Ángeles Ottein
Ángeles Ottein ( Algete, Madril, 1895eko ekainaren 24a – Madril, 1981eko martxoaren 12a ) Maria de los Ángeles Nieto Iglesias izen osoa zuen soprano espainiar bat izan zen, arrazoi artistikoengatik Angeles Ottein bihurtu zuena, bere abizena alderantzikatuz eta te bikoiztuz. Oso kantu-lerro garbia, inongo erregistrotan arrakalarik gabea eta emanaldien interpretazio-kalitateagatik nabarmendu zen.[1]
Ángeles Ottein | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Algete, 1895eko ekainaren 24a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Madril, 1981eko martxoaren 12a (85 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria |
Ahots mota | sopranoa |
Musika instrumentua | ahotsa |
Biografia
Ängeles Santiago de Compostelako José Nietoren eta Ferrolgo Erundina Iglesiasen alaba zen. Bi ahizpa zituen, Ramona eta Ofelia Nieto, azken hau ere sopranoa izan zen.[2]
Angelesek, bere ahizpa Ofeliak bezala, Madrilgo Errege Kontserbatorioan hasi zituen kantu ikasketak, Lorenzo Simonetti tenorearekin.1914ko irailaren 5ean Madrilgo Zarzuela Antzokian debutatu zuen, Arrietaren Marina kantatuz.[2]
1917an Madrilgo Errege Antzokian Rigoletto kantatu zuen, Maria Barrientos sopranoarekin txandakatuz. Geroago Lisboako Coliseu dos Recreios-en aurkeztu zen eta, ondoren, Italiako antzoki nagusietan kantatzera pasa zen, Erromako Costanzi Antzokian edo Napoliko San Carlo Antzokian kasu. El Barbero de Sevilla abestera iritsi zen bere garaian famatua izan zen Tito Schipa tenorrarekin batera..[3]
1918an bere denboraldi bakarra Buenos Airesko Colon Antzokian egin zuen, non El Barbero de Sevilla abestu zuen Mariano Stabile baritonoarekin, Mignon, Gabriella Besanzoni mezzosopranoarekin eta Rigoletto Charles Hackett tenorearekin eta Luigi Montesanto baritonoarekin batera. Ondoren, New Yorkeko Metropolitan Opera Housera joan zen, eta Lucia di Lammermoor eta El Barbero de Sevilla abestu zituen.[4]
1920an Hego Amerikara itzuli zen eta El Barbero de Sevilla, Lucia di Lammermoor eta Thaïs abestu zituen Perun. Geroago, Bernardo de Muro tenorearekin batera, Gómesen Cóndor abestu zuen Rio de Janeiron. Urte horretan bertan itzuli zen Espainiara eta Rigoletto eta El Barbero de Sevilla abestu zituen Valentziako Antzoki Nagusian, Tito Schipa tenorearekin batera.[4]
1921ean Habanara joan zen Adolfo Baracleren konpainiarekin. 1922an Armand Crabbé tenorearen eta Marimí del Pozo sopranoaren Ensemble de Ópera de Cámara konpainian abestu zuen, Madrilgo Comediaren Antzokian Conrado del Camporen Fantochines opera estreinatuz. Ondoren, eta konpainia berarekin, Julio Gomezen El Pelele eta Angel Barriosen La guitarra abestu zituen.[4][5]
1924an, Sara Cesar sopranoa ordezkatuz, Txileko Santiagoko Udal Antzokian aurkezteko aukera izan zuen, La Bohème kantatuz, Ismaele Voltolini tenorearekin, Carlo Morelli baritonoarekin eta Gaudio Mansueto baxuarekin batera. Valparaison El Barbero de Sevilla abestu zuen, Armand Crabbé tenorearekin, Gaudio Mansueto baxuarekin eta Carlos del Pozo baritonoarekin batera, azken hau bere ahizpa Ramona Nietoren senarra zelarik. Mexikoko Fabregas Antzokian, Dinorah eta El secreto de Susana abestu zituen Armand Crabbé tenorearekin batera.[4]
1925ean Fantochines kantatuko zuen berriz Mexikoko Esperanza Iris antzokian. 1926an Madrilgo Apolo Antzokian abestu zuen, Rigoletto, Miguel Fleta tenorearekin batera, eta Lucia di Lammermoor, Juan Rosichekin batera. Urte horretan bertan Enrique Nayarekin ezkondu eta Habanara erretiratu zen, baina handik gutxira eszenara itzuli zen.[4]
1935ean, Calderon Antzokian (Madril), maratoi-denboraldi bat egin zuen kantuan: La Traviata, Antonio Cortis tenorearekin eta Celestino Sarobe baritonoarekin batera; El Barbero de Sevilla, Baltasar Lara tenorearekin eta Celestino Sarobe baritonoarekin; Rigoletto, Hipolito Lazaro tenorearekin batera, eta berriz ere Celestino Sarobe baritonoarekin; Pagliacci, Antonio Cortis tenorearekin eta Augusto Ordoñez baritonoarekin; El secreto de Susana; Musettaren rola abestu zuen La Bohèmen, Hipolito Lazaro tenorearekin, Matilde Revenga sopranoarekin, Augusto Ordoñez baritonoarekin, Gabriel Olaizola baxuarekin eta Carlos del Pozo baritonoarekin batera.[4]
1942an, irakaskuntzaren bidea aukeratu zuen.[4]
1944an Ataulfo Argentaren zuzendaritzapean abestu zuen Radio Nacional de Españan aurkeztu zenean.[4]
1958an Madrilgo Errege Kontserbatorioan irakasle plaza bat lortu zuen, ikasle bezala Marimí del Pozo sopranoa, bere iloba (Ramona, Ofelia eta Angelesen beste ahizparen alaba), Ketty Fernández, Consuelo Rubio, Pilar Lorengar edo Maria Luisa Nache izan zituelarik.[3][4]
1959an kantatu zuen jendaurrean azkenekoz, bere seme bakarra zen Enrique Naya Nietoren eta Ketty Fernandezen arteko ezkontzan.[4]
1960an, alargundu ondoren, Puerto Ricon bizi izan zen eta Pau Casals Kontserbatorioko irakaslea izan zen hamar urtez.[5]
1971n Madrilera itzuli zen. 1981ean, Alzheimerren gaixotasunaren ondorioz, martxoaren 12an hil zen Madrilen, 86 urte zituela.[4]
Diskografia
Opera grabazioen artean, Phonotype diskoetxearentzat, Manon Lescaut Auber-en "la Carcajada", La sonnambula amaierako "Cabaletta" eta El Barbero de Sevillaren "Una voce poco fa" nabarmendu behar dira.
Zarzuelari dagokionez, erregistroak ugariagoak dira: Geronimo Gimenezen El Barbero de Sevilla; José Serranoren La canción del olvido Marcos Redondo baritonoarekin batera, edo Pablo Sorozabalen Katiuska. Era berean, Odeon diskoetxearekin Federico Moreno Torrobaren Luisa Fernandaren aukeraketak grabatu zituen Emilio Vendrell tenorearekin eta Marcos Redondorekin; Maruxa, bere ahizpa Ofelia Nieto sopranoarekin, Carlo Galeffi tenorrarekin eta Anibal Vela baxuarekin batera.
Aitortzak
1995ean, bere jaiotzaren mendeurrenean, Algeten, omenaldi bat egin zitzaion Ángelesi. Ekitaldi horretan, bere familia bertan zegoelarik, bere ahots grabatua entzun zen eta jaio zen etxean plaka bat jarri zuten.[6]
Erreferentziak
- «Biografía de Ángeles Ottein» lahistoria.net (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- (Gaztelaniaz) Franco, Enrique. (1981-03-12). «Ha muerto la cantante lírica Angeles Ottein» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- «Biografia de Ángeles Ottein» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- «Los Ángeles Ottein - Discografía, Biografía | KripKit» kripkit.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
- (Gaztelaniaz) «ÁNGELES OTTEIN: LA BELLEZA DE UNA VOZ» capricciovocales jimdo page! (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- «Ofelia Nieto y Ángeles Otein» web.archive.org 2009-12-21 (Noiz kontsultatua: 2021-07-26).
Bibliografia
- Cien cantantes españoles de ópera y zarzuela. Girbal Hernández, F. Lira arg. 1994
- Diccionario de Cantantes Líricos Españoles. Sagarmínaga, Joaquín. Acento arg. 1997
- Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. VV. AA. SGAE arg. 1999
- Diccionario Biográfico de la Música. Matas, Ricart. Iberia arg.1956
Kanpo estekak
- Ángeles Ottein eta Ofelia Nietoren jaiotza eta bataio aktak
- La Cancion del Olvido (Jose Serrano) Marcos Redondo eta orkestarekin archive.org-n (Ingelesez)