu dira[7].

Itxura zehazteko zailtasunak

Historian zehar hezurdura oso bat aurkitu ez zenez, bildutako fosilekin animaliaren deskribapena egitea ez zen erraza. New Yorken 1964ko Munduko Ferian ankilosauro bat eraiki zen eta haren itxura gelditu zen kultura popularrean iltzaturik[7]. Dordoka baten itxura zeukan, sahietsetatik arantzak ateratzen zitzaizkiola eta mailudun isatsa zeukan, lurrean arrastaka eramaten zuena.

Deskribapena

Tamaina

Aurkitu diren ale handiena (CMN 8880) eta txikiena (AMNH 5214) gizakiarekin alderatuta.

Ankylosauridae familiako ale handiena da[8]. K. Carpenterrek inoiz aurkitu den garezur handiena (CMN 8880) 64'5 cm luze eta 75'5 cm zabal zela ikusita animaliak 6'25 metrotako luzera eta aldaka inguruan 1'7 metrotako altuera izango zuela kalkulatu zuen. Aurkituriko garezur txikienaren (AMNH 5214) jabeak aldiz 5'4 metrotako luzera eta 1'4 metrotako altuera izango zuela ondorioztatu zuen[7]. 2014an Roger B. J. Benson-en taldeak ankilosauro txikienak 4'78 tonako pisua izango zuela proposatu zuen.

Arbour eta Mallonek ankylosaurido osoagoekin konparatu zuten CMN 8880 alea eta 7'56 eta 9'99 metro arteko luzera estimatu zioten, AMNH 5214 aleari aldiz 6'02-7'95 metro. Pisuari dagokionez handienari 7'95 tona kalkulatu zioten eta txikienari 4'78 tona[8].

Garezurra

AMNH 5214 alearen garezurra.

Jaso diren ankylosauroen hiru garezurrek elkarren arteko diferentziak badituzte baina fosilizazio baldintzei eta aleen arteko bariazioarei egotzi zaizkie.

Ankylosaurus-en garezurra lau samarra zen, triangelu itxurakoa eta zabalagoa luzea baino. Mokoa zuen muturrean. Begien orbitak pixkat obalatuak ziren eta ez zuten zuzenki begiratzen. Orbiten gainean atzerantz luzatzen diren adarrak zeuden. Hasiera batean garezurretik bereiziak izango zirela uste da, Pinacosaurus eta Euoplocephalus-etan ikusten den bezala. Hezur jugalek ere adarrak osatzen zituzten, atzerantz eta beherantz okertuak. Bigarren adar pare hau osteodermoak izango ziren gerora garezurrarekin fusionatuko zirenak[7].

Garezurraren muturra okertua zegoen, moko itxura hartuz. Sudurzuloak alboetara zabaltzen ziren; luzeak ziren eta septuma zuten tartean. AMNH 5214 aleak 34-35 hortz-albeolo ditu goiko barailan. Hortzak hosto itxurakoak ziren eta garezurraren tamainarekin alderatuta oso txikiak[9].

Armadura

Arbour eta Malonek 2017an proposaturiko eredua.

Osteodermoz osaturiko armadura da Ankylosaurus-en ezaugarri nabarmenena. Bildutako osteodermo txikienak zentimetro bateko luzera du eta handienak 35'5 cm-takoa. Osteodermo hauek azalean txertaturik zeuden eta ez zuten artikulaziorik. Horma finak zituzten eta barnealdean hutsunea zuten. Osteodermo txikienek gila zuten.

Lepo inguruan plakaz eraturiko bi eraztun zituen, baina ez da egitura zehatza ezagutzen, zatiak baino aurkitu ez direlako.

Isats mailuduna

Aurkitu den isats mailudun bakarra.

Ankylosaurus-aren isatsak bi osteodermo handi ditu eta erdiko lerroan osteodermo txikien ilara bat. AMNH 5214-ren isatsa baino ez da jaso eta honek 450mm-tako zabalera du. Isatsaren azkenengo zazpi ornoek osatzen dute Mailuaren "kirtena". Orno hauek elkarrekin fusionaturik zeuden, tartean kartilagorik gabe, eta beraz egitura zurruna osatzen zuten. Lotailu osifikatuek gogortu egiten zuten isatsa[10].

Badirudi isatsak babes funtzioa zuela eta erasotzailearen hezurrak hausteko hainako kolpea eman zezakeela. Posible da espezie barneko borroketan ere erabili izana[11].

Sailkapena

Ankylosaurus-aren garezurra (AMNH 5214).

Brownek Ankylosaurus-a honela deskribatu zuen; garezur triangular handia, lepo txikia, atzealde zurruna, gorputz zabala eta osteodermoak gorputzean. Ankylosaurus-aren familiaren barnean Palaeoscincus-a (hortzak bakarrik aurkitu ziren) eta Euoplocephalus-a (garezur zati bat eta osteodermoak) ere sailkatu zituen. Aztarna gutxi zirenez Stegosauria subordenaren barnean sartu zituen denak[1]. 1923an Osbornek Ankylosauria izena eman zion familiari[12].

Gaur egun Ankylosauria eta Stegosauria familiak batera daude Thyreophora taldearen barnean. Talde hau duela 135 milioi urte agertu zen eta Maastrichtiar estaian desagertu zen. Asko sakabanatu ziren eta ingurumen aniztasun handian bizi izan ziren[13]. Ankylosauria familiako fosil berriak aurkitu ahala sailkapena aldatuz joan da. Arbour eta Currie zientzilariek Ankylosaurinae subfamiliaren analisi filogenetikoak egin ondoren ondorengo kladograma aurkeztu zuten[14]:

Ankylosaurinae

Crichtonpelta

Tsagantegia

Zhejiangosaurus

Pinacosaurus

Saichania

Tarchia

Zaraapelta

Ankylosaurini

Dyoplosaurus

Talarurus

Nodocephalosaurus

Ankylosaurus

Anodontosaurus

Euoplocephalus

Scolosaurus

Ziapelta

Paleobiologia

Elikadura

CMN 8880 alearen azpiko baraila (E-F) eta hortza (G).

Ornithischia taldeko kide guztiak bezala ankylosauroa ere belarjalea zen eta altuera txikiko landareak jaten zituen[7]. Ez zituen zuntz gogorreko edo zurezko landaretaz elikatzen. Hostoak eta fruituak jaten bazituen ere[15] iratzeek osatzen zuten dietaren gehiengoa. Endotermikoa zela suposatuz 60 kilogramo iratze jango zituen egunero, gaur egungo elefante handi batek kontsumitzen duena beste. Elikagai osagarri gisa hainbat ornogabe ere jango zituela pentsatzen da[8].

1969an Georg Hass paleontologo austriarrak aipatu zuen garezurraren tamaina handia izan arren bertan txertatzen ziren muskuluak ahulak zirela eta landare suabe ez urratzaileak jango zituela iradoki zuen[16], baina taldekide duen Euoplocephalus-aren ikerketek erakutsi dute gora-beherako mugimenduez gain alboetarako mugimendua ere egiten zuela eta indar handia eragiteko gai bazela[17].

Garezurreko barrunbeak eta zentzumenak

Teresa Maryańska paleontologo poloniarrak 1977an garezurreko barrunbeak eta zuloak ikertu zituen. Garezurraren pisua txikitzeaz gain usaimen guruina kokatzen zen zuloa aurkitu zuen eta ahotsaren erresonantziarako ganbera gisa ere funtzionatzen zuela iradoki zuen[18]. Carpenterrek hipotesi horri aurka egin zion, tetrapodoek soinuak larinjean sortzen zituztela eta ez sudurzuloetan argudiatuz. Usaimen guruina izan zezaketela ere zalantzan jarri zuen[7].

2011n Tetsuto Miyashitak eta bere taldeak sudurzuloak oso baskularizatuak zeudela ikusi zuten eta bertan mukosa zabala kokatuko zela pentsatuz airea berotzeko eta hezetzeko balioko zutela proposatu zuten. Soinuaren erresonantzia ganberaren ideiari eutsi zioten, saigaren eta beltxargaren antzeko pasabideak zituztela argudiatuz. Pasabide hauek ez zituzten usaimenarekin erlazionatu, baina alboetako beste egitura batzuek bai, eta usaimen zentzua nahiko garatua zegoela proposatu zuten.[19].

Mugimendua

W. Coombs-ek 1978an ankylosauroaren aurreko hankak berreraiki zituen eta animaliaren gorputzaren gehiengoari eusten ziotela iradoki zuen. Eskuetan apatx antzerako egiturak zituzten eta lurra zulatzeko erabiliko zutela pentsatzen zuen[20]. Dirudienez ankylosauroa animalia geldoa zen baina beharra zuenean mugimendu azkarrak egiteko gai bazen[21].

Hazkuntza

Adin desberdinetako Pinacosaurus laginak aztertuta ikusi da ankilosaurido gazteen sahietsak ornoekin fusionatzen zirela. Hazi ahala aurreko hankak sendotu egitenzitzaizkien baina atzekoak ez ziren handitzen. Zerbikaletako eraztunak ere fusionatu egiten ziren[22]. Garezurrean ere muturreko hezurrak eta atzekaldeko ertzak fusionatu zitzaizkien.

Babesa

Ankylosaurus-aren isatsaren ikuspegia.

Ankylosaurus-aren osteodermoak gainerako ankilosauridoekin alderatuta finagoak ziren eta hezurretan txertaturiko kolagenozko zuntzek gogortzen zituzten. Horri esker Ankylosaurus-ak armadura gogorra eta arina zuen, hausturkiko eta harraparien horzkadarekiko oso erresistenteak[23]. Carpenterrek 1982an armadura oso baskularizatua zegoella ikusi zuen eta erregulazio termikoan eragina izango zuela iradoki zuen, gaur egungo krokodiloetan gertatzen den antzera[24].

Isatseko mailua ere arma eraginkorra izango zen. Ornoak heltzen zituzten lotailuak osifikaturik zeuden eta arma zurruna osatzen zuten. 1979an Coombsek iradoki zuen atzeko hanketako muskuluek isatsaren balantza kontrolatuko zutela eta mailuaren kolpe bortzitzek terapodo handien hezurrak hautsiko zituztela[21].

2009ko ikerketa batek ankilosauridoek isatsak 100º-ko angeluan mugitzeko gaitasuna baieztatu zuen. Dena dela ezin izan da ebatzi ea harraparien aurkako arma gisa erabiltzen zuten edota espezie barneko borroketan[25]. Tony Thulbornek isatseko mailuaren funtzio berria proposatu zuen 1993an; isatsa altxatu eta etsaiak burua zela pentsa zezakeen[26]. Carpenterrek ideia hori errefusatu zuen, ankilosauridoen artean tamaina eta itxura desberdineko isatsak aurkitzen zirela argudiatuz[7].

Paleoekologia

Ankylosaurus-aren modeloa, benetazko eskalan.

Ale tipoa Hell Creek Formazioan aurkitu zen eta gainerakoak Wyomingo Lance Formazioan eta Kanada mendebaldeko Alberta probintziako Scollard Formazioan. Denak ere Kretazeo Berantiarreko Maastrichtiar estaikoak dira, duela 66-68 milioi urte artean[27]. Mendebaldeko Barneko itsasoaren ertzean kokaturik zeuden eremu hauek. Aurkitu diren hareharri eta eskisto buztintsuek erakusten dute lautada alubialetan bizi zirela Ankylosaurus-ak[28][29][30].

Hell Creek Formazioa da denetan ikertuena. Eremu azpitropikala zen eta klima epel eta hezea zuen. Ekaitz tropikalak eta baso suteak izaten ziren. Flora aniztasun handia zuen, angiospermak nagusitzen zitzaizkien konifero, iratze eta zikadei. Eskualdea zuhaitz baxuez estalirik zegoen[31].

Beste dinosauro batzuekin elkarbanatzen zuten eremua; Triceratops eta Torosaurus, ceratopsidoak, Thescelosaurus hipsilofodóntido, Edmontosaurus hadrosauridoa, Edmontonia nodosauridoa, Pachycephalosaurus pakizefalosauridoa eta Ornithomimus, Troodon eta Tyrannosaurus teropodoak[32].

Ankylosaurus-a egungo kulturan

Halako itxura berezia izanik berehala bihurtu zen jendartearentzako dinosauro ezaguna, 1964an New Yorkeko Nazioarteko Ferian agertu ondoren bereziki.

Hainbat filme eta telesailetan agertu da. Godzillaren aurkari ezagunenetakoa Anguirus da, eta ankylosaurio baten itxura du[33]. Honen ondoren Godzilaren inguruko bideo-jokoetan ere azaldu da[34]. 1988ko The Land Before Time filme animatuan ere azaldu zen. Jurassic Park III eta Jurassic World filmetan ere agertzen da bazkatzen[35]. 2000. urteko Disney faktoriako Dinosaurio filmean protagonistetako bat da[36]. Dokumentaletan ere agertu da eta baita Zoo Tycoon bideo-jokoetan ere[37].

Erreferentziak

  1. Brown, B. (1908). The Ankylosauridae, a new family of armored dinosaurs from the Upper Cretaceous. Bulletin of the American Museum of Natural History 24:, 187-201 or..
  2. (Ingelesez) May 2017, Joseph Castro-Live Science Contributor 10. «Ankylosaurus: Facts About the Armored Lizard» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  3. Holtz, Thomas R.; Rey, Luis V.. (2007). Dinosaurs : the most complete, up-to-date encyclopedia for dinosaur lovers of all ages. New York : Random House ISBN 978-0-375-82419-7. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  4. Williston, S. W.. (1908-09-01). «The Ankylosauridae» The American Naturalist 42 (501): 629–630.  doi:10.1086/278987. ISSN 0003-0147. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  5. Carpenter, K.. (2001). Phylogenetic analysis of the Ankylosauria. The Armored Dinosaurs. Bloomington: Indiana University Press., 454-483 or..
  6. (Ingelesez) Osborn, Henry Fairfield; Brown, Barnum; Lull, Richard Swann. (1905). Tyrannosaurus and other Cretaceous carnivorous dinosaurs. Bulletin of the AMNH ; v. 21, article 14.. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  7. Carpenter, K.. (2004). Redescription of Ankylosaurus magniventris Brown 1908 (Ankylosauridae) from the Upper Cretaceous of the Western Interior of North America. Canadian Journal of Earth Sciences 41:, 961–986 or..
  8. (Ingelesez) Arbour, Victoria M.; Mallon, Jordan C.. (2017-10-12). «Unusual cranial and postcranial anatomy in the archetypal ankylosaur Ankylosaurus magniventris» FACETS  doi:10.1139/facets-2017-0063. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  9. (Ingelesez) Carpenter, Kenneth; Currie, Philip J.. (1992-07-31). Dinosaur Systematics: Approaches and Perspectives. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-43810-0. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  10. (Ingelesez) Arbour, Victoria M.; Currie, Philip J.. (2015). «Ankylosaurid dinosaur tail clubs evolved through stepwise acquisition of key features» Journal of Anatomy 227 (4): 514–523.  doi:10.1111/joa.12363. ISSN 1469-7580. PMID 26332595. PMC PMC4580109. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  11. (Ingelesez) Arbour, Victoria Megan. (2009-08-25). «Estimating Impact Forces of Tail Club Strikes by Ankylosaurid Dinosaurs» PLOS ONE 4 (8): e6738.  doi:10.1371/journal.pone.0006738. ISSN 1932-6203. PMID 19707581. PMC PMC2726940. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  12. (Ingelesez) Osborn, Henry Fairfield; Expeditions (1921-1930), Central Asiatic. (1923). Two Lower Cretaceous dinosaurs of Mongolia. American Museum novitates ; no.95. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  13. Coombs, W.. (1978). The families of the ornithischian dinosaur order Ankylosauria. Journal of Paleontology. 21 (1):, 143–170 or..
  14. Arbour, Victoria M.; Currie, Philip J.. (2016-05-03). «Systematics, phylogeny and palaeobiogeography of the ankylosaurid dinosaurs» Journal of Systematic Palaeontology 14 (5): 385–444.  doi:10.1080/14772019.2015.1059985. ISSN 1477-2019. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  15. (Ingelesez) Hill, Robert V.; D'Emic, Michael D.; Bever, G. S.; Norell, Mark A.. (2015-12-01). «A complex hyobranchial apparatus in a Cretaceous dinosaur and the antiquity of avian paraglossalia» Zoological Journal of the Linnean Society 175 (4): 892–909.  doi:10.1111/zoj.12293. ISSN 0024-4082. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  16. (Ingelesez) Haas, Georg. (1969). On the jaw muscles of ankylosaurs. American Museum novitates ; no. 2399. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  17. Rybczynski, N.; Vickaryous, M. K.. (2001). Chapter 14: Evidence of Complex Jaw Movement in the Late Cretaceous Ankylosaurid, Euoplocephalus tutus (Dinosauria: Thyreophora). K. Carpenter, ed. The Armored Dinosaurs. Indiana University Press., 299-317 or..
  18. Maryanska, T.. (1977). Ankylosauridae (Dinosauria) from Mongolia. Palaeontologia Polonica. 37:, 85-151 or..
  19. (Ingelesez) Miyashita, Tetsuto; Arbour, Victoria M.; Witmer, Lawrence M.; Currie, Philip J.. (2011). «The internal cranial morphology of an armoured dinosaur Euoplocephalus corroborated by X-ray computed tomographic reconstruction» Journal of Anatomy 219 (6): 661–675.  doi:10.1111/j.1469-7580.2011.01427.x. ISSN 1469-7580. PMID 21954840. PMC PMC3237876. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  20. Coombs, Walter P.. (1978). «Forelimb Muscles of the Ankylosauria (Reptilia, Ornithischia)» Journal of Paleontology 52 (3): 642–657. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  21. Coombs, Walter P.. (1979). «Osteology and Myology of the Hindlimb in the Ankylosauria (Reptillia, Ornithischia)» Journal of Paleontology 53 (3): 666–684. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  22. (Ingelesez) Burns, Michael E.; Tumanova, Tatiana A.; Currie, Philip J.. (2015/01). «Postcrania of juvenile Pinacosaurus grangeri (Ornithischia: Ankylosauria) from the Upper Cretaceous Alagteeg Formation, Alag Teeg, Mongolia: implications for ontogenetic allometry in ankylosaurs» Journal of Paleontology 89 (1): 168–182.  doi:10.1017/jpa.2014.14. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  23. Scheyer, Torsten M.; Sander, P. Martin. (2004-12-10). [0874:HOAOIF2.0.CO;2 «Histology of ankylosaur osteoderms: implications for systematics and function»] Journal of Vertebrate Paleontology 24 (4): 874–893.  doi:10.1671/0272-4634(2004)024[0874:HOAOIF]2.0.CO;2. ISSN 0272-4634. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  24. (Ingelesez) Carpenter, Kenneth. (2011-02-08). «Skeletal and dermal armor reconstruction of Euoplocephalus tutus (Ornithischia: Ankylosauridae) from the Late Cretaceous Oldman Formation of Alberta» Canadian Journal of Earth Sciences  doi:10.1139/e82-058. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  25. (Ingelesez) Arbour, Victoria Megan. (2009-08-25). «Estimating Impact Forces of Tail Club Strikes by Ankylosaurid Dinosaurs» PLOS ONE 4 (8): e6738.  doi:10.1371/journal.pone.0006738. ISSN 1932-6203. PMID 19707581. PMC PMC2726940. (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  26. Thulborn, T.. (1993). Mimicry in ankylosaurid dinosaurs. Record of the South Australian Museum 27:, 151-158 or..
  27. Weishampel, David B.; Barrett, Paul M.; Coria, Rodolfo A.; Le Loeuff, Jean; Xu Xing; Zhao Xijin; Sahni, Ashok; Gomani, Elizabeth, M.P.; and Noto, Christopher R.. (2004). Dinosaur Distribution. The Dinosauria (2nd), 517-606 or..
  28. Lofgren, D.F.. (1997). Hell Creek Formation. In: Currie, P.J. & Padian, K. (Eds.).. The Encyclopedia of Dinosaurs. San Diego: Academic Press., 302-303 or..
  29. Breithaupt, B.H.. (1997). Lance Formation. In: Currie, P.J. & Padian, K. (Eds.).. The Encyclopedia of Dinosaurs. San Diego: Academic Press, 394-395 or..
  30. Eberth, D.A.. (1997). Edmonton Group. Currie, P.J. & Padian, K. (Eds.). The Encyclopedia of Dinosaurs. San Diego: Academic Press, 199-204 or..
  31. Johnson, K.R.. (1997). Hell Creek Flora. Currie, P.J. & Padian, K. (Eds.). The Encyclopedia of Dinosaurs. San Diego: Academic Press, 300-302 or..
  32. «Cretaceous "Hell Creek Faunal Facies"; Late Maastrichtian» web.archive.org 2007-01-24 (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  33. (Gaztelaniaz) «Anguirus» Godzilla Wiki (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  34. Lees, J. D.; Cerasini, M.. (1998). The Official Godzilla Compendium. Random House ISBN 0-679-88822-5..
  35. (Ingelesez) «Ankylosaurus» Jurassic World Evolution Wiki (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  36. (Ingelesez) «Ankylosaurus» Disney Wiki (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).
  37. (Ingelesez) «Ankylosaurus» Zoo Tycoon Wiki (Noiz kontsultatua: 2021-01-24).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.