Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Mutriku)
Andre Mariaren Jasokundearen eliza Gipuzkoako Mutriku udalerrian dagoen eliza da. Herriko plaza nagusia den Txurruka plazan dago, Galdona jauregia eta Mutrikuko udaletxea albo banatan dituela.
Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Mutriku) | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Mutrikuko hiri historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Mutriku |
Koordenatuak | 43°18′27″N 2°23′16″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVIII. mendea - XIX. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Silvestre Pérez |
Estiloa | Arkitektura neoklasikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0005138 |
1 | |
Kontaktua | |
Helbidea | Txurruka plaza |
Elizako eraikin neoklasikoaren proiektua Silvestre Perez Martinez arkitektoak egin zuen. 1803 urtean hasi zen eraikitzen tenplu klasiko baten itxura duen eraikin hau. Barnean Francisco de Zurbaránen margolan bat ikus daiteke.
Eliz ataria handia da eta zutabeek heltzen diote. Bertara iristeko eskalinata bat igo behar da. Eliz atariaren goiko aldean, triangelu-formako frontoi bat dago, eta haren barnean erloju bat ageri da. Frontoi horren gainean, gurutzea eta elizako nabe edo habeartea ikusten dira.
Historia
Hainbat aldiz Mutrikuko eliza zaharra berreraiki ondoren, 1790ean hondatuta eta erortzeko zorian zegoela ikusirik, azkenean eliza bota egin zuten eta udalak berria egiteko erabakia hartu zuen[1]. Eliza zaharra ez zegoen oraingo hau dagoen dagoen tokian, Beheko Plazan baizik. Hala adierazten dute Tranpakaleko aldapan ikus daitezkeen euskarri handiek[2]. Eliza berriaren proiektua Silvestre Perezek prestatu zuen 1798an eta 1799ko urtarrilaren 6an San Fernando Arte Ederretako Akademiak onartu egin zuen. Baina ez ziren eliza eraikitzen hasi 1803ko abuztura arte, udala eta parrokiaren artean eztabaidak sortu baitziren elizaren kokalekua zela eta. Parrokiak eliza alde zaharrean eraiki nahi zuen. Aitzitik, udalak eta Mutrikuko familia garrantzitsuenak kanpoaldean ezarri nahi zuten, herriko maldan gora baina herrira heltzen ziren bideetatik hurbil. Gero, lehenik eta behin Independentziako Gerraren eraginez eta jarraian Lehenengo Gerra Karlista zela eta, proiektua gelditu eta atzeratu egin zen. Gauza bera gertatu zen beste hainbat momentuen kasuan diru eskasiak gertatu zirenean, edota zimenduekin arazoak sortu zirenean, lur azpiko harria laster azaltzen baitzen. Azkenean, 1843ko abenduaren 8an lehenengo meza ospatu zen, baina lanak oraindik bukatzeko zeuden -arkupea, kanpoaldeko mailadia, korua eta kapera egiteke zeuden-. 1863an oraindik ere bi pulpitu, bi ur bedeinkatu ontziak eta aldare nagusiko erretaula eta irudiak egiteko zeuden. Lanen ardurari dagokionean, berez Silvestre Perezek ez zituen lanak zuzendu. Herriko bertako bi arkitektoen zuzendaritzapean burutu zen, hau da, Manuel Vicente Laca eta Mariano Jose Lascurain. Ordura arte ohikoena arkitektoak berak lanak zuzentzea bazen ere, beste garai berriari ekin zioten, baita arkitektoen funtzioari dagokionean. San Fernando Arte Ederretako Akademiaren sorrerarekin batera, arkitektoa egilea baino diseinatzailea bihurtzen da. Horrela, herriko bertako bi arkitektoen zuzendaritzapean burutu zen, hau da, Manuel Vicente Laca eta Mariano Jose Lascurain.
Ezaugarriak
Jasokundearen eliza Euskal Herriko neoklasizismoaren eredurik esanguratsuenetakoa dugu. Bertan, arkitektoak ez ditu soilik apaingarri barrokoak garai neoklasikokoengatik ordezkatzen, eliza eraikitzeko orduan guztiz eredu desberdina garatzen du. Horrela, oinplanoan bertan aldaketak txertatzen ditu, oinplano angeluzuzenaren aldeko apustua eginez eta abside erdi zirkularra batekin amaituz, alboetan beste bi txikiagoak baditu ere. Espazio angeluzuzen nagusiaren barnean oinplanoa zentratu egiten du, lau zutabe doriar eraikiz, horiek laukia osatzen baitute. Lau zutabe horietatik arku toralak irteten dira ganga esferikoari eutsiz. Beste sabaietan erdiko absideak esfera laurdeneko ganga du eta kanoi ganga albokoetan. Absidearen alde banatan gela angeluzuzena dago, sakristia izateko eginak, eta burualdean atxikita kanpandorrea, lauki baten formakoa. Kanpandorrearen behealdean arkupea dago, tenplu klasikoen atarien eragina nabaritzen delarik. Arkupe hori harroinik gabeko sei koloma dorikoaz osatuta dago eta zutabeek frisorik gabeko arkitrabea sostengatzen dute aurrealdean eta horren atzean frontoia dago, xumea eta sinplea, apaingarririk gabekoa. Gainera, atarian ere harmaila bat dago funtzio bikoitzarekin. Alde batetik, horren bitartez eraikina orubearen maldara egokitzen da, eta bestetik eraikinari kutsu klasikoagoa eskaintzeko asmotan burutu zuten. Harmaila igotzen den heinean, kanpandorrea ez da ikusten eta tenplu greko edo erromatar baten aurrean gaudela ematen du. Ziur asko kanpandorrea burualdean kokatzearen erabakia, atariaren ondoan ezarri ordez, beharrean, xede horrekin lotuta egongo zen, hau da, eraikina kristaua izanik kutsu klasikoa eman nahi zioten. Ataria eta kanpandorreaz gain, kanpotik elizan nabarmentzen den hirugarren elementua barneko ganga esferikoa babesteko linterna poligonala da eta horren azpian dauden hormak. Hiru hormetan zirkuluerdiko leihoak - leiho termalak ere esaten diete- aurki ditzakegu ipar, hego eta mendebaldeko hormetan alegia. Leiho horietan zein eraikinaren beste xehetasunetan sinpletasuna eta xumetasuna nabariak dira, apaingarririk ez baitugu aurkitzen. Moldurak ere oinarrizkoak dira, horman eratutako silueten hutsuneak besterik ez baitira. Berez, elizaren elementu adierazkor bakarra kanpoko bolumetria hierarkizatua da. Hormak leunak dira, barrokoan hain gustukoak zituzten argi jokorik gabekoak, eta eraikuntza bideratzeko elementu gehienak harlanduz eginda daude. Harlandu bikaina erabili zuten eta, Mutrikuko bertako harria izanik, bere garaian ospe handikoa zen eraikuntza esparruan. Altuera desberdinetako sabaiek, teila gorriz estaliak, dinamismoa eskaintzen diote eraikinari. Mutrikuko elizan Silvestre Perezek eliza kristauaren eredu berria proposatzeaz gain, herriko egitura ordenatzeko borondatea ere erakusten du, topalekua izango litzatekeen plaza sortuz eta herrira ailegatzen zen bide sarearekin bat eginez. Ordura arte, herria kaiaren ondoan izan zuen garapen handiena. Eliza eta plaza berriei esker, garaiko udala eta arkitekto aragoitarraren asmoa zera zen: herri egituraren ardatz nagusia malda gorantz ekartzea eta herrira heltzen ziren bide nagusiekin bat egitea. Gainera, guzti hori bideratzerakoan, Silvestre Perezek garaiko arkitektura estilo berritzailearekin bat egingo du, neoklasizismoaren alde egiten duen apustua benetakoa baita, itxurakeriarik gabekoa. Alde horretatik, Euskal Herrian neoklasizismoak izango duen garapena benetan harrigarria izango da. Horrela, aurreko garaietako estiloetan gure lurraldea beti atzetik ibili bazen ere, kanpotik zetozen usadioetara berandu egokituz, oraingoan Euskal Herriko arkitektura garaiz egokituko da neoklasizismora eta estilo horren itxurazko jarraipena egin beharrean, benetan berea egingo du. Horregatik, Jasokundearen eliza hain garrantzitsua da arkitekturaren historian, bertan neoklasizismoaren ezaugarri guztiak aurki ditzakegulako[3].
Linazasororen iritziz, “XVIII. mendeko azken eraikin handia” da, eta ziurrenik probintzia honetako historia berriko garrantzizkoena, ez arkitektura berriaren lehen adibide bat soilik, baizik eta baita lekukorik garrantzizkoena ere[4].
Iruditegia
- Aurrealdea, Txurruka plazatik ikusita.
- Albo bateko eskailerak
Erreferentziak
- Mutrikuko eliz-historia eta arte bilduma. Jasokundeko Andre Mariaren parrokia (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- Arrieta, JLeyre. (1996). Gure historiara hurbiltzen. Mutriku. Mutrikuko Udala ISBN 84-7086-330-4. (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- Fernández Altuna, José Javier. Jasokundearen eliza. Mutriku. EuskoMedia Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
- Linazasoro, J.I. (). La actualidad de la casa blasonada en el País Vasco, III (Partidos judiciales de Azpeitia y San Sebastián). Bilbo (Noiz kontsultatua: 2017-09-30).
Ikus, gainera
- Alde Zaharra (Mutriku)
- Gipuzkoako kultura ondasunak