Anioi-polimerizazio
Kimikan anioi-polimerizazioa edo polimerizazio anionikoa kate-polimerizazioaren mota bat da zeinetan polimerizazio-prozesua anioien bidez hasarazten den[1].
Anioi-polimerizazioa monomero binilikoekin usatzen da bereziki: estirenoa, butadienoa, isoprenoa, metakrilatoa, zianoakrilatoa, akroleina eta akrilonitriloa. Monomero ziklikoak ere anioi-polimerizazioz polimeriza daiteke: epoxidoak, trisiloxano ziklikoak, laktidak, laktona batzuk eta hainbat karbonato
Polimerizazio-prozesua
Hastea
Polimerizazio anionikoan erabiltzen diren hasarazleen artean amida metalikoak, alkoxi taldeak, alkil eta aril taldeak, hidroxiloak eta zianuroak seinala daitezke. Denak dira, jakina denez, Lewis baseak eta denak dira, ondorioz, elektroi-emaileak[1].
Hastea, oro har, bi modutara gerta daiteke:
1- Anioia, NH2- edo R- adibidez, monomero bati eransten zaio karbanioia emateko:
2- Elektroi bat pasatzen da zuzen-zuzen lotura bikoitzera anioi-erradikal bat emanez:
Hasarazlea aukeratzeko unean monomeroaren erreaktibitatea hartzen da aintzat. Monomero oso elektroizaleek, zianoakrilatoek esaterako, hasarazle nukleozale ahulak nahikoa dituzte, hala nola, aminak, fosfinak edo haluroak. Erreaktibitate txikiagoko monomeroek, estirenoak adibidez, butil litioaren gisako nukleozale sendoak behar dituzte.
Hedatzea
Hedatzea edozein delarik hasteko modua, monomeroak erantsiz garatuko da. Era berean, katioi-polimerizazioan bezala, hedatzen diharduen anioiak kontraioia behar du aurrera egiteko, alegia, mutur aktiboan ioi-kontraioi bikotea daukagu.
Hedatzeak monomero guztia kontsumitzea ekartzen du. Halaber, oso azkar gertatzen da baita tenperatura baxuetan ere.
Amaiera
Amaiera katioi baten transferentziaz gertatzen da. Katioia disolbatzailearen protoi bat izan daiteke edo beste agenteren batena. Kasu batzuetan hedatzen ari den espeziea ez da hiltzen monomeroa ahitu arte.
Anioi-polimerizazio batzuetan, ingurune-baldintza egokiak direnean (ezpurutasunik ez egotea adibidez), pasa daiteke amaierarik ez geratzea eta mutur aktiboa bizirik jarraitzea. Horrela monomero gehiago edo komonomero bat eransten bazaio sistemari polimeroak hazteari ekingo dio berriz ere. Modu horretan jazotzen diren polimerizazioei polimerizazio bizidun esaten zaie eta mutur aktiboa anioia bada, polimerizazio bizidun anionikoak izango ditugu. Bloke-kopolimeroak prestatzen dira modu horretan etsenplurako[2].