Andre Maria Erregina eliza (Zangoza)
Andre Maria Erregina eliza Nafarroa Garaiko Zangoza udalerriko Alde Zaharran kokatutako XI. mendeko kristiau eliza bat da. Erromaniko estiloa ditu.
Andre Maria Erregina eliza | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Aragoiko bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Zangoza |
Koordenatuak | 42°34′37″N 1°17′07″W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Maria |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Elizbarrutia | Iruñea eta Tuterako artxidiozesia |
Izena | Queen of Heaven (en) |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura erromanikoa |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 669-385 |
Eskualdea[upper-roman 1] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BIC | RI-51-0000056 |
385 | |
Webgune ofiziala | |
|
Herrigunearen mendebaldeko sarreran dago, Karrika Nagusiaren 1. zenbakian, Santa Maria edo Burdinezko zubiak Aragoi ibaia zeharkatzen duen lekuan. 1131ean Alfontso I.a Nafarroakoak Ospitaleko Zaldunei oparitu zien eliza.
Nafarroako Kultura Ondasuna izendatua dago. Bere atari ikusgarriak ospe handia du, bertan Azken Epaia modu harrigarrian irudikatuta baitago.[1]
Eraikina
XII-XIV. mendeen artean Karrika Nagusiko mutur batean eraikitzen hasi zen. Jada, 1889an Espainiako Monumentu Nazional izendatua izan zen, bere Atari ikusgarria benetako harrizko erretaula bat da eta Iberiar Erromanikoaren adibide harrigarrienetako bat da.
Itxura dotore eta neurri ertainetako eraikina da, erromanikoa eta gotikoaren arteko iragate garaian eraiki zen. Gurutzaduradun hiru nabez eta dorre oktogonal batez osatua dago, bere barnean beste hainbat gauza erakargarri ere badituelarik: esate baterako, plateresko estiloko erretaula nagusia eta prozesio irudi gotiko aberats ugari ere bai.
Ataria
Zangozako atea txaranbeldua da eta bost arkibolta puntadunez egituratzen da zutabe-estatuen gainean finkatzen direlarik –hiruna, alde banatan– eta 1200 baino lehenagokoak ez direnak. Horietan monumentuen hieratikotasuna, adierazpide plastiko moduan, bikain uztartzen da erritmo eta kontraste zentzu on batez[2].
Ezkerretako hiru janbetakoak Hiru Mariak adierazten dituzte –Madalena, Jesusen Ama eta Santiagoren eta Joanen ama– Birjina Mariak eusten dion liburuaren gainean utzi nahi izan zu egileak bere sinadura: LEODIGARIUS ME FECIT. Eskuineko hiru janbetakoak dira San Petri, San Paulo eta apostolu iruzurgilea: JUDAS MERCATOR; idazkunaren bitarteko ezagutza egileak bilatu duena izan da, agian erromesei laguntzen zien merkatari lukurreroen mehatxuen aurka ohartaraziz.[3]
Atearen gaineko atala
Ateburuan, berriro ere hamabi apostoluak ikusten dira Andre Maria buru dutela. Apostoluak, bakoitzak berea duen idazkunagatik ezagutzen dira eta jantziak daramatzaten soingainekoek tolesdura txiki eta lerro itxurakoak dituzte.
Tinpanoan, oso gizatiar eta bedeinkatzailea den Kristo, sorbalda agerian eta belaun gainean liburu bat duela, Azken Epaiaren irudikapena dago. Sumatzen da Epaile sagaratuak salbatuko direnengan gehiago pentsatzen duela –bere ezkerretan– ilara estuetan pilatuta, alde batera beren galerara eroriz doazelarik galduko direnengan baino.
Atariko ertzetan, hainbat neurritako eta mota askotako edukiak dituzten erliebe sailak txertatu dira multzo askotatik datozenak zalantzarik gabe. Ikonoetako nahaspila horrek, atariaren funtsezko zatietan azaltzen diren tamainarekiko zentzu handi horrekin desegoki direlarik, berriro ere sentiberatasun erromanikoaren horror vacuiari erantzuten dio, baina kategoria gutxiagoko maisuen esku-hartzea ere susmarazten du.
Egiletza
Esku batek baino gehiagok landua da zalantzarik gabe, gutxienez bi maisuren zuzendaritzapean; argi dago, bata XII. mendeko azken laurdenekoa eta bestea XIII. mendearen hasierakoa denaren ondoz ondoko bi atariei dagozkien eskulturak berrerabili egin zirela. Garai honetantxe osatua izango zen ataria egun ezagutzen dugun bezalaxe; zabartasun handi samarrez, gainera, bi aldeak zentratu gabe gelditu zirela ikusten bada.
San Juan de la Peñako Maisutzat ezagutzen den egilerik zaharrenak egina hartzen da goiko aldea, hau da, Pantokratorra buru dela apostolutza estaltzen duen koroaduran dauden bi arkuteriak; geldi-geldian dauden irudiak dira, ebakidura soilezko tolesturak eta begi handietako aurpegi karratuak dituztenak.
Beste maisua Leodegario da, ezkerreko janbako zutabe-estatuan sinatzen duelako ezagutzen da. Aurrekoa baino garatuagoa da maisu hau, frantsesa izango da agian, edo Chartreseko Portail Royaleko eskultura bikainen berri bazuena behintzat, nahiz eta beste batzuk arte borgoindarrarekin lotzen duten.[4][5]
Saga nordikoak iruditegiaren artean
Atearen goiko aldean, alboetan, Volsunga sagaren pasarteak ikus daitezke[6]. Volsunga saga XIII. mende amaieran prosan idatzitako testu islandiar bat da. Sigurd heroi germaniarraren abenturak kontatzen ditu, eta Nibelungoen kantorean (burgundiarren suntsipena kontatzen duen epopeia bat, goi aleman ertain hizkuntzan idatzia eta Volsunga sagaren antzekoa, baina hitz neurtuan idatzia) jorratzen den gaiaren bertsio zaharrago bat dena.
Sigurden gaia Zangozan aurkitzea ez da arraroa, izan ere Donejakue bidearen Aragoiko bidea bertatik igarotzen da, eta Europako iparraldeko hainbat erromesek kontakizun hori ekarriko zuten. Sigurd herioak udaberria ordezkatzen du, Eguzkia, neguaren dragoia hiltzen eta bere atzaparretatik Lurraren ondasunak askatzen. Kristau ikonografian ere paralelismoak ditu, Kristo eta Satanen arteko borrokan[6].
Ikus daitezkeen pasarteen artean Sigurd dago, bere zaldia Graneren gainean, Regin errementaria zapaltzen; Sigurd errementaria hil dezan gomendatzen dioten txorien kantua entzuten; kantu hori egiten duten txoriak dauden zuhaitza; eta hainbat eskandinaviar lokarri[6].
Dorrea
Dorrea oktogonala da, eta arkitektura gotikoaren adibide bat da. XII. eta XIV. mendeen artean egin zen.
Erreferentziak
- Nafarroako Entziklopedia Handia | ZANGOZA. (Noiz kontsultatua: 2022-02-01).
- Andre Maria Erreginaren eliza. Nafarroako Bulegoaren webgunea
- «Euskal Artearen historia — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
- C.M N. IV, 2, 372. or.
- Aguadé, Clara Fernández-Ladreda. (2010). «La Portada de Santa María la Real de Sangüesa (Navarra)» Románico: Revista de arte de amigos del románico ( AdR ) (10): 60–67. ISSN 1885-8651. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
- Uranga, J. E.. (1950). «Zangozako Santa Mariako eskulturak» Pirineos VI: 53-66. or...
- Serna, Blanca de la. (1976). «Las sagas nórdicas y su posible vinculación con el arte escultórico de Santa María la Real de Sangüesa» Príncipe de Viana 37 (144): 399–418. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).