Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Urizaharra)
Andre Mariaren Jasokundearen eliza Urizaharreko (Araba) eraikin erlijiosoa da.
Andre Mariaren Jasokundearen eliza | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Eliza, 1958an. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Urizaharra |
Koordenatuak | 42°38′38″N 2°42′49″W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Mariaren Jasokunde |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 19 |
2002ko, uztailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Ezaugarriak
Oinplano errektangeluarreko tenplua da. Luzeran lau zatitan banatutako nabeak oinei atxikitako absiderik gabeko dorrea du eta aldamenetan bost kapera: hiru hegoaldeko alboan eta bi iparraldekoan. Bolumenik garrantzitsuena angeluzuzeneko prisma da, nabea alegia; horri kaperak eta arkupeak gehitzen zaizkio, eta horrela aldamenetan, luzeratara, garaiera txikiagoa duen beste gorputz bat eratzen da. Aipagarriak dira elizaren alboetako arkupeak eta kaperak, horien aurrean osatu baitira herriko plaza biak.
Jasokundearen elizak inguru garbi batera begira du fatxada nagusia, eta harresiaren hegoaldeko atetik elizarako kalea baino gorago dago. Hegoaldeko fatxadak bi alde ezberdin ditu; elizaren horma bera eta sarrerako arkupearen bolumena hiru kaperekin batera. Hegoaldeko arkupea da elizaren sarrera, dorrearen ondoan dago mendebaldeko alboan eta harlanduzko bi arku handi ditu: bata, erdi-puntukoa da eta bestea, duen zabalera handiagatik, pixka bat zapalagoa. Arkupeak elizaren atari zaharrenerako sarbidea du, eta bertan, apaingarri aberatseko arkiboltako arku puntadun bat ageri da: lehen arkua, hosto estilizatuduna; bigarrena eta hirugarrena giza-irudidunak, batzuk musika-tresnak jotzen (emakume batek lautea, gizon batek adarra eta beste batek txirula bikoitza); eta laugarren arkua, hosto multzo oso naturalistekin, eta giltzarrian, giza irudiak ageri dira zaldipetik. Arku-gainak hostotza artean pertsonaiak nabarmentzen ditu. Tinpanoa laua da eta bi erlaitzetan oinarritua dago: begiralearen ezkerrekoak fraideen irudiak eta hegaldun pertsonaia bat ditu; eskuinekoak, alegiazko izaki bat, hiru buruduna eta lehoi arrapaladuna. Aske dauden zortzi zutarrik eta habe arteko eta ategaietako ziriek eusten diote arkuari. Kapiteletan, hostotza artean, gizaki eta animalia irudiak daude. Arkupean txurunbeldutako hutsartea dago, hiru gingileko eta zutarri txikiko markoa duen leiho batekin. Gainerako fatxada erlaitzetik gertu dauden xaflen eta orejeten bidez inguratutako leiho dinteldunek eta kaperako habe karratuek margoztatuko hiru hormatalek osatzen dute. Fatxadaren bigarren planoa nabea ixten duen horma da, barreneko zatiak markatzen dituzten garaiera ezberdineko kontrahormak ditu, eta, lehen eta bigarren zatiko horman sartutako harrizko txakur batzuek gainean duten erlaitzari eusten diote. Hirugarren zatian idi-begi bat dago, eta, lehenengo zatian eta burualdean, berriz, oso arku zapaleko leihoak. Lehen zatiko leihoak bi zatitan banatzen du txakurren gaineko erlaitza.
Iparraldeko fatxadak dorretik hurbil dagoen eta neurri txikiagokoa den beste arkupe bat du, erdi-puntuko bi arkuduna eta apainketa ugariagokoa, eta erdizirkularra den eskailera batetik du sarbidea. Arkupean, hegoaldeko atearekin ardatz berdinean erabiltzen ez den beste ate bat dago, fuste leuneko bi zutarri erdirekin, zintzilikatutako girlandadun kapitel jonikoekin eta koskadun erlaitzarekin. Fatxada honetan alboko bi kapera besterik ez daude, bigarren eta hirugarren zatietan. Fatxada nabaria da horma hutsa delako, hirugarren zatiko kaperan dagoen leiho txiki bat ezik ez baitago hutsarterik. Iparraldeko fatxadak nabea ixten duen hormako erlaitz erromanikoaren aztarnak errepikatzen ditu.
Horman ezarritako antzinako erlaitz horrek harburuak ditu, eta hauek begi handiko eta aurpegiera nabarmeneko animalien buruak dituzte. Perla kordaz apaindua dagoen erlaitz gotiko bat nabeko hormaren gainaldea hartzen du.
Ekialdeko fatxada nabearen luzapena da, horma itsu eta laua, eta aldarea gordetzen du. Horma horren kanpoko aldearen eta etxe baten artean kantoi estu bat dago. Elizak dituen bi garaierak islatzen ditu fatxadak: nabearena eta kaperena. Nabearen angeluetan kontrahormak daude. Mendebaldeko fatxadaren ezaugarri dira hegoaldeko arkupe alderantz duen dorrea eta, dorrearen eta elizaren oinen arteko angeluan dagoen lokala. Dorrea liraina da, oin laukiduna, harlanduzkoa eta hiru zatikoa. Kanpai tokiak erdi-puntuko lau arku ditu; kupula oboide batek eta linterna zilindriko batek azkena ematen diote. Dekorazio xumekoa da, erlaitz arruntak eta angeluetan harrizko lau flamero ditu. Beheko bi zatiak, bata bestearengandik koska batek bereziak, arruntak dira, orejetadun plakekin inguratutako leiho txikiak dituzte eta barruan hareharrizko eskailera zilindrikoa.
Barruari dagokionez, tenpluak luzetara hiru zatitan banatutako nabe bakarra eta burualde zuzena dauzka, guztiak espazio lineal bakarra osatzen duela; garaiera txikiago duten kaperak batzen zaizkie erdiko zatietan. Lau zatiak ezberdinak dira; oinetakoa da luzeena eta hirugarren zatia motzena. Nabearen ganga gurutzeriakoa da, nerbio zuzenekin osatua eta nerbioak zabaltzen diren eremua nolakoa den, haren arabera, lau puntako izarrak eratzen dituzte. Gurutzeriaren giltzarriak oso soilak dira; aipatzeko modukoak bigarren eta hirugarren zatietako erdiko giltzarriak, San Andresen irudia eta koroatutako beste irudi bat besterik ez dira. Kaperek ia erdi puntuko arku irregularrak dituzte, formari dagokionean ezberdintasun nabarmenak azaltzen dituzte eta beren artean ez daude komunikatuta. Lehen zatian daude tenplurako sarbidea eta koroa.
Arku eskartzanoa, loroi eta triglifo modurako mentsulaz apaindutako frisoa eta koskadun erlaitza ditu koroak; halaber, iparraldeko alboan, bi mentsulen gainean balkoia dauka. Bigarren zatian, hegoaldeko horman eta kaperaren gainean, konoaren tronko erdiko forma duen hutsartea dago. Aldarearen aldean Errenazimenduko erretaula zoragarri bat dago, kaperek ere erretaula barrokoak eta neoklasikoak dituzte.
Akaberetarako erabilitako materialei dagokienez, gangen aparailua entokatuta dago; barruko harri-hormak, aldiz, ez daude entokatuta, erregularrak dira eta zati batean mutxardadura erakusten du eta azaleraren zati handi batean pikatu latza; mortero grisezko junturak nabarmenak bezain baldarrak dira. Oso toki bakanetan lehengo enluzitu kromatikoen aztarnak ikus daitezke. Zorua neurri txikiko egurrezko parketaz estalita dago, lau mailak jasotako aldarean izan ezik, marmol berdea erabili baita han; koruko zorua teila-koloreko zeramikazkoa da. Estalkia zeramika kurbatuko teilazkoa da eta kanpoko hormak harlanduzkoak nabearen goialdeko hormaren zatia izan ezik, entonkatuta baitago.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).