André Malraux

André Malraux (Paris, Frantzia, 1901eko azaroaren 3a - Créteil, Frantzia, 1976ko azaroaren 23a) frantses idazle eta politikaria izan zen.

André Malraux

Kultura ministroa

1968ko uztailaren 12a - 1969ko ekainaren 20a
André Malraux - Edmond Michelet
Kultura ministroa

1967ko apirilaren 7a - 1968ko uztailaren 10a
André Malraux - André Malraux
Kultura ministroa

1966ko urtarrilaren 8a - 1967ko apirilaren 1a
André Malraux - André Malraux
Kultura ministroa

1962ko abenduaren 7a - 1966ko urtarrilaren 8a
André Malraux - André Malraux
Kultura ministroa

1962ko apirilaren 15a - 1962ko azaroaren 28a
André Malraux - André Malraux
Kultura ministroa

1959ko uztailaren 22a - 1962ko apirilaren 14a
André Malraux - André Malraux
Estatu-ministroa

1959ko urtarrilaren 8a - 1969ko ekainaren 20a
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGeorges André Malraux
JaiotzaParisko 18. barrutia eta Paris, 1901eko azaroaren 3a
Herrialdea Frantzia
BizilekuaParis
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaCréteil, 1976ko azaroaren 23a (75 urte)
Hobiratze lekuaParisko Panteoia
Heriotza moduaberezko heriotza: minbizia
Familia
Ezkontidea(k)Clara Malraux (en) Itzuli
Madeleine Malraux (en) Itzuli  (1948 -  1966)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaInstitut national des langues et civilisations orientales
Lycée Turgot (en) Itzuli
Lycée Condorcet (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, film-zuzendaria, gidoilaria, film-muntatzailea, arte-historialaria, eleberrigilea, idazlea, kazetaria, arte-kritikaria, prosalaria, antzerkigilea eta arkeologoa
Enplegatzailea(k)L'Express
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakMaurice Barrès, André Gide eta Friedrich Nietzsche
KidetzaBavariako Arte Ederren Akademka
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
National Academy of Fine Arts (Argentina) (en) Itzuli
Serbian Academy of Sciences and Arts (en) Itzuli
comité de lecture des éditions Gallimard (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Frantziako Herriaren Batasuna

IMDB: nm0540716 Allocine: 3645 Allmovie: p44922
iTunes: 274789581 Musicbrainz: 79d56718-65f9-47bd-8c58-c24c43b92e32 Find a Grave: 1408 Edit the value on Wikidata

Abenturazale eta bidaiari handia

Malraux familia aberats batean jaio zen, baina haren haurtzaroari eta heziketari buruzko datu askorik ez dago. Egileak gordean izan zituen familiaren gorabeherak eta bere sentimenduak. Dena dela, Antimémoires obran dioenez, ez zuen haurtzaro zoriontsua izan.

Gaztetan literaturarako zaletasun handia izan zuen (Baudelaire, Michelet, Victor Hugo), eta oso gaztetatik erakarri zuen arte-lanen misterioaren lilurak; 1922an, pinturari buruzko idazlan bat eman zuen argitara.

Gauza jakina da, orobat, Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituela Ekialdeko Hizkuntzen Eskolan, eta oso gazterik hasi zela bidaiatzen.

1921ean Clara Goldschmidtekin ezkondu zen, eta Europa guztian zehar bidaiatu zuten, Italian, Pragan eta Alemanian barrena, batez ere. Malrauxek bere bidaia eta abenturetatik hartu zuen literatura-lanetarako gaia, oro har, eta horrenbestez, berebiziko garrantzia izan zuten bidaia haiek bere bizitzan eta karreran.

Ekialde Urrunerako bidaiak: Indotxina eta Txinan barrena

1923an Kanbodiara abiatu ziren senar-emazteak eta haien adiskide bat. Han, espedizio arkeologiko bat osatu zuten khemerren errege-bidean zehar, oihanean barrena. Banteay Srei tenplu khemerretik eskulturak eta behe-erliebeak hartu zituztela eta, Kanbodiako hiriburura itzuli zirenean, lapurreta egiteagatik atxilo hartu zituzten; Saigoneko epaitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion, eta urte hartan bertan, espetxeratu aurretik, alde egin zuen. Bidaia hark berebiziko eragina izan zuen harengan, bidaia hartan hasi baitzen, hain zuzen ere, Ekialde Urruneko arazo politikoak eta nazionalak hurbiletik ezagutzen. Arkeologo gazte gisa, Kanbodian bizi izandako gorabeheretan oinarriturik, gerora La voie royale (1930, "Errege-bidea") obra idatzi zuen gerora, bere lan nagusietakoa izan zena.

Indotxinarako bidaia hartako gertaerak zirela-eta, Frantziako agintari kolonialisten kontrako jarrera hartu zuen Malrauxek, eta hara itzuli zen berriro 1925ean, borroka antikolonialista aurrera eramateko asmoz.

Kanbodiako egonaldi hartan ospe handia lortu zuen bere panfletoekin, eta administrazio kolonialaren bidegabekerien kontrako aldizkari bat sortu zuen, L'Indochine deitua hasieran, eta L'Indochine enchaînée ondoren. Esperientzia nekagarria izan zen, ordea, eta urte hartan bertan alde egin zuen Saigondik.

Garaitsu hartakoa du La tentation de l'Occident (1926, "Mendebaldearen tentazioa") saiakera. Europan zehar bidaia egiten ari den gazte txinatar baten eta Ekialde Urruna ezagutzen ari den gazte frantses baten arteko gutun-truke moduan idatzitako saiakera bat da, eta egileak gerora idatzi zituen obretan agertzen diren zenbait ezaugarri biltzen ditu: Asiaren garrantzia azpimarratzea —Asiako zibilizazio askotarikoek, etnografiak, liluratuta zeukaten Malraux—, elkarrizketaren erabilera, trinkotasuna...

Txinan zehar ibili zen Malraux ondoren, eta garrantzi handiko jarduera politikoa izan zuen hango iraultzan. Adituen ustez, Txinako Iraultzako hainbat gertaeratan parte hartu zuen. Txinako Iraultzari buruzkoa da, hain zuzen ere, haren liburu ezagunenetako bat, La condition humaine (1933, "Giza izatea").

Espainiako egonaldia

1936an Espainiara joan zen, Jose Bergaminek gonbidatuta. Malraux Espainiara iritsi eta handik bi hilabetera, Espainiako Gerra Zibila hasi zen, eta Malrauxek gudaroste errepublikanoarekin bat egin zuen; aireko gudarosteko koronel izatera iritsi zen, eta beste lan garrantzitsu batzuez gainera, Estatu Batuetara bidaiatu zuen, Espainiarako medikuntzazko laguntza eskuratzearren. Ameriketatik itzuli zenean, 1937an, L'Espoir ("Itxaropena") obra eman zuen argitara, gerra haren lehenengo bederatzi hilabeteetako gertaeretan oinarri harturik, eta izen bereko filma ekoitzi eta zuzendu zuen Bartzelonan, 1938an. 1939an estreinatu zen, baina urte askoan debekatuta egon zen ondoren.

De Gaulle jeneralarekiko harremana eta azken urteak

Bigarren Mundu Gerraren garaian, frantses gudarostearekin borrokatu zen Malraux, baina 1940an atxilo hartu zuten alemaniarrek. 1944ko martxotik hara, Frantziako erresistentzian parte hartu zuen. 1944an berriro harrapatu zuten naziek, baina Frantziako gudarosteak askatu zuen.

Ondoren, Frantziako Brigada Askea antolatu zuen, eta Alsaziako frontean borrokatu zen, De Gaullerekin batera. De Gaulleren aldeko sutsua izan zen Malraux, eta jenerala presidente hautatu zutenez gero, harentzat lanean jardun zuen; 1945ean ministro izendatu zuten, eta garai bateko ezkerreko joeretatik aldenduz, eta iraultzarako grina eta marxismoarekiko atxikimendua alde batera utzita, mendebaldeko kulturari lotu zitzaion berriro. 1958an De Gaulle bigarrenez lehendakari izendatu zutenean, Malrauxek kultura gaietarako ministerioa sortu zuen, eta haren arduradun izan zen hamar urtez. Zenbaiten ustez, Frantzian sekula izan den Kulturako ministro azkar eta originalena izan zen.

1971n Bangladeshen aldeko askapen mugimenduarekin bat egin zuen, eta hango herriaren alde borrokatu behar zuela erabaki zuen. Indiaren laguntzari esker, ordea, bangladeshtarrek Pakistandik burujabetasuna lortu zuten, eta Malrauxek antolaturiko taldea ez zen sekula borrokatu.

Literatura-lanak

Orain arte azaldu denaren arabera, gorabehera eta dramatismo handiko bizitza izan zuen, eta bere belaunaldiko beste idazle batzuek ez bezala, Lehen Mundu Gerran zuzenean parte hartu ez bazuen ere, arrisku eta abenturaz beteriko bizitza bizi izan zuen. Idealismo politikoaren eta borroka iraultzailearen arteko bikoiztasun tragikoa agertzen duten eleberri bikain eta indar handikoak idatzi zituen, batez ere.

Haren lehen lan garrantzitsua Les conquérants (1928, "Konkistatzaileak") izan zen: britainiar inperialismoaren kontrako iraultzaren berri ematen du, eta iraultzari buruzkoa da, orobat, haren maisulan La condition humaine (1933, "Giza izatea"). Eleberria Shangain kokatuta dago, 1927an, Txinako Gerra Zibilaren garaian. Matxinatu komunista batzuk (Txen, Kyo, Katow errusiarra) protagonistak dira. Komunistek beren mendean hartzen dute hiria, Kuomitangaren gudarostea bertan sartu aurretik. Chiang Kai-shek jeneralak txinatar eta frantses kapitalistekin hitzarmena lortzea erabakitzen du, erabateko nagusitasuna eskuratzearren. Komunistek, ordea, ez dute halakorik onartzen. Internazionalak, berriz, esku ez hartzea erabakitzen du, eta Txiang Kai-xekek, azkenik, lehen bere kide izandakoen matxinada zapaltzen du. Txenek bere buruaz beste egiten du, jeneralaren kontrako atentatua egin ondoren; Kyo hiltzera kondenatzen dute, eta bere buruaz beste egiten du, zianuroa edanez, eta Katowek, berriz, bere zianuroa beste bi kondenaturi eman, eta bera bizirik erretzea onartzen du. Gaur egungo politikari idealisten kontraesanak, okerrak eta kezkak garbien agertzen dituen eleberrietako bat da.

Bai obra horretan eta bai Hong-Kongen txinatar iraultzaileek britainiarren kontra egindako borroka kontagai duen Les conquérants eleberrian, giza askatasuna norbanakoaren jardueraren bidez soilik adieraz daitekeela dioen ideia dago oinarrian.

Baina Ekialdeko herrialdeei buruzko kezkaz gainera, Europako gertaeretarako arreta ere izan zuen Malrauxek, eta Europan faxismoa hartzen ari zen indarra salatu nahi izan zuen, adibidez, 1935ean argitara emandako Le temps du mépris (Mespretxurako sasoia) eleberrian, nazismoaren ankerkerien kontrako adierazpen bikain bat osatuz.

Bigarren Mundu Gerran zehar, eleberri-ziklo bat idazten hasi zen, La lutte avec l'ange (Aingeruaren kontrako borroka) izenburupean, eta gizakiak heriotzaren eta bidegabekeriaren kontra aurrera daraman borrokaren inguruko gogoeta gai harturik; baina ziklo hartako parte bat bakarrik gorde zen: Les noyers de l'Altenburg (1943, "Altenburgeko intxaurrondoak").

Bigarren Mundu Gerra ondorengo urteetan, eleberriak idazteari utzi zion, eta estetikari eta artearen filosofiari buruzko lanak eman zituen argitara, batez ere. Arteari eta zibilizazioari buruzko saiakeretan aipagarriak ditu, besteak beste, Les voix du silence (1951, "Isiltasunaren ahotsak") eta La métamorphose des dieux (1958, "Jainkoen itxuraldaketa"). Les voix du silence obran artearen historia bat egin zuen. Bikain dokumentaturiko obra da, herrialde eta garai guztietan arteak izan duen bilakaerari buruzko lan handia. Baina, aldi berean, bere gogoeta filosofikoak ere biltzen ditu obra horrek, eta artea gizakiaren sormenaren adierazpen gorena dela erakusten du, gizakiaren izate absurdo eta ezdeusa goratzen duen jarduera gisa agertzen du artea.

Azkenik, Malrauxen obran azpimarratzekoa da Antimémoires (1967). Obra horretan, munduari buruz zuen ikuspegia agertzen duten gogoeta sakonak idatzi zituen; bere obra guztian obsesio bihurtzen den heriotzaren gaiari buruzko iritzia azaldu zuen, eta absolutuaren bilaketa eta heriotzaren obsesioa elkarri uztarturik daudela erakutsi nahi izan zuen.

Malrauxen azken lan aipagarria La corde et les souris (1976, "Soka eta saguak") izan zen, eta aurrekoan bezala, historiarako eta arte plastikoetarako zaletasunak ezaugarrituriko bizitza baten oroitzapenak bildu zituen obra horretan ere.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: André Malraux Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.