Anixeta Agirrezabala Lekuona
Anixeta Agirrezabala Lekuona (Oiartzun, Gipuzkoa, 1918ko ekainaren 22a - ib. 1998ko urtarrilaren 4a) Tabernari kementsua eta sukaldari ospetsu eta solidarioa izan zen. Tabernan emakumerik sartzen ez zen garaikoa, baina emakumeak zaintzen bazekiena. Dirurik ez zuenari etxeko produktuen trukea onartzen zen garaikoa. Elkarlaguntza jaso eta praktikatu zuena, balio modura.[1]
Anixeta Agirrezabala Lekuona | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1918ko ekainaren 22a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 1998ko urtarrilaren 4a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | Sukaldaria eta tabernaria |
Historia
Ergoien auzoko Militxo etxean jaio zen Anixeta. Gurasoak Frantxiska Lekuona eta Xegundo Agirrezabala izan ziren. Zortzi anai-arrebaren artean bera izan zen hirugarrena.Tomas Egiazabal Lekuonarekin ezkondu zen 1947ko otsailaren 8an eta hiru alaba izan zituzten: Mari Jose, Beatriz, umetan hila, eta Marixabel.
Militxo etxea txikia zelako aldatu zen Teresaeneara gurasoekin batera eta handik, Albisturrenera. Familia bertan sortu zuen eta 52 urterekin aldatu ziren Klarene berriko etxera.
Hamalau urterekin neskame joan zen Donostiara, Bixenta ahizparekin batera. Foruen Pasalekuan etxea zuen Bergarako familia aberats batekin jardun zuen lanean hamar urtez, tartean Espainiako gerra ere bertan bizituz. Hamabostetik behin izaten zuen jai hartzeko aukera eta orduan aprobetxatzen zuen Altzibarko bileran dantzan ibili eta familia bisitatzeko.
Oraindik ezkongai, 1942. urtean auzoan aspalditik itxita zegoen Albistur sagardotegia hartu zuen taberna jartzeko. Gerra ondorengo garaiak ziren, denean eskasia zen garaia, askotan Oiartzundik Lesakara joan behar izaten zuen elikagaien bila oinez, baina sukaldean abila zenez gaitasuna bazuen osagai xumeekin otordu goxoak egiteko eta lan askoren poderioz, lortu zuen aurrera egitea. Ezkonduta ere bakarrik jarraitu zuen tabernaren arduran, senarra esne-saltzailea izanik, ez baitzuen inoiz bertan lanik egin. Asteko egun guztietan izaten zuen taberna irekia. Alabak handittu zirenean hasi zen astearte arratsaldean ixten.
Ostatua eskaintzen zuen, batez ere mendialdekoak izaten ziren etortzen zirenak, lo egin eta berriro lanera joateko.Talante onekoa zen eta era berean errespetua sartzen zuena. Mozkortutako gizonak ongi maneiatzen zituen, askotan hauek ere bere etxean artatu arteraino.[1]
Albisturrenetik Klarene berrira
1970. urtean egin zuen leku aldaketa, Albisturreneko taberna utzi eta eraiki berria zen Klarene berriko etxera pasata. Taberna utzi zuen baina nostalgiaz beterik, pixkanaka hasi zen berriro auzotarrentzat zerbitzua ematen. Pastelak eta txurroak saltzeari ekin zion hasieran, baina laster bueltatu zen aurreko taberna eta jatetxe eredura. Ordurako Mari Jose alaba eta Jose Mari suhiaren laguntza bazuen eta behin 62 urte beteta, alabak hartu zuen tabernako gidaritza, ama ondoan zuela.[2]
Anixetak ez zuen bere lana baloratzen, generoa kobratu eta jendea gustura uztea zen bere helburua, bizitzeko adina etekin aterata. Beti jarraitu izan zuten antzeko ildotik; jatetxe merkearen ospea zuen eta lau haizetara zabaldua zen bere izen ona.[3]
Anixeta taberna eta bere funtzio soziala
Anixetaren tabernak funtzio sozial aunitz betetzen zituen. Gizonak ziren garai haietan tabernan sartzen ziren bakarrak, baita dirua erabiltzen zuten bakarrak ere. Emakumeak, aldiz, sosik ez eta baserriko produkturen baten trukean edo, ordaintzen zuten hartzen zuten kafea, tabernako sukalde txokoan sartuta. Hirurogeiko hamarkada bukaera aldera hasi ziren emakumeak tabernan sartzen. Diru faltan zegoena ez zuen inor atenditu gabe utziko. Guztientzako bazuen zerbait. Auzoko behartsuenei ere ez zien utziko ardo pizar bat edo kafe pixka bat eman gabe, bederen. Inoiz, taberna itxi behar eta bezeroren bat etxera joateko baldintza txarretan baldin bazegoen, Anixetak bere ohea emango zion gaua pasa zezan, horretarako berak lurrean lo egin behar bazuen ere. Sentsibilitate berezia zuen behartsuekin, ez dira gutxi etxean apopilo hartutakoak, ezta administrazioko gestioetan laguntza jasotakoak ere. Norbaitek laguntza behar zuela ikusten bazuen bera prest zegoen edozein gestio egin eta harentzat laguntza eskatzeko. Beharrean zegoen edonorengatik mugitzen zen.
60eko hamarkadan Espainiako migrazioa gehien hartu zuen auzoa izan zen Altzibar. Haientzako ere bazuen Anixetak laguntza, esnea eta beharrezkoak fidatzen baizizkien ahal zutenean ordaindu arte. Ezkontza bat baino gehiago ospatu ziren Anixetaenean.
Bestalde, auzotarren bizitza sozialaren zutabea zen, gizonen kasuan, bederen. Ez ziren gutxi eguna tabernan pasatzen zutenak, goiz eta arratsalde, jokuan, lagun giroan. Mendialdean bizi eta herrira mezetara jaisten zirenen oinetako eta arropak aldatzeko lekua izaten zen, baita ere, eta horrez gain, auzoko elkarte papera betetzen zuen. Auzotarrak bertara etortzen ziren jaiak antolatzera eta trasteak uztera. Urteetan Oiartzungo festarik onenak antolatzen ziren Anixetaenean. Bertsolarien topaleku ere bazen. Lexoti izaten zen bertan askotan, eta haren arrimoan asko. 1982ko uztailaren 13an jasoa dago Lexoti eta Mitxelenan egin zuten saioa.[4]
Herritarren omenaldia
1991eko apirilaren 7an Iturriotzeko “Iturri berri” elkartearen eskutik omenaldia antolatu zitzaion herrian, Jon Iñarra alkatea tartean zegoela. Egitaraua zabala: Meza, Haurtzaro ikastolako dantzariak, herri-bazkaria, Kaxiano soinujolearen emanaldia eta Juanito Mitxelena, Gotzon Isasa eta Joxe Mari Irastorza “Larraxabal” herriko bertsolarien saioa. Azkenik, Oiartzungo udalaren izenean alkateak emandako plaka jaso zuen eta lore sorta Iturri berriko lehendakaria zen Iñaki Urkiaren eskutik.[5]
Amaiera
Anixeta pixkanaka joan zen taberna uzten; sukaldeko eginbeharrak ahazten hasi zitzaizkiolako jarraitu zuen alabaren arrimuan. Hil baino sei hilabete lehenago utzi zion tabernan laguntzeari, 1997 urtean.
Familiak bere ibilbidea jaso nahi izan zuen eta agurra eman, Antton Kazabonek osatutako bertsoen bitartez (Doinua: Bertso polit bat (Bilintx):
Albisturren izan ziren gure amaren lehen urratsak
une politak une gozoak, tarteka une garratzak
baina aurrera atera ziren Anixetaren ametsak
zartagin bero, mokadu gохо, eltzekoak eta saltsak. (bis)
Irundarrena, Errandonea, Xixario eta Xotero
hasiera hartan guri laguntzen ziguten egunero
eta baserritarrak janaren trukean hainbat jenero
zenbat bezero, zenbat lagun zahar pasatu den harrezkero. (bis)
Eguneroko ogia izan zen Anixetaren helburu
hilabeteko pastela baino hobea baitzen seguru
uda eta negu oporrik gabe aste eta asteburu
horregatikan oraindik ere bihotz-gogotan zaitugu. (bis)
Lehengo mendeko berrogeigarren hamarkadan hasi zena
Mari Joseren eskutik orain amaitzera heldu dena
eskerrik asko gure bezero zintzoa izan zarena
zuri eskerrak edertu baita Anixetaren izena. (bis)
Alaba Mari Joseren eskutik itxi zen betirako Anixeta taberna, 2016ko ekainaren 30ean.[6]
Erreferentziak
- (Ingelesez) «2016 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-09-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2016-05-29). «Hamabost sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- https://www.oarsoaldeaturismoa.eus/images/informazio-praktikoa/non-jan/Oarsoaldean_jatetxeak_2014.pdf
- Kazabon, Antton. (1996). Jose Joakin Mitxelena bertsolaria (1924-1988). Auspoa, 175-179 or. ISBN 84-89080-45-3..
- https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dokumentu-fondoa/multimedia-fondoa/bilatu/?b=1&mo=1&eu=&ga=&hi=Anixetania
- (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2016-07-21). «Altzibar auzoko 'Anixeta' tabernak bere ateak itxiko ditu hilaren 30ean» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).