Angel Galindez

Angel Galindez Zelaieta (Abadiño, Bizkaia, 1918ko azaroaren 4aAlgorta, Bizkaia, 2003ko abuztuaren 8a) ingeniari agronomoa izan zen. Ibilbide profesionala Iberdueron hasi zuen, Dueroko jauziak eraikitzen. Funtsezko papera izan zuen Bilboko eta Bilboaldeko ur-horniduran, bai eta bertoko Ur Partzuergoaren eraikuntzan ere. 1967an, Banco de Vizcaya [Bizkaiko Bankua] bankuko Administrazio Kontseiluko kide izendatu zuten, eta 1975ean lehendakari, 1987a arte.

Angel Galindez

Bizitza
JaiotzaAbadiño, 1918ko azaroaren 4a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaAlgorta, 2003ko abuztuaren 8a (84 urte)
Familia
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakagronomia-ingeniaria
Enplegatzailea(k)Iberduero  (1946 -
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaerromatar katolikoa

Biografia

Angel Galindez Abadiñon jaio zen. Bertokoa zuen ama, Maria Soledad Zelaieta Bengoetxea,[1] eta bilbotarra aita, Pablo Galindez Eguillor[2] (1892-1937). Jaiotza-etxea, Zelatabe izenekoa, bere amaren abizenen akronimoa da (Zelaieta ta Bengoetxea), 1913an eraikia. Abadiñoko jauregirik ospetxuenetakoa, Galindezena bezala ezaguna da gaur egun.[3]

Galindezen haurtzaroari buruz argitaratua dagoen datu bitxiena, bederatzi urterekin eskarlatinak jo zuela da. Orduan hasi zen gaixotasunaren kontra borrokan, bizitza osoa iraun ziona.[4] Bere bizitzako azken urteetan bihotz gaitzek ere gogor jo zuten, 84 urterekin Algortan zendu arte.

Ikasketak

Batxilergoa Jesuiten Begoñako Andra Maria Eskolan egin zuen, Bilbon. 1935ean Madrilera joan zen Ingeniari Agronomoen Eskolan sartzeko. Behin Gerra Zibila amaituta Espainiako hiriburura bueltan zen bere ikasketak amaitzeko, 1945ean bikainki lortu omen zuena.[4]

Iberduero

Iberdueron sartu zen 1946an, Pedro Martinez Artolak zuzentzen zuen Ikerketa eta Proiektu Sailean.

Bere lehen proiektua Burtzeñako zentral nuklearra izan zen, Nerbioiko ibaia aldean, bere lagun eta koinatu izandako Luis Maria Ybarrak lagunduta onartu zuena, orduan Iberduero eta Banco de Vizcayako kontseilari zena.[5] Ordea, handik hilabete gutxira, eta bide ingeniari baten baja betetzeko, Villalcampoko (Zamora, Espainia) presako aprobetxamendu hidraulikoaren ikerketa orokorra agindu zioten Galindezi, Duero ibaian. Proiektugile eta obra zibilaren gauzatzerako arduradun goren bezala zuzenean aritu zen presa handietako bat izan zen Villalcampokoa.

Galindez, Duero ibaiko presa handien eraikitzaileen 3. belaunaldikoa izan zen, Espainiako ibilgu hidrauliko zailenaz arduratu zena.

1946tik 1970era, Villarinoko zentrala (Salamanca) elektrizitate-sarera konektatu zenean, Galindezek aipatu Villalcampoko zentralaren eraikuntzan parte hartu zuen, gero Kastrokoari (Kantabria) eta Saucellekoari (Salamanca) heltzeko. Azken horrekin batera koordinatu zituen Aldeadavilako presa eta zentrala, orduko denborako abangoardia teknikoak.

1960ko hamarkadaren erdialdean Villarinoko ponpaketa-zentrala eraikitzeko lanak abiatu ziren, Almendra, alturaz berrehun metro zituen presa-ganga handikoa, Tormes ibaian, Dueroko ibaiadarra. Bai presa, bai Tormesko ponpaketaren profitatzea, Galindezek zuzendu zituen, orduan Iberdueroko Ikerketa, Proiektu eta Eraikuntza dibisioko arduradun nagusi baitzen. Lan mardul horien proiektugile eta azken bi horien zuzendari izateagatik, Presa Handien Batzorde Nazionaleko kide izendatu zuten.

Bilboko Ur Partzuergoa

1960ko hamarkadaren hasieran Bilboko Udalak deitu zion, orduko alkate Lorenzo Hurtado de Saratxok hala eskatuta, herriko ur horniduraren arazo larriak konpon zitzan. Bai hamarkada hartan ekarritako konponketa teknikoak, bai Bilboko Ur Partzuergoaren eraikuntza, erabakigarriak izan ziren. Partzuergoa ordutik aurrera garatuz joan zen, bere alorrean erakunde eredugarri bihurtzeraino, Jose Miguel Eizagirreren gidaritzapean. 1960 eta 1967 artean Bizkaiko Aldundiko kide ere izan zen Galindez, Udalaren interesen ordezkari, eta betiere uren kudeaketaren arloan.

Banco de Vizcaya

Angel Galindez, Banco de Vizcayako Administrazio Kontseiluko kide izendatu zuten 1967an. Urtebete geroago, Bankuko Ordezkaritza Batzorde Iraunkorreko kide egin zuten.

Galindezek Bankuko Kontseiluan zuen posizioa Iberdueroko Idazkaritza Tekniko Nagusian zuenarekin uztartu zituen, miokardio-infartu larria jasan ondoren, eta handik gutxira izan zuen ardura.

Finsako, Bizkaiko Labe Garaietako eta Eusko-aragoitar Autopistaren sozietate titularreko administrazio kontseiluetako kide izan zen, guztietan Bankuko ahotsa izanik. Baita Cementos Hontoria [Hontoria Zementuak] enpresako Administrazio Kontseiluan Iberdueroren ordezkari ibili ere.

1975ean Bankuko Administrazio Kontseiluko Lehendakaritza hartu zuen, Pedro Careaga Basabe Kadaguako kondea ordezkatuz. 1987an, ordea, agintaritza Pedro Toledo Ugarteri eman zion.

Galindezen agintaldian, Bankua nabarmen hazi zen: 1977ko abenduan, 26.000 pezetako balioa zeukan Bankuak Burtsan; 1987aren amaieran, 366.000koa izatera iritsi zen.[6] Akzioaren hobaria % 21,4ko batez besteko urteko tasara heldu zen 1977-1986 urte artean, Espainiako batez bestekoa % 14,5ean zegoela.[7] Honela, Banco de Vizcaya Banco de Bilbaorekin [Bilboko Bankua] fusionatu zen 1989an, bi aldeen akordioz Banco Bilbao Vizcaya (BBV, Bilbo Bizkaia Bankua) sortuz.

Galindezen 12 urteko agintaldiak Bankuko kudeaketaren modernizazioa eta bere exekutiboen gerentzia eta teknika garapenak izan zituen ardatz, beste askoren artean gerenteen profesionalizazioa bultzatuz, ordura arte Banco de Vizcayako sortzaileen ondorengoek hartzen zuten ardura.[5] Azken hauei, krisian zeuden hainbat bankuren erosketa agindu zien. Beste integrazio esanguratsua bat Banka Katalanarena izan zen, 1984an.

Banco de Vizcayak profesionalen belaunaldirik argienetakoa formatu zuen orduan, oraindik Espainiako bankan izeneko posizioak dituztenak.

Akziodunen lehen biltzarrean, bere agurraren ondoren, orduko presidente Toledo Ugartek hurrengoak esan zizkion Galindezi:[6]

« Angel Galindez, kontseilari bezala gaur hemen esertzen dena, Banco de Vizcayako Lehendakari gisa agurtu gintuen orain dela urtebeteko Biltzarrean. Bere agintaldian zehar, Bankuak bere garai oparoenetako bat bizi izan du. Bere arrastoak betirako iraungo du, inoiz ez baitzuen ardurarik gabeko ezer egin. Angelek korporazio handiko gobernu-ideiekin egin zuen beti lan, antolakundeen orekarekin, pertsonen motibazio eta esfortzuarekin, eta hauek dira beti geratzen direnak.  »
Pedro Toledo Ugarte

Toledo Ugarteren espero gabeko heriotzaren ondoren, 1989ko abenduan,[8] BBVko Administrazio Kontseiluan tira-birak gertatu ziren fusionatutako entitateetako kideen artean. Aldeak ez ziren ados jartzen, zendutako presidentekidea ordeztuko zuen karguduna izendatzean. Konponbiderik gabeko hainbat asteren ondoren, ministerio laudo batek krisia amaiarazi zuen, eta Galindezek Administrazio Kontseilua utzi zuen. Hala ere, Bankuaren ordezkari izaten jarraitu zuen Hidroeléctrica Española [Hidroelektrika Espainola] konpainian, eta enpresa hori 1991n Iberduerorekin fusiona zedin lagundu zuen. Horixe izan zen, Iberdrolaren jatorria, Espainiako lehen talde elektrikoarena.

Familia eta izaera

Angel Galindez, Maria Victoria Zubiriarekin ezkondu zen, Flora Zubiriaren ahizpa. Azken hau Luis Maria Ybarraren andrea izan zen. Bere ezkontzaren ondorioz, Galindez Ybarra-Zubiria familiaren ahaide bihurtu zen, eta Neguri (Getxo, Bizkaia) aldeko familia aberatsetako kide. Bederatzi seme-alaba izan zituen, haien artean José María Galíndez. Seme-alabek 33 biloba eta 30 birbiloba eman dizkiete.

Bere pentsakera politikoari buruz ezer gutxi dago esateko. Bitxia da bere lagun Bernardo de Mesanza ingeniariak hari bidalitako erdal gutuna[9] (1976-06-25), non Unió Democràtica de Catalunya [Kataluniako Batasun Demokratikoa] alderdiaren V. Kongresuaren berri ematen dion El País [Lurraldea] egunkariaren kopia bat bidaliz. Bertan kristau demokrazia aipatzen du, eta Juan Ajuriagerra diputatu jeltzalea goraipatu, hau guztia Galindezen "interesekoa" delakoan:

« Atxikita bidaltzen dizut, zure interesekoa delakoan, "El País"-en ekaineko 15aren xerokopia. Bertan ikusiko duzu nola Banka Katalana eta Urquijo Bankua presente egon ziren, duen garrantziarekin, Kataluniako Batasun Demokratikoaren V. Kongresuan, non Espainiar Estatuko Kristau Demokraziaren figura errelebanteak egon ziren. Obazio handienak Juan Ajuriagerra Euskal ordezkariarentzako izan ziren.  »
Bernardo de Mesanza Ruiz de Salas

Galindezek, bere aldetik, esker onak emanez erantzun zion Mesanzari (1976-07-01). Honek idearik eman dezake Galindezek Eusko Alderdi Jeltzalearen (edo gutxienez, Ajuriagerraren) alde izan zezakeen sinpatiarik erakusteko, nahiz eta informazio hau ez den bere horretan borobila. Fidagarritasun gutxiko iturriren batek, Galindezi "espainolisten artean, jeltzale"[10] izatea ere egozten dio, bere ingurukoren batek hala usteta.

Jeltzale ez bazen, Galindez demokrazia kristauaren aldeko izateak zentzua izan dezake, bankeroa katolikoa izan baitzen beti. Ez da gutxigorako aipatzea Madrilen estudiante zebilela Monsinore Josemaria Escrivá de Balaguer, Opus Deiren sortzailea, ezagutu zuela (1935), Ferraz Kaleko erresidentzia batean. Haren lagun eginda, Escrivárekin bizi izan zen 1935 eta 1936 urteetan, eta baita 1939-40 ikasturteko zati batean ere. Halaber, Escrivák sortutako zazpi zentroetan bizi izan zen, nahiz eta Galindez ez zen inoiz Opuseko kide izan. Escrivá hil zenean (1975) artikulua idatzi zuen bere omenez El Correo Español - El Pueblo Vasco [Espainiar Posta - Euskal Herria] egunkarian[11] (uztailak 13), hemen zitatzen diren datuak aipatuz eta Así le Vieron [Hala Ikusi Zuten] testigantza-libururan aurkitu daitekeena.[12]

Galindezen ingurukoek aho batez azpimarratu dutena bere izaera zorrotza eta zintzoa[13] izan da. Baita bere borondate handia ere,[14] txikitatik garatu omen zuena eskarlatinaren aurka borrokan.[4] Hainbat enpresa-sektorek ere baieztatu zituzten bere bertute horiek, eta euskal ekonomiaren erreferente bezala hartu.[14]

Kondekorazioak

Angel Galindezek Elisabet Katolikoaren Zenbaki Enkomienda dauka, bai eta Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Handia eta Portugalgo Don Enrikeren Ordenaren Enkomienda ere. Bizkaiko Argi izendatu zuten 1996an.[15]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «María Celayeta Bengoechea» Geni (Noiz kontsultatua: 2019-I-20).
  2. (Gaztelaniaz) «Pablo Galíndez Eguillor» Geni (Noiz kontsultatua: 2019-I-20).
  3. Abadiño, Udala. «Zelatabe Jauregia - LEKU INTERESGARRIAK» Abadiño, elizarteko udala (Noiz kontsultatua: 2019-I-20).
  4. (Gaztelaniaz) Ángel Galindez Celayeta. .
  5. (Gaztelaniaz) Instituto Empresa y Humanismo, Nafarroako Unibertsitatea. (2002). Luis Mª de Ybarra y Oriol (1912-2001). La discreta grandeza de un empresario. Servicio de Publicaciones de la Universidad de Navarra S.A..
  6. (Gaztelaniaz) Junta General de Accionistas del Banco de Vizcaya. 1988ko otsaila.
  7. (Gaztelaniaz) Junta General de Accionistas del Banco de Vizcaya. 1987ko otsaila.
  8. (Gaztelaniaz) D, E. Pedro Toledo estaba designado a presidir el Banco Bilbao Vizcaya en un plazo de do años. ABC (argitaratze data: 1989/12/13).
  9. (Gaztelaniaz) Cartas cruzadas entre Bernardo Mesanza, por un lado, y Ángel Galíndez y José Angel Sánchez Asiaín por el otro, directivos del Banco de Vizcaya, referente al último Congreso de Unión Democrática Catalana. Eusko Ikaskuntza.
  10. (Gaztelaniaz) La familia Galíndez-Zubiría, entre los beneficiados fiscalmente por el PNV. .
  11. (Gaztelaniaz) Galíndez, Ángel. (1975). El Padre en mi Vida. El Correo Español - El Pueblo Vasco (argitaratze data: 1975/07/13).
  12. (Gaztelaniaz) Galíndez, Ángel. (1992). «El padre en mi vida» in Rafael Serrano “Así le vieron”: testimonios sobre el fundador del Opus Dei. RIALP, 80-82 or..
  13. (Gaztelaniaz) Fallece Ángel Galíndez, ex presidente del Banco de Vizcaya, a los 84 años. El País (argitaratze data: 2003/08/10).
  14. (Gaztelaniaz) Ángel Galíndez, ex presidente del Banco Vizcaya, fallece a los 84 años. ABC (argitaratze data: 2003/08/09).
  15. (Gaztelaniaz) (PDF) Histórico Bizkaitar Argia-Ilustre de Bizkaia. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.