Ane Lardi Enbil

Ane Lardi Enbil (Bataioko izenez: Ana Isabel. Etxekoentzat: Ana) (Oiartzun, Gipuzkoa, 1971ko azaroaren 19a) urte luzez kazetaritza eta euskalgintzari, eta azken boladan feminismoari, lotutako herri-eragilea. Talde lana estimatzen duena.

Ane Lardi Enbil

Bizitza
JaiotzaOiartzun, 1971ko azaroaren 19a (52 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakeuskalgintza, kazetaria eta newsmaker (en) Itzuli

Biografia

Jatorrizko familia

Garai hartarako jaiotzak ospitaletan normalizatuta bazeuden ere, Ane etxean bertan jaio zen: Oiartzungo Ergoien auzoko Killimo etxean.

Bere ama Maria Jesus Enbil Urdanpilleta (1940-2018), Gurutzeko Ameztoi baserrikoa zen (herritarren artean, Kuatrone edota Saastiarrene izenekin ezagunagoa).

Aita, Jose Luis Lardi Landa zuen (1932-2016). Fraisoro sehaska-etxetik jasotakoa Killimoko Portu-Etxenagusia familiak.

Beste hiru senide ditu Anek, bere aurretik: Jose Inazio, Jose Javier eta Belen.

Ikasketak eta hizkuntzarekiko harremana

1976ean, 5 urterekin hasi zen auzoko eskolan. Bertan gaztelera hutsez jaso zituen eskolak, euskaraz ez zekien irakasle kanpotar batekin. Ergoiengo eskoletan, azkeneko urtean bakarrik jaso zuen Euskarazko asignatura bakarra (10 urterekin).

1982an, 6. maila egitera, Elizalde Ikastetxera joan zen (‘Kalekoeskola’deitzen ziotenera). Oraindik ez zegoen B eredua eta hemen ere, Euskara asignatura gisa bakarrik lantzen zuten. Halere, irakasle euskaldunek, gelan ez, baina pasiloetan euskaraz hitz egiten zieten.

Bi Euskara zeuden Anerentzako: eskolan gainditu ezin zuen hizkuntza ulertezin hura eta etxean jasotzen zuen hizkuntza goxo eta bakar hura.

Derrigorrezko hezkuntza 8. Mailarekin, 14 urterekin amaitzen zen garai hartan. Noten arabera, BUP ikasteko gaitasuna lortu bazuen ere (gaur egungo batxillerra) berak Lanbide Heziketa aukeratu zuen, bere asmoa, lehenbailehen lanean astea zelako. 1985ean hasita, Zamalbideko Lanbide Heziketan egin zituen 5 urte eta Bigarren Graduko Administrazio Teknikari Espezialista titulua lortu zuen. Zamalbiden giro euskaltzalearekin topatu zen eta hango irakasleekin lortu zuen euskaraz alfabetatzea eta euskal literaturan zaletzea

Lana eta militantzia uztartuta: euskalgintza

  • AEK. Goi mailako ikasketak amaitu zituenean langabezi haundia zegoen garai hartan (1985-1995 hamarkadan) ez zuen lanposturik lortzen berak ikasitako alorrean eta AEKko iragarki bat ikusi zuenean, irakasle bila, ez zuen zalantzarik izan, aurkeztu egin zen. Erabaki horrek bere lan-kurrikuluma eta bizitza markatu zuen urteetan. 1991ean, Oreretako Xenpelar AEKn hasi zen lanean. Taldean lan egiten ikasi zuen hemen.
  • Lau Haizetara Herri Aldizkaria[1] Garai hartan, Euskal Herri mailan, Euskara Elkarteak sortzen ari ziren: Oreretan Lau Haizetara Euskara Elkartearen sorreran parte hartzera gonbidatu zuten. Handik sortuko zen: Lau Haizetara Herri Aldizkaria 1994an. 1999 arte bertako koordinatzailea izan zen. Politikoki garai zailak ziren Euskal Herrian, eta komunikabide batean aritzea ez zen erraza. Taldearen babesa ezinbestekoa dela ikasi zuen han.
  • Oiartzun Irratia[2][3] 1999ean, garai hartan Oarsoaldeko Komunikabide Euskaldunen Fundazioko kide zen Gema Lasarte[4] Leonetek, garai batean Kontakatilu izan zen irratia berriro martxan ipintzea proposatu zion: handik hasi zen Oiartzun Irratia proiektua idazten. Sortze taldean eta irratiaren ibilbide guztian, berarekin batera: Jose Luis Pikabea, Aitziber Arnaiz, AEKko irakasleak, Oiartzungo euskalgintzako hainbat lagun eta Oarsoaldeko Komunikabide Euskaldunen Fundazioko kideak izan zituen. Udalarekin hitzarmena sinatu zen. Behin sortu eta gero, kolaboratzaile eta lankide asko elkartu ziren irratira. Berak orain arte egin duen lan polittena eta eskertuena izan dela dio.
  • Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea[5] Oiartzun Irratian zegoela, Oiartzungo euskalgintzarekin batera, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sorreran ere, parte hartu zuen. Oiartzungo euskaltzaleen belaunaldi gazteak ezagutu zituen han.
  • Oiartzuarren Baitan, Oiartzungo ahozko ondarearen jasotze lana[6][7][8] 2005ean, bizitzak Bizkaiko Lekeitiora eraman zuen eta orduan utzi behar izan zuen irratia. Belaunaldi berriak sartu ziren irratian eta gaur egun uhinetan darrai indartsu. Lekeition administrari lanak egiten ari zen bitartean, ordea, Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko ideia garatzen joan zen. Pello Añorgak[9] animatu zuen horretara. Ordurako, Ahotsak Egitasmoa, hainbat herritako ahozko ondareak jasotzen zebilen, beraz, lehenengo eurekin elkartu zen proiektuaren berri jakiteko eta euren laguntza eskaini zioten. Ondoren, Oiartzungo Ttur-tturri erakutsi zion bere asmoa eta euren arrimuan, Oiartzuarren Baitan proiektua diseinatu eta aurrera eraman zuen. 2006tik 2011ra egon zen Oiartzungo ahozko ondarea jaso eta hedapenerako prestatzen. Ordura arte egindako proiektu ederrena, eskertuena eta betegarriena izan zen hori, profesional izateaz aparte, pertsonalki ere asko ikutu zuena: herriko memoria historikoa jasotzen ari zen bitartean, gerra bizitu zuten oiartzuarrak ezagutu zituen eta bizitzari buruz zituen hainbat aurreiritzi bertan bera geratu ziren, hauen denen esperientzia ezagutu ondoren. Amatasuna ere garai hartan etorri zitzaion, eta horrek guztiak eragin handia izan zuen beregan.

Idatzitako liburua

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin batera Emakumeen baitan, Oiartzungo historia zati bat emakumeek kontatua.[10] (Mugarri 18.Oiartzungo Udala) idatzi zuen.

Amatasuna

2011ean, ordurako bi semeen ama ere bazen, eta Lekeitiotik egiten zuen lana. Baina proiektu batean lanean egonez gero, herrian bertan egon behar dela pentsatzen zuen eta horretaz gain, ahozko ondarea lantzeak gero eta espezialitate gehiago eskatzen zuela: aurrerantzeko lana hizkuntzalarien eskuetan egon behar zuela. Arrazoi hauengatik, Oiartzuarren Baitan proiektua utzi egin zuen. Euskal Filologian lizentziatutako Ttur-Tturreko kideek jarraitzen dute proiektuarekin.

Esan bezala, 2008tik aurrera, bere bizitzako proiektu garrantzitsuenean murgildu zen: bi semeak hazi eta hezten, Niko eta Tomas. Ordura arteko proiektuak beren gorabeherak izan bazituzten ere, orain arte egin dituen proiektuen artean, beretzat amatasunarena, zailena eta gogorrena izen dela dio, baina era berean: ederrena izango dena.

Gaur egun

2016an, Eibarko Badihardugu Euskara Elkartean administrari lana egiten aritu ondoren, 2019tik gaur egun arte, Lekeitioko Ikusgarri zinemako Proiekzio-operadorea da, hori da bere lanbidea. Eta herrigintzari dagokionez, euskaltzaletasuna ahaztu gabe, Lekeitioko Mugimendu Feministako kidea da.

Wikilari

2022an sortutako Oiartzungo WikiEmakumeok lantaldean parte hartzen du.[11] Taldea WikiEmakumeok[12] proiektuaren baitan antolatu da eta bere xedea Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea da.

Herritar aitortza

"Oiartzuar emakumeak udalekuetan" egitasmoaren barruan, bere izena eraman zuen haur talde batek 2018an.[13]

Erreferentziak

  1. «Euskararen hauspoari eragiten» Oarsoaldeko Hitza 2018-10-26 (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  2. «Oiartzun Irratia, hogei urtez uhinak oiartzueraz astintzen» Oarsoaldeko Hitza 2019-07-05 (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  3. «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  4. Gema Lasarte. 2022-01-08 (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  5. «Saioa Ballesteros Intxixu AEK-ko kideari elkarrizketa» Oarsoaldeko Hitza 2015-07-17 (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  6. «Aitonaren-amonen hizkera aberatsa internetera eraman dute oiartzunen - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  7. «Egitasmo honi buruz | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  8. «Oiartzungo hizkera jasotzeko proiektua martxan. Badihardugu Euskara Elkartea» badihardugu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  9. Pello Añorga. 2022-01-08 (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  10. «2011 emakumeen baitan oiartzungo historia zati bat emakumeek kontatuta by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  11. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-12-09). «Wikilariak, emakumeen biografiak ahanzturatik azaleratzeko» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  12. Wikiproiektu:WikiEmakumeok. 2023-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  13. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.