Alargunen Etxea
Alargunen Etxea Aguraingo eraikin zibil zaharrena da, XIV. eta XV. mendeen artean eraikia. Litekeena da hasieran defentsarako dorretxea izatea, kokapenagatik eta beheko murruen loditasunagatik. 1564ko abuztuan Agurain suntsitu zuen sutea gainditu zuen etxe zibil bakarra izan zen, baina ez dago bere egoera orijinalean XVII. eta XVIII. mendeetan berritu egin zenez[1]. Eraikitako euskal ondare nabarmen gisa katalogatua dago Aguraingo Hirigune Historikoaren barruan[2].
Alargunen Etxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Aguraingo herrigune historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Agurain |
Koordenatuak | 42°51′05″N 2°23′21″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XIV. mendea |
Arkitektura | |
Solairuak | 3 |
Ondarea | |
EJren ondarea | 21 |
Ezaugarriak
Tarteko eraikina, izkina egiten duena, orube angeluzuzen oso estu eta luzangaren gainean eraikia (Gotikoaren bereizgarria). Fatxada nagusiak beheko oin, bi bizitza eta irekidurarik gabeko ganbara ditu.
Atzeko fatxadak bizitza bat gehiago du, eta honen beheko zatia soilik da guztiz Erdi Arokoa: hor nabarmentzen dira arku zorrotzeko portada gotikoa, estua eta dobelekin, gaur egun zati bat kalearen mailatik behera duena; eta alboan duen saietera, etxeko orgen sarrera argiztatzeko funtzioa duena, seguruenik[1].
Harria da beheko oinetan material nagusia, harlanduzko lana fatxada nagusian eta harri horma ekialde eta iparraldeko aurpegietan (azken honetan, entokatua). Goiko bizitzak bistako adreiluz eta luzitutako zurez (fatxada nagusian) eginiko armazoi egituraz ixten dira.
Beheko bizitzak ateburua duten bi irekidura handiko merkataritza lokal bat du: ezkerrekoa sarbidea da eta eskuinekoa erakusleihoa. Lehen bizitzak hutsarte angeluzuzen bat du eta, gainean, zurezko markoa duten bi leiho kareldun[2].
Erreferentziak
- Alargunen Etxea. (). Informazio panela. (Noiz kontsultatua: 2019-09-18).
- «Alargunen etxeak. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-18).