Ander Arzak

Ander Arzak Arabolaza (Irun, Gipuzkoa, 1982) euskal kazetaria da. Txingudi Telebistan hasi zuen bere ibilbidea, eta ondoren Antena 3en aritu zen. 2004an Euskal Telebistako albiste-zerbitzuetan sartu zen. 2006tik 2009ra Parisko berriemailea izan zen ETB 1 eta ETB 2ko albistegientzat. 2009 eta 2015 bitartean Gaur egun albistegia aurkeztu zuen. 2015etik aurrera Radio Euskadiko langilea da. Ganbara saioan erredaktore aritu ondoren Crónica del fin de semana aurkeztu zuen 2016tik 2020ra. 2020tik aurrera Boulevard goizeko albistegi erreferentea gidatu zuen, 2021eko martxora arte. 2021eko apiriletik aurrera Euskadi Irratiko albistegi burua da, EITBko administrazio kontseiluaren erabakiz.[1]

Ander Arzak
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAnder Arzak Arabolaza
JaiotzaIrun, 1982 (41/42 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea : kazetaritza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, telebista aurkezlea eta irrati-esataria
Lantokia(k)Bilbo
Enplegatzailea(k)EITB
Lan nabarmenak

Ibilbidea

Irungo Pio Baroja ikastetxean burutu zituen lehen ikasketak.[2] Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean.[3] 16 urterekin jarri zen lehen aldiz kameren aurrean, Irungo Txingudi Telebistan.[4] Horren ondoren Antena 3 katean egin zuen lan urtebetez, Realaren partiden jarraipena egiten. Ikasketak amaitzen ari zela bekadun hasi zen Euskal Telebistako albistegietan, 2004an.[5] 2005ean erredaktore lanetan hasi zen ETBko albiste-zerbitzuetan. 2006 eta 2009 bitartean Parisko berriemailea izan zen ETBko albistegietan.[6]

2009tik 2015era Gaur egun albistegia aurkeztu zuen ETB 1en. 2009 eta 2011 bitartean asteburuetako albistegia aurkeztu zuen, baina ondoren iluntzeko Gaur egun 2 albistegira igaro zen. Halaber, tarte horretan albistegi bereziak (besteak beste ETAren jardun armatuaren amaierari buruzkoa, 2011n), debateak eta hauteskunde saio bereziak ere aurkeztu zituen. Idatzizko prentsan, Irunero Irungo euskarazko hamabostekarian kolaborazioak idatzi izan ditu.

2015ean Radio Euskadira igaro zen, Ganbara saioko erredaktore gisa.[7] Ondoren, Crónica del fin de semana asteburuko albistegia aurkeztu zuen irratian, 2016tik 2020ra. Lan horren baitan Parlamento en las ondas larunbatetako saioa aurkeztea ere egokitu zitzaion, baita hauteskunde saioak aurkeztea eta Boulevard saioan Dani Alvarezen ordezkoa izatea ere. 2020ko irailetik aurrera Álvarezen lekua hartu zuen Radio Euskadiren Boulevard goizeko erreferentziako albistegiaren gidari gisa.

2021eko otsailean EITBko administrazio kontseiluak organigrama aldaketa iragarri zuen, hainbat izendapenen berri emanaz. Arzak Euskadi Irratiko albistegien buru izendatu zuten.[8] Martxoaren 26an aurkeztu zuen Boulevard irratsaioa azken aldiz, eta apirilaren 12an hasi zen postu berrian.[9]

Bizitza pertsonala

Kiko Arzak eta Mari Jose Arabolazaren semea da.[10] Ezkonduta dago eta bi semeren aita da.

Lanak

Telebista saioak

Urtea Izenburua Katea Oharrak
Al agua patos Txingudi Telebista Aurkezlea
2006-2009 Gaur egun
Teleberri
ETB 1
ETB 2
Parisko korrespontsala
2009-2015 Gaur egun ETB 1 Aurkezlea
2011 Euskal Kantuen Gaua 2011 ETB 1 "Ez goaz lanera" (albistegietako lantaldea)
2020 Gure kasa ETB 1 Gonbidatua (atal 1)
2020 Gabonǃ Kantatzera gatozǃ ETB 1 "Zergatik ez" (Euskadi Irratia eta Radio Euskadi)

Irratsaioak

Urtea Izenburua Emisora Oharrak
2012 Oilategia Euskadi Irratia Gonbidatua (atal 1)
2015-2016 Ganbara Radio Euskadi Erredaktorea
2016-2020 Crónica del fin de semana Radio Euskadi Aurkezlea
2020-2021 Boulevard Radio Euskadi Aurkezlea eta zuzendaria

Erreferentziak

  1. «Transformazioa eta zeharkakotasuna, EITBko Zuzendaritzako izendapenen bereizgarri» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
  2. (Gaztelaniaz) «El 'Insti' celebró sus bodas de oro» El Diario Vasco 2015-12-12 (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  3. all_powerful_Oz. «Ander Arzak: "Tarteka, herrimin gastronomikoa izaten dut"» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  4. Ander Arzak, kazetaria: “Kazetaritza gaizki dago: gerra-kronika batengatik 80 dolar ordaintzen direla, lekuko” – Irunero. (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Cantera de presentadores» El Diario Vasco 2010-01-25 (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  6. Urkizu, Urtzi. «ETBko aurpegi ezagun batzuk, orain ahots» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  7. Urkizu, Urtzi. «Garitano, Lapitz, Carod-Rovira eta Maia, Radio Euskadin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  8. Urkizu, Urtzi. «Unai Iparragirre izango da ETBko zuzendari berria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).
  9. «Boulevard Informativo (2020-2021) (26/03/2021) | Boulevard Informativo (2020-2021) 26/03/2021 | Radio a la carta | EITB Radios» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2021-04-11).
  10. (Gaztelaniaz) «Mariano volvió a cantar» El Diario Vasco 2010-07-16 (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.