Andurain gaztelua
Andurain-Mayte gaztelua edo jauregia Maule-Lextarren kokaturiko XVII. mendeko monumentu historikoa da. Oloroeko apezpiku eta Kontraerreformaren gidaria izan zen Arnaud Maiteren aginduz eraiki zuten pizkunde estiloko Zuberoako jauregi esanguratsu hau. Nabarmentzekoak zuberotar moldeko arbelezko teilatua eta bertako Erdi Aroko xurrutarriak eta aurrealdean zizelkaturiko aho irekiduneko aurpegiak; jauregia setiatuz gero kanoiak jartzeko pentsatuak.
Andurain gaztelua | |
---|---|
Monumentu historikoa | |
Eraikinaren aurrealdea Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Zuberoa |
Herria | Maule-Lextarre |
Koordenatuak | 43°13′11″N 0°53′26″W |
Arkitektura | |
Ondarea | |
Mérimée ID | PA00084443 |
Kontaktua | |
Helbidea | 1, rue du Jeu-de-Paume |
Erdigunea ertzetako hiru dorre karratuek babesten dute; laugarren dorrea ez zen eraiki. Zutabetxoak dituen sarrerako portiko ederra, gainean frontoia duten ajimez‑leihoak, txapitula‑formako hirugarren solairua, gargolak, oholezko teilatua; barruan, sekulako eskailera eta bi tximinia handi ditu.
Jauregiak 1661ean Matalas apaizak gidaturiko matxinadaren erasoa jasan zuen, bere dorretako batek su hartu zuelarik, istiluak amaitzean berreraikia izan zelarik. Gaur egun Maytie familiarena da jauregia, ekainaren 1etik irailaren 20era bisitak baimentzen direlarik, 11etik 12tara eta arratsaldeko 3retatik 6etara, ostegun, igande eta jaiegunetan izan ezik, non arratsaldez bakarrik irekitzen duten.
Maitiatarrak. Historia eta testuinguru erlijiosoa
Protestantismoa Zuberoan sartzen saiatzen ari ziren. 1549. urtean, Roussel, Oloroeko apezpiku izana, doktrina berria predikatzera etorri zenean, Petri Maitiak, Mauleko merkatari batek, pulpitua suntsitu zuen aizkorakadaz, eta apezpikua hil egin zen erorikoaren ondorioz.
1590ean, haren seme Arnaud zen Urdiñarbeko priorea. 1598. urtean, Maulen gordeta zeuden kalonjeek Oloroeko apezpiku hautatu zuten; protestanteak, ordea, hura hiltzen saiatu ziren: zauritu egin zuten, 17 kolpe eman zizkioten ezpataz. 25 urte iraun zuen bere elizbarrutia katolikoen eta protestanteen arteko lehiak markatu zuen; katolikoak, botere politikoa lagun zutela, Erreformak hartu zituen elizak eta ondasunak berreskuratzen saiatu ziren.
Ondasunei dagokienez, Maitiak nahikoa arrakasta izan zuela pentsa dezakegu, Maulen eraiki zuten jauregiaren ospeari erreparatzen badiogu. Arnaud II.a (1623‑1646) iloba izan zuen oinordeko. Osaba Parisera 17 aldiz joan arren, kontuan izanik garai hartarako sekulakoa zela hainbeste bidaia egitea, Arnaud II.a ez zen sekula bere elizbarrutitik irten.
Gerrak hondatu zituen elizak konpontzen lan egin zuen: Zuberoako erretaula asko garai hartakoak dira; Zalgize (Saugis, dokumentuetan) izeneko bat ospetsu egin zen lan horretan ziharduela. Arnaud II.ak erlijio‑ordenak ezarri zituen elizbarrutian: frantziskotarrak, kaputxinoak, premontretarrak, karmeldarrak, urtsulatarrak, klaratarrak.[1]
Matalasen matxinada
Arnud Frangois (1660‑1681), Arnaud II.aren iloba bat, Luis XIV.ak hautatu zuen Oloroeko apezpiku‑aulkirako. Parisen izan zen sagaratua, eta Euskal Herrira iritsi zen Matalasen matxinadaren hasieran. Matalasek karguari uko egin ziezaion saiatu zen, eta azkenean eskumikatu egin zuen. Matalas kondenatu ondoren, Arnaudek boterea galdu zuen. Maulen ezarri zuen kaputxinoen komentua.[1]
Erreferentziak
- Open Data Euskadi, Xipri. (Arbelbide). 'Euskal Herria' entziklopedia enblematikoa: Arkitektura zibila I - Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak. Open Data Euskadi, 188 or. (Noiz kontsultatua: 2017-09-20).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |
- (Gaztelaniaz) Maule Ihesi Euskal Herriko gidan
- (Frantsesez) Xiberoko Herri Alkargoa, Turisma Zerbitzuak