Angus MacAskill
Angus MacAskill, gaeleraz Angus Mòr MacAskill, hots, Angus MacAskill "Handia" (Berneray uhartea, Kanpoko Hebridak, 1825 - Englishtown, Bretainiar Lurmuturra uhartea, Eskozia Berria, 1863ko abuztuaren 8a), ezizenez Giant MacAskill ("MacAskill Erraldoia") edota Black Angus ("Angus Beltza") deitua, garaiera eta indar handiko eskoziarra izan zen.
Angus MacAskill | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Berneray eta Harris, 1822 |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | St. Anns (en) eta Englishtown (en) , 1863ko abuztuaren 8a (40/41 urte) |
Hobiratze lekua | Englishtown (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria |
Altuera | 2,36 metro |
Bizi zelarik historia osoko erraldoi garaiena gisa ezaguna izan zen. 1981eko Errekorren Guinness Liburuaren arabera, inoiz bizi izan den naturalki hazi edo handitutako gizakirik handiena eta indartsuena bezala erregistratu zuen (hots, inongo erraldoitasun gaixotasunik jasan gabekoa izan zen, sarritan erraldoiek gaixotasun horren ondorioz handitzen baitira, hauetako batzuk MacAskill baino garaiagoak izan ziren, Altzoko erraldoia kasu). Berez lodia ez izanik, bular neurri handiena izan duen gizakia bezala ere erregistratuta dago, bere bular inguruak gutxi gorabehera 2.000 milimetro neurtzen zuelarik.
Bizitza
Angus Mac Askill Eskoziako ipar-mendebaldean dagoen Kanpoko Hebridak uhartediko Berneray uhartean jaio zen, beraz ama hizkuntza gaelera izan zuen. 1830an oraindik umea zela bere familiarekin Eskozia Berrira emigratu zuen. Umetan bere garaiera beste umeena bezalakoxea zen, baina gaztaro edo nerabe aroan bere handitze harrigarria hasi zen, jada 21 urte zituela 2,23 metroko garaiera zuelarik. Bere garaiera handiena 2,36 metrotakoa izan zen, 23 urte zituela. Bere pisua, aldiz, 190 kilogramotakoa zen. Bere adiskideek Angus Handia ezizenez deitzen zuten.
MacAskill batez ere bere jendaurreko indar erakustaldiengatik ezaguna zen, horien artean ikaragarrienak ia 1270 kg zituen aingura bat bere bular mailaraino altxatzea izan ohi zen, edota 135 kg-tako kupelak hainbat metrotan zehar oinez garraiatzea. 50 kg-tako pisuak bi atzamar soilez altxatzeko gai zen, eta hala hamar minutuz airean mantentzea, gaur egun oraindik inork egiteko gai ez den balentria. Zaldi bat lur zorutik zentimetro batzuetara airean indar askorik egin gabe altxa zuelako aldia aipatzen duenik ere bada.
1849an MacAskill erraldoia zirku batean lanean hasi zen, bertan soilik 64 zentimetrotako garaiera zuen Tom Thumb jeneralarekin batera agertu ohi zelarik. Viktoria I.a Erresuma Batukoak MacAskillen balentria eta egiteen berri izan zuen eta Windsor gaztelura joateko gonbitea luzatu zion, han erreginak gaztelu hartan inoiz sartu zen gizon garai, sendo eta indartsuena ezagutzeko beta izan zuen.
Frantziar itsasgizon batzuekin burututako apustu batean zehar, Angusek bere sorbalda gainean 1225 kg-tako aingura bat jarri eta hura zeraman bitartean itsasontzian luze eta zabal ibili zen. Ezezaguna da egite hau non gertatu zen, ez eta ainguraren pisua zehazki 1270 kg edota gutxiagokoa zen, batzuen ustez beharbada 995 kg-takoa zen.
1850. urte amaiera aldera MacAskillek hainbat etxalde eta biltegi bat erosi zituen. 1863ko abuztuaren 8an 38 urte zituela hil zen. Englishtown udalerriko hilerrian bere gurasoekin batera hilobiratua izan zen, azken hauek garaiera arruntekoak ziren. Bere heriotzaren zergatia ez da inoiz garbiki azaldu, dirudienez eta sendagilearen diagnostikoaren arabera burmuineko sukar arraro bat jasan omen zuen.
1900an bere hilarria hautsi egin omen zen, ondorioz beste berri batengatik ordezkatua izan zelarik. Handik urte gutxira MacAskill gauza pertsonalak, bere ohea, arropa eta eserlekua barne, Unibertsitate Gaelikoan erakusgai jarri ziren. 1989an gauza guzti hauek Dungevan udalerriko MacAskill museora eramanak izan ziren.