Andrés Espinosa

Andrés Espinosa Etxebarria (1903ko urriaren 17a, Zornotza, Bizkaia 1985eko maiatzaren 16a, Bilbo, Bizkaia) euskal alpinista, abenturazale eta bidaiaria izan zen. XX. mendearen hasierako euskal mendizaletasun eta alpinismoaren aintzindarietako bat izan zen.

Andrés Espinosa
Andrés Espinosa zutik eta bazkal osteko hitzaldia ematen Enara Kirol Elkarteak eraiki zuen Peru Saroiko aterpearen inaugurazio egunean. Aizkorriko mendilerroa, 1949. Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaZornotza, 1903ko urriaren 17a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo, 1985eko maiatzaren 16a (81 urte)
Jarduerak
Jarduerakmendigoizalea eta bidaiaria
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Izaera

1951. urtea. Juan San Martin, Carlos Linazasoro, Indalecio Ojanguren eta Andrés Espinosa, Ojangurenen omenaldi egunean. Arantzazu, Gipuzkoa.

Bere bizitza osoan izaera sentibera, mistikoa, naturazalea, bidaiazalea eta abenturazalea izateagatik nabarmendu zen. Espinosaren izaerak, ordea, kirolariarenaz gain beste hainbat alderdi ere gordetzen zituen: gizon ikasia zen, marraztu eta idazteko erraztasun handia zuen humanista ilustratua.

Izaera bakartia edo independentea izateko joera ere bazuen, halere, antolatutako mendizaletasunean eta mendizale taldeetan aktiboki ere parte hartu zuen. Bere lehen abentura bakartietan sendotasun fisiko handiko gizon ausarta zela nabarmendu zen, pausoz pauso naturarekiko harreman estua garatzeko gaitasun handia zuelarik.

Gaztaroa

Sei anaien artean zaharrena zen. 9 urte zituela aita hil zitzaiolarik. 12 urte zituela Nafarroako Baztango Lekarozko ikastetxean eskolaratu zen, bertan hiru urtez merkataritza ikasi zuelarik.

Ikasketak amaitzean Bilbora joan eta oihal saltzaile gisa lan egin zuen. Bere aitarengandik jasotako lanbide honek ez zuen inolaz ere ase betetzen. Bere gizarte ingurunetik aldenduz, umetan bere adiskide zen Enrike Renteria (19001982) margolariarekin batera deskubritu zuen naturan babesa bilatu zuen. Biak Zornotza inguruko mendietan zehar ibili ohi ziren, arteaz ikasi eta bertako paisaia bukolikoekin harremanetan jarriz sentsibilitatea bereganatuz.

Espinosari lan jarduerak eragiten zion egonezina mendizaletasuna eta mendia berak sortzen zion irriki eta zaletasunaren bidez arindu edo lasaitu ohi zuen. Zaletasun hau gerora Euskal Mendi Federazioko presidentea izango zen Antxon Bandresek (1879-1966) kutsatu edo barneratu zion. Espinosak bere aisialdi edo denbora librea Euskal Herriko txoko guztietara eramango zion mendizaletasun jaduera garatzera buru belarri ekingo zion.

Bultzada naturazale batean oinarritzen zen bere bizitzaren ibilbide honi Espinosak "nire sukar mendizalea" deituko dio, honen ondorioz 1925 eta 1927 bitartean iberiar penintsula osoko mendilerro garrantzitsuenetan ibili zen: Demanda, Urbión, Cebollera, Moncayo, Cordillera Cantábrica, Guadarrama, Gredos, Sierra Nevada... Espinosak igoera hauetan baldintza fisiko ezin hobeak zituela erakutsi zuen, adibide nabarmenak, Urduña eta Elgoibarren korritu zituen mendi lasterketak izan ziren. Bere lorpenak hainbat mendi lehiaketetan nabarmenduak izan ziren.

Euskal alpinismoaren aintzindari

Iberiar penintsulako mendiak

Teide menditik etorri bezain laster eta 25 urte zituela, bere erronka handienetako bati aurre egin zion: Pico de Urriello edo Naranjo de Bulnes mendia igotzea. Hau bakarka burutu zen bigarren igoera izan zen, aldiz, sokarik gabe egin zen lehenbizikoa. Gerora igoera honetaz laga digun kontakizuna harrigarria da. Bere buruari inolako garrantzirik eman gabe, honako hau aipatu zuen:

« Nik ez nuen Naranjo mendia igotzeko asmorik... ezusteko igoera bat izan zen.  »

Honela eta nahi gabe, euskal mendizaletasunaren aitzindaria bilakatu zen.

Alpeak

1929ko Espinosaren Alpeetako kanpaina English Alpine Club elkarte sonatuak bere ohorezko kide izenda zezan balio izan zion. Club Alpino Español eta Club Alpino Peñalara elkarteek ere ohore hori bera eman zioten. Mendizaletasunaren Olinpo horretan sartzeko biziraupen froga larri bat iragan behar izan zuen. Lehendik glaziar bat behin ere zapaldu gabea izanik Mont Blanc (4807 metro) mendiko gailurrera abarkak jantzirik ailegatu eta betiereko elurren artean hiru gau igaro zituen. Sei egun beranduago, Matterhorn edo Cervino mendia eskalatu zuen. Azken mendi hau jada bakarka igota zegoen, baina aurretik norbaitek Espinosak burutu berri zuen eskaladaren antzera sokarik gabe eskalatuta ote zuenaren inguruko ziurtasunik ez dago.

Bidaiari: bost urte loriatsu

1930ean Espinosak garrantzi handiko erabaki hartu zuen: bere aitarengandik jasotako oihal negozioaren zatia saldu, lana utzi eta bidaiatzeari ekingo dio. Bere jaioterria den Zornotza udalerrian "eroa" deitzen zuten ahotsak entzungo ziren. Andresek sufritu egin zuen, ez ulertua sentitu zen, baina inork ez zuen bere proiektua geldiaraztea lortuko. Bere leloa goratuz aurrera jarraitu zuen:

« Bakartia, eroa, librea, munduan zehar aurrera, oso handia baita.  »

Afrika eta Lur Santua

Orduan Egiptora bidaiatu zuen, Alexandria eta Kairo hiriak bisitatuz. Ondoren Sinaiko penintsulan barneratu eta basamortuan galdu zen. Beduino baten laguntzaz Sinai Mendiko Santa Katalina monasteriora ailegatu zen. Handik Sinai mendi sakratura eta Arabia mendirik garaiena den Jebel Khaterin-era igo zen. Andrések honela laburbildu zuen basamortuko bere bizipena:

« Bederatzi egun eta erdi ia oinez gelditu gabe. Lau egun mendi artean galdurik.  »

Berriz ere kostalderantz 120 kilometro oinez egin ondoren Suez hirian itsasoratu eta Mombasan lehorreratu zen. Han oihana zeharkatu eta bertakoekin une hunkigarriak bizi izan zituen, orduan "afrikar erraldoiaren" igoerari ekingo dio: Kilimanjaro mendia (5.895 m). 5.000 metroko garaieran hiru gau igaro ondoren, jada gaixo sentitzen hasi eta eguraldiaren baldintza kaskarrak jasan eta gero, Kilimanjaro mendiko gailurrera ailegatu zen.

Europarako itzuleran Port Said hiriko portuan lurrartu eta Lur Santuan dagoen Jerusalen hiria erromes xume baten gisan bisitatu zuen. Garai honetan berez gizon apal eta isila zen Espinosak Euskal Herrian kirolari batek sekula amestuko ez lukeen ospea bereganatu zuen.

Asia eta Himalaia

1931an, Espainiako Bigarren Errepublika hastearekin bat, Espinosak bere erronka ausartenari ekingo dio: Himalaiaren abentura. Tirreniar itsasoa, Itsaso Jonikoa, Itsaso Gorria eta Indiako ozeanoa zeharkatu eta 22 egunez nabigatu ostean Madras hirian lehorreratu zen. Kalkutatik iragan eta trenez Indiaren iparraldean dagoen Darjeeling hirira iritsi zen. Han alemaniar espedizio baten kide bilakatu nahi du, baina zoritxarrez asmo horretarako berandu ailegatu zen. Bertako ingeles agintariek hango 6.000 edo 7.000 metrotako mendiren bat igotzeko baimena ukatu zioten. Nahiz eta Kangchenjunga mendiaren profila ikusteko aukera behin bakarrik eduki izan, ez zen kikildu; handik 2 edo 3 urtera berriz itzuliko zen talde bat osatzeko asmoa izan zuen. Amets hori ez zen egi bihurtuko.

Maroko eta Atlas mendiak

1932an Espinosak iberiar penintsula trenez gurutzatu eta bere azken abentura izango zela jakin gabe, Marokoruntz zuzendu zen. Gutxien ezagutzen den bidai honetan irudiz beteriko eguneroko bat idatzi zuen, bertan ezagutu zituen jende eta hiriek berarengan utzitako hunkipenen inguruko oharrak idatzi zituen.Ibilbidean zehar Zeuta, Tetuan, Tanger, Larache, Meknes, Fez, Rabat, Casablanca, Marrakex… hiriak ezagutuko ditu. Marrakechetik berberen lurraldean barneratuko da, bere azken helburua Atlas mendiak izango direlarik. Emozioz beteriko igoera lazgarri baten ondoren, Toubkal (4.165 m) mendiaren gailurrera iritsi zen.

Bere hurrengo helmuga Andeak izango beharko lukete, baina patuak nahiz Espainiako Gerra Zibilak bere planak bertan behera zapuztu zituzten.

Gizon ikasia

Euskal agintari eta mendizale talde bat Aizkorriko Peru Saroiko aterpearen inaugurazioa, horien artean Andrés Espinosa dago. Egilea: Indalecio Ojanguren. Data: 1949. urtea.

Espinosa frantsesez ere mintzatzen zen, horretaz gain bere igoerak literatur elementuekin azaldu, paisaiak marraztu, hitzaldiak eman, egunkarietan garaiko berriei buruz solastu, arte kritikak idatzi eta eztabaida intelektualetan parte hartzeko ere gai zen. Miguel Unamuno eta Pio Barojarekin harremanetan egon zen, gainera 1950eko hamarkada ilunean Antonio Machadoren olerkiak ere erreproduzitzera ausartu zen...

Hortaz abenturazale bikainenek duten pertsona ilustratuen ezaugarri hori ere izan zuen. Haiengandik desberdintzen zuen oinarrizko ezberdintasuna aberatsa ez zela zen; bere planak baldintza kaskarretan bidaiatzera baldintzatuak zeuden.

Hainbat alditan Espinosak bere bizipenei buruzko liburu baten argitalpenaren berri eman zuen. Morokotik itzultzean idazle gisa jardutea amestu zuen. Proiektu hauetako bat bera ere ez zen gauzatu. Bere idazlanen oinarrizko zati bat diren eta azken bidaiari buruzko aipamen eta idatziak dituzten koaderno eta eskuizkribuak oraindik gaur egun argitaratu gabe jarraitzen dute.

Adiskidetasunaren balioa

Gaur egungo ikuspegitik ikusita eta Espinosa abertzalea zela jakinik, Estatuaren ikuspegi jakobinoa nahiz Espainiako Gerra Zibilean frankisten aldea hautatu zuten espainiar mendizaleekin izan zituen harreman bikainak harrigarriak dira.

Honen adibide nabaria 1941ean Espainiar Mendi Federazioa sortzean eskualdeko ordezkaria izendatu zuten Ángel Sopeñarena (1894 – 1982) izan zuen adiskidetasuna izan zen. Sopeñak euskal mendizaletasunaren barnean komisario politikoaren lanak burutu zituen. Gertakari honek Espinosaren adiskidetasun zentzuak mugarik ez zuela ederki asko adierazten digu.

Sarritan Madrilera joan ohi zen, han lagun onak baitzituen, Club Peñalara eta Club Alpino Español elkarteetan enkarguzko hitzaldiak emanaz. Bere balentriek Madrilgo kazetaritzan oihartzun handia izan zuten, hainbat astekarik, horien artean "Estampa" izenekoak, erreportaia zabalak eskaini zizkioten.

Euskal Herritik kanpo Andrés Espinosaren izena eta pertsona gehien goraipatu zituen kazetaria eta idazlea Arnaldo de España izan zen, Club Peñalara elkarteko idazkaria, hau Espinosaren kontakizunak liburu batean bildu zitezen eskatu zuen lehenbiziko pertsona izan zelarik.

Azken aldia

Bost urtez Andrés Espinosa nazioarteko alpinismoa eta mendizaletasunaren elitearen barnean egon zen. Gero Andeetara joan eta Himalaiara itzultzeko zain zegoelarik, anonimatuan murgildu zen. Bat-bateko ibilbide aldaketa horretan hiru gertakari hauek garrantzi handia izan zuten:

  • Ekonomia ondasun eta aisialdirako denbora eskasia. Funtzionario izan gura zuen, baina ez zuen lortu.
  • 1936ko estatu-kolpeak Espainiako Gerra Zibilari hasiera eman zion. Espinosak Eusko Gudarosteko batailoi batean sartu zen. Preso egin eta Bilbon espetxe zigor denboraldi labur bat bete zuen. Muturreko bizipen honek jada bizi osorako markatu zuen.
  • 1941an Pilar Amezuarekin ezkondu zen. Nahiz eta mendira joatetik behin ere ez utzi, bere erabakiz hiritar anonimo bilakatu eta edozein omenaldi nahiz jendearen esker onari uko egin zien.

1985eko maiatzaren 16an, Bilbon 81 urterekin Andrés Espinosa Etxebarriak mendiei begiratzeari utzi zien. Gaur egun bere gorpuak Zornotzako hilerrian atseden du, Alkorta sendiaren panteoian. Bere hilerriak ez du inolako inskripziorik. Berau bisitatzean bere esaldi hau oroitu dezakegu:

« ... nik mendietan ez ditut inoiz gizakien harropuzkeriak, dominak, ezta loriak bilatu nahi izan.  »

Andrés Espinosaren garrantzia

Andrés Espinosa ibilbidea honako arauek zuzendu zuten: garaiago, urrutirago eta zailago. Bere jardun eta ekintzek hiru irizpide hauei erantzuten zieten.

Erabat mendizalea den ikuspuntu batetik ikusita, Espinosaren ekintzen eszenatoki nagusia Alpeak izan ziren. Bere Mont Blanc mendirako igoerak berebiziko garrantzia izan zuen, gutxienez bi arrazoiengatik:

  • Alde batetik, ordurarte soilik egun batean Chamonixetik hasi eta 3.800 metroko tartea igotzea inor ez zen ausartu izan.
  • Bestaldetik, igoera hau bakarka egitea balentria izaugarria izateaz gain, mendi gidarien monopolioa hautsi zuen, garai hartan hauek ezinbestekoak baitziren, eta mendiak igo nahi zituzten bezeroei euren baldintzak inposatzen baizieten.

Espinosak aberatsa izan gabe abentura liluragarriak bizi zitezkela frogatu zuen. Hortaz, alpinismoaren ezagutaraztea eta demokratizazioa adierazi zuen. Mendizaletasuna bere nortasun klasistatik at askatu zuen Prometeo jokatu zuen, kirol hau gizaki guztion eskura jarriaz. Espinosa bere alde artistiko eta kulturalagatik ere nabarmendu zen. Erlijio sentipen sakonen jabe ere bazen, hauei naturarekiko bere berezko etika baloreak gehitu zizkion.

Kronologia

Andrés Espinosak idatzitako kontakizun nagusienak irakurgai

Andres Espinosari buruzko artikuluak irakurgai

Bibliografia

  • Alejos, Luis. "El montañero y aventurero Andrés Espinosa" ("Andres Espinosa mendizale eta abenturazalea"). Bizkaiko gaiak. BBK Bilbo 2002.
  • Alejos, Luis. "La bella aventura de Andrés Espinosa". Pyrenaica aldizkaria, 212. zbk. Bilbo, 2003.
  • Alejos, Luis. "El montañero de las grandes hazañas". Desnivel aldizkaria, 205. zbk. Madril, 2003.
  • Olasagasti, Ramon. Llaguno, César. Navarro, Felipe H. "Andres Espinosa. Bakarrik eta libre." Sua edizioak & Mendi Film. Bilbo, 2022.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.