Ander Arzelus
Ander Arzelus Toledo (Donostia, Gipuzkoa, 1898ko abuztuaren 15a - Baiona, Lapurdi, 1949ko abuztuaren 27a), ezaguna baita Luzear izenordearekin (Arzeluz silabaka alderantziz jarrita), euskal hizlari, idazle eta kazetaria izan zen. Euskal mugimenduaren bultzatzaile gisa nabarmendu zen. Gerra Zibila piztu zenean, El Día egunkariko euskal orriaren arduraduna zen, eta Argia aldizkariko zuzendaria.[1]
Ander Arzelus | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1898ko abuztuaren 15a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Baiona eta Baiona, 1949ko abuztuaren 27a (51 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Izengoitia(k) | Luzear |
Gaztaroa
1898ko abuztuaren 15ean jaio zen Ander, Donostiako Parte Zaharrean, San Jeronimo kaleko 21ean. Hamabi anai-arrebaren artean zaharrena, Donostiako marianistetan egin zituen ikasketak. Hamasei urte zituela lanean hasi behar izan zuen, Donostiako Aurrezki Kutxan, eta hantxe aritu zen beharrean, harik eta 1936an gerra piztu zen arte. 1923an, Amalia Arrietarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituen. Amale, Itziar, Ander eta Iñaki.
Kazetaria
1920an Donostiako Euzko Gaztedik eta GBBk kaleratutako Gipuzkoarra aldizkariak Luzearren lehen idazkiak argitaratu zituzten.
1920an ere Anderrek –22 urteko adina zuenean– emakumeak politikan ere parte hartu behar zuela defenditu zuen sutsuki.
1921 Argia astekariaren fundatzaileetako bat izan zen Ambrosio Zatarain, Ricardo Leizaola, Gregorio Mujika, Bitor Garitaonandia, Ramon Inzagaray eta Jesus Carrerarekin batera. Hantxe hasi zen erabiltzen Luzear izenordea. Urteetan, berriemaileen saila kudeatu zuen Argian, “Euskalerriko berriak”.
1926tik aurrera, borroka pertsonal batean jardun zuen: Txistu proiektua, haurrentzako aldizkari bat komikiz eta ipuinez betea, Argiarekin batera banatu izan zena, ez eragozpenik gabe. Diktadura garaian debekatua izan zen baina errepublikarekin berriro argitaratu ahal izan zuten.
1929an Argia astekariko zuzendari izendatu zuten, Bitor Garitaonandia hildakoan.
1931an Gregorio Mujika hil zela eta, honela eman zuen bere irakasleen berri: "Beste eriotz negargarri batek, Karrera apaiz jaun argiarenak, onen utsa betetzera eraman nindun [Argiara]. ‘Anabi’-ri [Augustin Anabitarteri] eskerrak, nere burua euskal elerti bidean arkitu nuanean, nere aldamenean neramazkien bidelagunai begiraturik, neronen ausardiak txunditu ninduan: ‘Garbi’ (Garitaonandiatar Bitor), ‘Elurmendi’ (Intzagarai apaiz jauna), ‘Jeme’ (Mujikatar Gregorio), ‘Anabi’ bera, ‘Egizale’. Baña beingoz ez nuan atzera egin, eta ‘Kirikiño’ elerti azikeran aurzai bezela izan banuan, oek izan ziran aurrera bideak urratu zizkidaten lagun ikasiagoak. Argian, ditadurako urteak zalantza bizian, ekaitzik gogorrenean ‘oraingo onek zapalduko gatxiok’ esanaz olatu amorratuai begira itxaso erdian larritasunik gorrienak elkarrekin ikusi dituzten arrantzale gizajoak bezela bizitu geranok ezin iñola ere elkar aztu, naiz ta gero, nola ez dakigula, oraindik ere garbi ikusten ez degun eran, elkarrengandik, bat-batean, sakabanatuta arkitu".
1930ean El Día egunkariko “Euskal Orria”ren arduradun izendatu zuten. Lan horretan jardun zuen, gerra piztu arte. Lizardirekin batera, Ander Arzelusek ere euskarazko egunkari batekin egiten zuen amets. Garai hartan, makina bat eztabaida izan zuten gai horren inguruan. Argiako idazle-agenda ia osorik hustu zuen El Día egunkarian, eta emakumeak jarri zituen idazten, hala nola Elbira Zipitria eta Tene Mujika.
1932an, Joseba Zubimendirekin batera, euskara hutsezko irratsaio bat hasi zuen Unión Radio irratian, Donostian.
Politikaria
Etxetik jaso zuen politikarako zaletasuna, Ander Arzelusen aita, Andres, Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetakoa izan baitzen Donostian.
1930ean Eusko Alderdi Jeltzalean eman zuen izena. Hain zuzen ere, diktadura osoan barrena bananduta egon ziren alderdiko bi sektoreak, "Comunión" eta "Aberri", atzera bildu ziren urtean.
1935ean Gipuzko Buru Batzarreko kide izendatu zuten, Zumarragan.
1936an Gerra piztuta, Gipuzkoan ibili zen antolaketa lanetan. Irailean, Donostia erortzear, Jose Antonio Agirre, Frantzisko Basterretxea eta Juan Ajuriagerrarekin batera, hegazkina hartu eta Madrila egin zuen bidaia, ez arriskurik gabe, Burgostik pasa behar izan zuten eta. frankista matxinatuen gainetik. Madrilen, Largo Caballeroren gobernuarekin negoziatu zuten Euskal Estatutua. Probintzia osoa faxisten esku jausi ondoren, Bizkaira pasatu zen, eta han ere antolakuntza politikoan aritu zen. Urriaren 7an Gernikan zen, Eusko Jaurlaritza eratu zenean.
1937ko urtarrilean Eguna izeneko euskal egunkaria sortu zen, euskara hutsean. Nahiz eta egunkari berriaren sorkuntzan parte zuzena izan zuen, gutxi idatzi zuen han. Hasieran argitaratukoak bakea eskatzen zuena: "Ez gorrotorik" zuen izenburu. Egunan lan egiteaz gain, Ander Arzelusek Euskal Gobernuaren buletina euskarara itzultzen zuen, eta 1937an frankistak Bilbon sartu arte Bizkaiko hiriburuan euskararen alde egin ziren ekitaldi askotan parte hartu zuen.
Bilbo frankisten menpe erortzean, Santander aldera ihes joan ziren gudariekin batera eta Santoña erori zenean, Luzear preso hartu eta Duesoko espetxera eraman zuten. Epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten.
1938an Burgosko espetxera eraman zituzten aurrez, 6 bat hilabete Bilboko Larrinagako espetxetik igaro ondoren. Burgosen, lau urte eta erdi egin zituen. Horietatik bat, heriotza-zigorra gainean zuela.
1937-1943 urteen artean espetxetan egon zen, baina bertan ere ez zuen amore eman. Alderdiarekiko lanetan jarraitu zuen, baita idazlanak egiten ere, eta euskara irakasteko metodoak eta klaseak ematen jarraitu zuen garai guztian. Beren artean egiten eta zabaltzen zuten "Espetxetan" aldizkaria, hasieran eskuizkribatuak eta aurrerago baita kartzelako inprimagailua klandestinoki erabiliz ere.
1940an kasua errebisatu, eta 14 urteko kondena ezarri zioten.
1943ko urtarrilean, indultua jasota, kartzela utzi eta Donostiara bueltatu zen, Koldo Mitxelenarekin batera.
1943-44 urteetan Madrilen bizi izan behar izan zuen, espetxetik irten eta hilabete batzuetara, deserriratze agindua jaso zuenean. Bertan bere lagun eta alderdikide Joseba Leizaolarekin izateko aukera ere izan zuen.
1944an, Joseba Leizaola Madrilen atxilotu zutenean Irunera zeramatela jakinda, bera askatzeko plana egin eta Donostian trenetik ihes egiten lagundu zion eta polizien eskuetatik ihes eginda Iparraldera pasatzea lortu zuten.
1944-1945 Donostian ez zen geldirik egon eta GBBeko kide gisa lanean jarraitu zuen, bestalde «bere» parrokia zen Santa Mariako elizan inguruetako gazteak bildu eta abertzaletasunaz mintzatzen omen zitzaien.
1946an Donibane Lohitzunera pasatu zen, Francoren polizia atzean zuen-eta, lan klandestinoak egiten ibili zelako. Joseba Rezolarekin batera, Donibane Lohitzunen bertan sortu zuen Euskadi Irratia, isilpean emititzen hasi zena. Luzear irratiko zuzendaria izan zen, eta euskarazko egitarauaren arduraduna. Bere kronikak "Gorrititar Imanol" izenordearekin izenpetzen zituen.
1946-1949 urte haietan, EBBko lehendakariorde izan zen Iparraldean. Alderdiko txosten eta gutunetan "Anselmo" izena erabiltzen da hartaz hitz egitean (EBBko lehendakaria, Doroteo Ziaurriz, "Dionisio" zen): Ander, Andrés, Luzear, Imanol, Anselmo.
1949ko abuztuaren 27an hil zen, berrogeita hamaika urte bete berri.
Lanak
Narrazioa
- Askatasun ipuinak (1998, Sabino Arana Kultur Elkargoa)
Dibulgazioa
- Euskal Edestia (1935, Zarautz)
Itzulpenak
- Eguarri Abestia (1931, El Día)
Kazetaritza
Hiru eratako lanak egin zituen El Día egunkariko Euskal Orrian:
- Iritzi artikuluak. Euskarari buruzkoak gehienak.
- Erreportaje tankerako idazlanak.
- Antzerki-lantxo laburrak, ipuintxoak eta abar, berak asmatutakoak edo beste hizkuntza batzuetatik itzulitakoak.
Erreferentziak
- ARZELUS DOMINGUEZ, Xabier. (2003). Bidegileak: Ander Arzelus Luzear (1898-1949). Euskomedia.org Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 84-457-2031-7..
- «Arzelus Arrieta, Itziar - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
- Arzelus Toledo, Ander. (1931). «Gibelaundi (testu osoa, EPUB, PDF, liburu elektronikoa)» armiarma.eus (El Día) (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
- Arzelus Toledo, Ander. (1934). «Neskamearen marmarrak (testu osoa)» antzerti.armiarma.eus (Antzerti) 31 (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
Kanpo estekak
- Ander Arzelus literaturaren zubitegian
- Xabier ARZELUS DOMINGUEZ: Bidegileak: Ander Arzelus Luzear (1898-1949) Euskomedia.org Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz, 2003.
- Zinkunegi Arzelus, Jonan. Arzelus Toledo´tar Ander "Luzear" (1898-1949). Bilbon, 2022-07-28